Greziako errefuxiatuen egoera ezagutu dute, bertatik bertara, Amaia Ocak eta Jaione Berridik
Errefuxiatuei buruzko albiste erauntsia eten izanak ez du esan nahi arazoa amaitu egin denik. Milaka dira Grezian eta Balkanetan, betez ere, harrapatuta dauden errefuxiatuak. Ez atzera eta ez aurrera. Gerratik edo egoera jasanezinetatik ihesi, eta amestutako Europara ailegatzeko modua ezin topatu. Milaka dira, baina ez dira zenbaki hutsak. Izen-abizenak dituzte, eta istorio zirraragarriak ere bai. Horietako batzuk ezagutu dituzte Amaia Oca eta Jaione Berridi irundarrek. Kios irlan egon ziren udazkenean, Donostiako Itxaurrondoko Gastronomia Elkarteak martxan jarritako Zaporeak proiektuko sukaldean lanean. Otsailean berriro egon dira Kiosen, baita Atenasen eta Tesalonikan ere.
Hiru aste besterik ez zituzten pasa lehen egonaldian. Sekulako talka eragin zien, ordea. Irunera bueltan, kosta zitzaien haien bizimodu arruntera egokitzea. Epe laburrean bueltatu dira, gainera, eta hurrengo bidaian pentsatzen ari dira, dagoeneko. “Hogei urte barru, dokumentalak eta pelikulak egingo dituzte, eta historia liburuetan agertuko da egun bizi dugun migrazio masiboa. Gure buruari galdetuko diogu, nola izan zen posible? Nola ez zen egon erantzun irmoago bat?”, iradoki du Jaione Berridik. Errefuxiatuen krisiaren arrazoi nagusia “pasibotasuna” dela salatu du: “Hona, azkenean, produktuak soilik heltzen zaizkigu: argazki bat, bideo bat. Baina benetan gertatzen ari da. Jendea hiltzen ari da, denon utzikeriagatik. Nor da horren arduradun? Gobernuak bakarrik?”.
Berridik eta Ocak ere, komunikabideetan ikusitakoa, eta lagunen batek kontatutakoa besterik ez zuten ezagutzen, Greziako irletako errealitateari buruz. Kiosera iritsita, harrituta gelditu ziren bizitzaren ironia krudelekin. Uharte ederra baita, urtetan turista mordoa erakarri izan duena. Egeo itsasoaren ekialdean dago, Turkiako kostaldetik oso gertu. Horregatik, Ekialde Hurbileko migratzaileen ohiko jomuga bilakatu da azken hilabeteetan, Lesbos uhartea bezala. Irlan, jende askok eta askok bizimodu arrunta daramala azaldu du Jaione Berridik: “Ez baduzu enteratu nahi, ez dakizu errefuxiatu esparru bat dagoenik ere. Burbuila moduko bat da”. Salbuespenak-salbuespen, greziarrak gainditu egin ditu egoerak. Horrek “arriskua” dakarrela uste du Amaia Ocak: “Greziako egoera ekonomikoa ez da batera ona, gainera errefuxiatuen krisia gainera etorri zaie, eta azkenean, horrelako egoera batean, eskuin muturraren diskurtsoak indar handia hartzen du”.
Burbuila bat da errefuxiatuen esparrua. Baina burbuila hauskorra, babesgabea. Neguan euri asko egin du Kiosen, eta esparrua putzu bihurtu da aldiro. Plastikozko dendetan bizi dira errefuxiatuak. Neguan hotz ikaragarria pasatzen dute, eta udaran, sekulako beroa. Iritsi berriak direnek, hondartzan dituzte dendak. “Uretatik oso-oso gertu”, zehaztu du Okak. Kanpamentuak sarrera-irteerak kontrolatzeko segurtasun neurriak dituela ere aipatu du: “Akreditaziorik gabe, ezin duzu sartu”.
Ziurgabetasun egoeran bizi dira
Esparruko errefuxiatuentzako bazkariak prestatzen lan egin zuten Ocak eta Berridik, udazkenean, Zaporeak proiektuarekin. Hasieran, janariaren banaketan, errefuxiatu batzuek aurpegira begiratzen ez zietela gogoratu du Amaia Ocak: “Inori ez zaio gustatzen janaria lortzeko ilara egin behar izatea. Limosna eskatzearen sentsazioa dute. Ikaragarri pobreak dirudite, eta haietako asko ez dira inoiz pobreak izan”. Lanaldia amaituta, errefuxiatuen esparrura hurbiltzen ziren, jendearekin hitz egiteko, haien egoerak ezagutzeko, eta babesa eskaintzeko asmoz.
Errefuxiatuen esparrua gizarte txiki bat dela aipatu du Ocak. Haiek Kiosen egon ziren garaian, 21 herrialde ezberdinetako jendea zegoen, 800 lagun inguruko esparru batean. “Hainbesteko ezberdintasunak daude haien artean, edozein momentutan eztanda egiten duela egoerak. Iskanbilak sortzen dira, lapurretak daude etab.”, azaldu du Jaione Berridik. Esparruan tentsioa nabaria dela baieztatu dute biek. Kontuan hartu behar da errefuxiatuek bizi duten ziurgabetasuna. Elkarrizketetarako datak ematen dizkiete, haien egoerak aztertzeko. Hilabete batzuez elkarrizketa prestatzen egoten dira, eta askotan, azken momentuan atzeratu egiten dizkiete. Elkarrizketak egin ondoren ere, bizpahiru hilabetez egon behar izaten dute erantzunaren zain. “Gu erotu egiten gara lana galdu dugulako, adibidez. Imajinatu dena galdu duzula, eta zure etorkizuna elkarrizketa baten mende dagoela”, nabarmendu du Berridik.
Harreman estuak egin dituzte
Halako egoera batean, errefuxiatuek mafiekin duten harreman naturala ulertzen dutela adierazi dute emakumeek. “Modu legalak funtzionatzen ez baldin badu, mafiak bihurtzen dira haien irtenbide”, argitu du Amaia Ocak: “Atzera egiteko aukerarik ez dute. Aurrera egin behar dute, halabeharrez”. Bigarren bidaian, Kiosen ezagututako zenbait errefuxiaturekin elkartu dira Atenasen. Bide legaletik, edo ez, baina pauso txikiak eman ahal izan dituzten seinale. Denbora laburrean, oso harreman estua egin dute haietako batzuekin. “Sortzen diren konexioak puruak dira. Ez da egoera arrunta, eta harremanak, ondorioz, ohi baino biziagoak dira”, baieztatu du Berridik.
“Gu geu izan gaitezke”, errepikatu dute behin eta berriro. Izan ere, Grezian ezagutu duten jende askok bizimodu arrunta zuen haren herrialdean. Unibertsitatean ikasketak burutzen ari ziren gazteak, edo haiek bukatuta, lanean ari zirenak ezagutu dituzte. “Haien facebook profila ikusten duzu, eta duela bi urte, kafea hartzen zeuden terraza batean, gu bezalaxe”, aipatu du Berridik, ingurura atsekabez begiratuta: “Momentu honetan oso babestuta sentitzen gara, baina gauzak okertu daitezke, eta berdina gerta dakiguke”. Errefuxiatuekin enpatizatzeko eskatu dute, eta bakoitzaren ahalmenaren arabera, ekarpenak egiteko. Ez baitute itxaropen handirik, gobernuen esku hartzean.
Argazkiak: Amaia Oca.