Surf Teknika Eskolako ikasleei ez zaie axola zein urtaro den, beti iruditzen baitzaie aukera ona dela uretan murgiltzeko. Surf edo paddle surf taula gainean ibiltzen dira olatuak harrapatu nahian edo, besterik gabe, itsasoak ematen dienaz gozatzen. Idoia Carrera eta Jon Diez klubeko kideak dira eta azaldu dutenez, edozein une dela ona horrelako kirolez gozatzeko, uretatik kanpo egiten duen tenperatura edozein dela ere.
Surfa eta padel surfa mundu guztiari hurbiltzeko lan egiten duzue, ezta?
Idoia: Itsasoak dituen onurak gero eta jakinagoak dira, eta zientifikoki frogatuak ere badaude. Horri gehitzen badiogu kirola taldean egiten dela, ba onurak are gehiago dira.
Jon: Surfa estereotipo asko izan dituen kirola da eta gure asmoa kirol hau edozeini hurbiltzea da. Edonork izan dezake uretan sartu eta ikasteko aukera. Kirol hauek pertsona horien aisialdian sartzea lortzen badugu, gu pozik egongo gara, gure helburua ez baita munduko surflaririk onenak lortzea bakarrik.
Itsasoan egiten diren kirolak izanda, beldurrak lantzeko lagungarriak al dira?
Idoia: Surfean nahigabe kirola egiten ari gara, gorputzeko gihar gehienak lantzen baitira konturatu gabe, orekaz eta malgutasunaz gain. Beldurrak lantzeko konfiantzazko harreman bat sortzen saiatzen gara, itsasoari beldurrik ba ote dioten galdetuz eta nola sentitzen diren ulertuz. Horri esker guk neurria hartzen diegu eta taldeak ere asko laguntzen du gune seguruaren sorreran. Beldurrak partekatzeak beldurra txikitzen du askotan.
Jon: Itsasoa mugitzen den zerbait denez, normala da gugan sentsazio ezberdinak sortzea. Adinaren arabera ere beldurrak ezberdinak dira. Haur txikientzat gurasoak eskoletara etortzea oso lagungarria da, ziurtasun gabezia horiek edo gerta daitezkeen izualdi txikiak elkarrekin gainditzeko. Nerabeen kasuan, itsasoa bizitzako trebetasunak lantzeko leku hobeezina da: frustrazioa, errespetua eta autoestimua lantzea lortzen da. Batez ere, jendeari tratu on bat ematen saiatzen gara, ikas dezan.
“Oso polita da paddle surfa taldean egiten denean taularen gainean sortzen den harremana”
Idoia Carrera, Surf Teknika Eskola
Ikasturte osoan maila ezberdinetako ikasleentzako eskolak ematen dituzue?
Idoia: Surfeko eta paddle surfeko ikastaroak ditugu. Paddle surfean maiatzetik aurrera kurtso amaierako irteerekin hasten gara. Ekainetik irailera Hondarribiko hondartzan materiala alokatzeko kontainerra izaten dugu. Bertan alokatu edo aurretiaz erreserbak egin daitezke eta bakarka, binaka edo taldean egiteko aukera dago. Oso polita da paddle surfa taldean egiten denean taularen gainean sortzen den harremana. Gainera, udaran zehar ere udalekuak egiten ditugu.
Jon: Surfean ikasturtean zehar akademia formatuan lan egiten dugu, mailaka banatutako ikastaroekin. Hiru ikasketa maila ezberdintzen ditugu, nahiz eta hobekuntza eta teknifikazio ikastaroak ere baditugun. Heldu eta gazteekin txat bat dugu eta irteerak antolatzen ditugu bertan eskolak emateko. Urtean zehar astearte, asteazken, ostegun arratsaldeetan eta larunbat goizetan gehienbat haur eta nerabeekin lan egiten dugu. Larunbat goizeko eskolak nahiko arrakastatsuak izaten dira. Udaran berriz, uztailean eta abuztuan, aste osoko ikastaroak ditugu astelehenetik ostiralera. Dena den, orduan ere klase bereziak ematen ditugu, eskarietara egokituz.
Azkenaldian kirol hauek arrakastatsuagoak direla nabaritu duzue?
Idoia: Uste dut jendeak lehen baino eskuragarriagoa ikusten duela. Lehen surflariak aparteko klan bat zirela zirudien eta orain ikusi da edozeinek probatu dezakeen kirola dela. Kirol hauek geroz eta ezagunagoak egiten ari dira, ahoz aho pasatzen den informazioak oso ondo funtzionatzen baitu kasu hauetan. Askok ezagutzen ez dugun ingurune zoragarri bat dugu deskubritzeko eta hori ere aitzakia da. Fraileen hondartza eta Amuitz bezalako leku paregabeak uste baino hurbilago ditugu.
Jon: Surfean haurren eta nerabeen izen emateetan geroz eta emakume gehiago daude. Gero ere adibidez, Kataluniatik datozen talde helduen eskaerak ere iristen zaizkigu, beraz, kanpoko partikular asko dago eta asko errepikatzera animatzen dira. Beraz, eskaera handitu da, ez bakarrik belaunaldi txikietan, baita helduen artean ere. Itsasoak badu eta, batez ere Hendaiak, komunitate ikuspegi polita, adin desberdinetako jendearen elkarketa eragiten duena.
Duela gutxi Emakumeok Zast proiektuan parte hartu duzue. Nolakoa izan zen esperientzia?
Idoia: Oso esperientzia aberasgarria izan zen, oso energia polita sortu baitzen gure artean. Gogo handiz etorri ziren eta ekintzan zehar pozik ikusi zitzaien. Batzuk beldurrez etorri ziren, baina paddle surf handietan ibili ginenez, izuak taldean landu genituen.
“Garrantzitsuena kirol hauek probatzeko nahia izatea da, gu bakoitzaren egoerara egokituko baikara”
Jon Diez, Surf Teknika Eskola
Jon: Paddle surfa egin genuen pixkanaka beldurrak uxatzeko eta gero nola sentitu ziren ikusita nik uste surfa ere egin genezakeela beraiekin. Hunkigarria izan zen beraiei ordu eta erdiz itsasoan kirola egiteko aukera ematea, beraz, oso esperientzia positiboa izan zen.
Zer egin behar da zuekin batera surfa edo paddle surfa probatzeko?
Idoia: Sare sozialen bitartez gurekin harremanetan jar daitezke, bertan gure telefonoak topatuko baitituzte.
Jon: Webgunean ere informazio guztia topatuko dute. Gainera, bertan oso ondo azaltzen dira zer nolako mailak ditugun eta zein den gure eskaintza. Jaimek eta Mikelek erreserba guztiak kudeatzen dituzte. Garrantzitsuena kirol hauek probatzeko nahia izatea da, gu bakoitzaren egoerara egokituko baikara. Jendea animatu nahi dugu surfa eta paddle surfa udako kirolak baino gehiago direla ikustera, urte osoan zehar egin daitezkeen esperientzia politak baitira.
Idoia: Parean elkartearekin ere beraiek antolatutako Igande Sasoian parte hartu genuen. Colón pasealekuan gure eskaintzaz hitz egiteko aukera izan genuen eta, orain arte aipatutakoaz gain, surfskatea ere badugu. Skate berezi batzuekin egiten den zerbait da, surfaren teknika erreproduzitzen duena. Igande Sasoian ere oso esperientzia positiboa izan genuen, helburua emakumeen kirol eskaintza ikusaraztea baitzen. Emakume asko hurbildu ziren.
Jon: Beraz, jendea edozertara animatu dadila gurekin batera bizitzatik irristatzera, horretarako gaudelako eta, gainera, esker onez.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.