Suteak errautsetan bihurtutako natur ingurunea

Otsaileko azkenaurreko asteburuan Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan piztutako suteak alerta-egoeran mantendu zituen Bidasoa bailarako biztanleak. Sutea larunbat goizeko lehen orduan piztu zen eta hegoaldeko haize bolada bortitzek suaren zabalpena lagundu zuen. Guztira, 1.800 hektarea erre direla kalkulatzen da.

Baso-sutea larunbat goizeko 9:30etan, Berako Montoia edo Sarraila inguruan piztu bazen ere, hegoaldeko haize ufada bortizek suaren hedapena azkartu zuten, sutea Gipuzkoa eta Iparraldeko sutea zeharkatzea eraginez. Larunbat arratsaldeko lehen orduan Gipuzkoan sartu zen, zehazki, Endarlatsa ingurutik. Badaezpada, Irungo Bidasoa auzoko eta inguruko 38 baserri inguru, bi jatetxe eta enpresa bat hustu ziren.

Arkaitz Orbegozo Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko ofizialak azaldu duenez, sutearen inguruko lehen informazioa Nafarroatik iritsi zitzaien, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko zerbitzuaren bitartez, suak Gipuzkoan sartzeko aukerak zituela abisatuz. “Era berean, Ertzainak eta Udaltzainak baserriak husten hasi zirela jakin genuenean, irizpideak eta helburuak bateratu eta koordinazio lana errazteko aginte-postua sortzeko beharra ikusi genuen”, adierazi du Orbegozok. Horrela, Garberako zentraletik egoera aztertzen hasi ziren eta sutea itzaltzeko lanak koordinatzeko aginte-postu mugikorra Irungo Zaisa industriagunean ezarri zen. Era honetan, larrialdiaren nondik norakoak kontrolatu ahal izan ziren, larunbat arratsalderako helburuak eta irizpideak argitu eta igandera arte, 24 ordu baino gehiagoz lan egin zen.

Foku nagusiak Endarlatsa inguruan kokatu ziren, larunbatean iparralderantz egin zuten, Bidasoa ibaiaren ezker bazterretik, eta igandean ipar-mendebalderantz, Erlaitz eta Pagogaña aldera, Aiako Harrien mendebaldeko lurretan. Igande arratsaldean gertatutako haizearen aldaketaren ondorioz sutea gehiago zabaldu zen, foku nagusiak Endarlatsa eta Erlaitz arten kokatu zirelarik. Espero bezala, igandeko arratsalde-gau partean emandako giroaren aldaketak eta euriaren iritsiera funtsezkoak izan ziren sutea kontrolpean jarri eta gauerdirako sua itzali zen.

Aurkako faktoreak
Klimatologia eta orografiak ez zuten suaren itzalketa lagundu. Baso-sute bat izanda erregaiaren egoerak, hau da, sasi eta mendiko beste elementuen egoerak guztiz baldintzatzen du sutearen garapena. Azken hilabetea oso euritsua izan bada ere, azke hiru egunetako hego-haizeak erregaia guztiz lehortu zuen. Hortaz gain, abenduko ziklogenesiaren ondorioz zuhaitz asko erori ziren eta, baso-lanak egin ziren arren, mendian oraindik adar eta zuhaitz erori asko gelditzen dira, hego-haizearen laguntzarekin sutearen aurreko egunetan asko lehortu zirenak. Gainera, asteburuan izandako 20 gradutik gorako tenperaturek eta 60-80 km/h-ko haize ufadek sutearen garapena guztiz baldintzatu zuten.

Bestetik, topografiak ere ez da oso lagungarria, zonalde guzti hori oso menditsua da eta. Malda handiek eta erregai lehorraren eraginez, sua azkarrago hedatu zen Arkaitz Orbegozo suhiltzaileen zerbitzuko ofizialak azaldu zuenez. Hortaz, bi faktore horiek elkartuta sutea zabaltzeko egoera perfektua eman zen.

Koordinazioa itzalketa laguntzeko gakoa
Behin behineko balantzeen arabera, sutean 1.800 hektarea erre dira, horietatik 400 hektarea Gipuzkoako lurrak dira. Aiako Harriak parke naturalean kalte garrantzitsuak eragin ditu eta azken hamar urtetako suterik larriena izan dela adierazi dute agintariek. Gipuzkoako Foru Aldundiak 40 lagunetik gora eta dozena bat ibilgailu izan ditu asteburu osoan zehar tokian momentu oro, suhiltzaile eta basozainen artean. Hauekin batera, Ertzaintza, Babes Zibila, Irungo Udaltzaingoa, DYA Gipuzkoa eta Gurutze Gorriak ere hartu dute parte suaren kontrako ahaleginean.

Suhiltzaileen kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaileen foru zerbitzuak Bidasoa (Irun), Kosta (Zarautz) eta Korostiko (Legazpi) parkeko baliabideak mobilizatu zituen. Hortaz gain, Beran hasitako suteak, Gipuzkoa eta Lapurdira salto egin zuenez mugaz-gaindiko izaera hartu zuen arazoak. Arkaitz Orbegozok azaldu duenez lurralde desberdinetako profesionalen elkarlana ezinbestekoa izan zen suteari aurre egin ahal izateko. Izan ere, Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuko ofizialak gogoratu duenez, Europa mailako POCTEFA programaren barruan kokatzen den akordio bati esker Nafarroa, Iparralde eta Aragoiko suhiltzaileekin elkarlanean aritzeko erraztasun gehiago dauzkate orain. Akordio horri esker suhiltzaile talde ezberdinen koordinazioa erabatekoa izan zen hasieratik. Horrela, Gipuzkoa eta Nafarroako suhiltzaileek baliabide material eta pertsonalak elkarbanatu zituzten eta Iparraldeko suhiltzaileak aginte postura gerturatu ziren egoeraren berri izateko.

Behin sutea guztiz itzali ostean, suteak eragindako kalteak neurtzea tokatzen da. Zentzu horretan, Arkaitz Orbegozo Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuko ofizialak gogoratu duenez, egiteko hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Eremu Naturalen arloari dagokio eta bertako teknikariak izango dira sutearen ondoriok neurtuko dituztenak. Suhiltzaileak, aldiz, babes zibila eta sutearen koordinazio lanaz arduratzen dira, hortaz, Orbegozo Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuko ofizialak adierazi duenez sutean lan egin zuten agintari eta langileekin beharrezko dokumentazioa osatzen ari dira. Lan honi esker etorkizunean gerta daitezkeen suteetan hobetu beharreko gauzak identifikatuko dira, profesionalen koordinazio eta funtzionamendua hobetzea ahalbidetuko dutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude