Straiker, arropa marka bat baino zerbait gehiago izan nahi duen arropa marka

Argazkia: Estudio Gover

Bi hilabete bete dira Ivan Gonzalez irundarra eta Andrés Piñeiro donostiarraren Straiker arropa marka ofizialki merkatuan dagoenetik. Marka berria aurkeztu eta promozioko lehen hilabetean Instagram-en 10.000 jarraitzaile baino gehiago lortu eta webguneak 7.000 bisita izan zituen Straikerrek. Ivan Gonzalez ekintzaile gaztea marka inguratzen duten baloreen inguruan mintzatu da.

Nola bururatu zitzaizuen arropa marka berri bat sortzeko ideia?
Lehenik eta behin, esan beharra daukat urte dezente daramatzadala ekintzailetzaren munduan parte hartzen. Horrela, lagun batek deitu zidan elkarrekin zein proiektu hasi genezakeen aztertzeko eta horrelaxe sortu zen Straiker.ç

Egun ehungintzaren sektore lehiakortasun handia duen sektorean bilakatu da. Zerk ezberdintzen du Straiker gainontzeko arropa marketatik?
Nire iritziz, bi dira orokorrean gure marka ezberdintzen dituzten gauzak. Batetik, ez gara arropa marka soil bat, hau da, komunitate bat gara. Gazteek, artistek, abeslari, dantzari eta abarrez osaturik dago gure komunitatea. Izan ere, ez da gauza bera arropa marka baten parte izatea edo komunitate izaera duen marka batean partaide sentitzea. Hortaz, markarekiko sentitzen duzuna eta marka horren bitartez helarazten duzun mezua asko aldatzen da egoeraren arabera. Bestetik, Straiker markarekin zerikusia duten detaile eta xehetasun guztiak asko lantzen ditugu, horrela, gure markaren inguruan bezeroarentzako esperientzia bat sortu nahi dugu.

Berez proiektu berriak aurrera ateratzea konplikatua bada, pandemia garaian oraindik zailagoa izango da, ezta?
Bai, proiektu berri bat zerotik abiatzea zaila da eta beldur handia ematen du. Gainera, testuinguru honetan eta COVID-19ak eragindako egoera dela eta, bidean topatzen dituzun zailtasunak biderkatu egiten dira. Hala ere, alde positiboa ere badu. Hain zuzen ere, detaileak gehiago lantzeko eta xehetasunetan gehiago erreparatzeko denbora izan dugu.

Noiz hasi zenuten marka eta bere izaera sortzeko lanketa?
Orain dela urte bat. 2019ko azaroan eman genituen markaren sorrerarekin lotutako lehen pausuak eta publikoki bi hilabete daramatzagu merkatuan.

Pozik zaudete markak orain arte lortutako arrakastarekin?
Bai, oso pozik gaude, mundu honek dauzkan zailtasunak ahaztu gabe. Orain arte markaren inguruan jasotako iritziak oso positiboak izan dira. Esaterako, Instagram-en 10.000 jarraitzaile baino gehiago dauzkagu jada.

Zertan lagundu dizue markaren inguruan komunitate bat sortu izanak?
Kolaboratzaile ugari dauzkagu inguruan. Adibidez, Leire Dallas dantzari Donostiarrarekin kolaborazio bat egin dugu eta bere begiak dauzkan kamiseta bat sortu dugu. Horrelako proiektuek gauza desberdinak egiteko aukera ematen digute.

“Pixkanaka marka handitzea eta ezagutaraztea da gure helburu nagusia”

Marka ezagutarazteko “influencer”-ekin lan egitea lagungarria izan da?
Bai, gaur egun markak ezagutarazteko funtsezkoak dira. Zorionez, mundu horretan dabilen ezagunak eta kontaktuak ditugu eta horrek asko lagundu gaitu.

Zeintzuk dira zuen lehen arropa bildumaren ezaugarriak?
Arropa urbano eta modernoaren bilduma da. Esan bezala, detaileak asko landu ditugu, adibidez, logotipoa bordatua izatea edo arroparen etiketak asko landu ditugu. Hiru kolore nagusi erabili ditugu: beltza, gorria eta zuria. Hortaz gain, arropa gehiena unisex motakoa da.

Zergatik erabaki duzue edizio mugatuen aldeko apustua egitea?
Edizio mugatuak sortzeak bezeroengan esklusibotasun pertzepzioa sortzen duela uste dut. Hau da, arropari balio gehigarri bat eransteko modua da.

Noraino izan dituzue kontutan marka inguratzen dituzten xehetasunak?
Esaterako, zerbait erosten duzunean eta kaxa zabaltzen duzunean, Polaroid motako argazki batzuk, markaren logotipoa daukaten pegatina batzuk eta nota pertsonalizatu bat ikusiko dituzu. Hortaz, esperientzia kaxa zabaltzen duzun momentuan hasten da.

Markaren hornitzaile eta ekoizleak aukeratzeko orduan, bertako enpresen aldeko apustua egin duzue?
Bai, arroparen kasuan Irunen dagoen Hazlan tailerrarekin lan egiten dugu eta kaxak ere Madrilen egiten ditugu. Nire ustez COVID-19ak, beste gauza batzuen artean, proiektuak bertako ekoizleen bitartez garatzeko aukerak agerian utzi ditu.

Sare sozialak proiektua zabaltzeko lagungarriak izan zaizkizue?
Bai, asko. Gure komunitatearen kasuan argazkilariak eta bideo-egileak oso garrantzitsuak dira. Markaren ikus-entzunezkoek oso ezaugarri zehatzak dauzkate, ondorioz, jendeak Straiker markak sortutako ikus-entzunezko materialak identifika ditzake.

Zeintzuk dira Straikerrek datozen hilabeteetarako dauzkan erronkak?
Batez ere, ilusioz beterik lanean jarraitu nahi dugu, nahiz eta testuingurua konplexua izan. Bide horretan, kolaborazio berriak lortu nahi ditugu, jantzi berriak sortu. Orokorrean, pixkanaka marka handitzea eta ezagutaraztea da gure helburu nagusia.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Online webgunean ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude