TELMO IRIDOY, ilustratzailea: “Bistan daukagun arren, espazioa oso urruti dago, ez dugu eskura”

Espaziora begira jarri da Martindozenea Gaztelekua, Telmo Iridoy (Hondarribia, 1988) artistaren eskutik. Unibertsoa nire eskuetan erakusketa prestatu du, udalaren Gazteartean programaren baitan. Xilografia teknika berezia erabiliaz egindako bederatzi koadro dira, espazioaren gaia elkarbanatzen dutenak. Maiatzaren 19ra arte ikus daitezke gaztelekuan, asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara, eta 21:00ak arte ostiraletan eta larunbatetan.

Zein lan hautatu duzu erakusketarako?

Linoleo grabatuan egindako bederatzi obra dira, 2016ko azaroaren eta 2017ko apirilaren artean eginak. Xilografia teknikaz gainera, espazioaren gaiak batzen ditu. Berez ez dute harremanik, baina orain, erakusketa prestatzerakoan, narratiba bat eratzen saiatu naiz, jendeak hobeto ulertu edo disfruta dezan.

Ez dituzu obrak propio erakusketarako egin?

Ez, obrak niretzat egin ditut. Erakusketan baino lehen, koadroak nire etxean egon dira. Ez dira enkarguak. Askatasun osoa eduki dut, alde horretatik, eta aprobetxatu egin dut.

Espazioaren gaia asko landu duzu, beraz?

Bai, erakartzen nauen gaia da. Bistan daukagun arren, oso urruti dago, ez dugu eskura. Imajinazio puntu bat ematen digu. Saturno, aldiz, mila aldiz ikusi dut iruditan, baina ez aurrez-aurre. Hortaz, nire interpretazioa egiten dut.

Espazioak hausnarketarako bidea ematen du, gainera. Gustatuko litzaidake erakusketa ikusten duen jendeak ariketa hori egitea, eta pentsatzea zein istorio dagoen koadro bakoitzaren atzean.

Xilografia teknika erabili duzu. Zertan datza?

Zigilu bat egitea bezalakoa da xilografia, jendeak erraz uler dezan. Artisau moduan egin daiteke, baina era profesionalean ere bai, prentsak erabiliz. Nik linoleo plantxak tailatzen ditut, negatiboan, gero tindatu eta paperera pasatzeko.

 

Nola ezagutu zenuen teknika?

Ni diseinu grafikoan nenbilen, baina gehien interesatzen zitzaidana ilustrazioa zen, alde sortzaile hori. Faltan sentitzen nuen, gainera, eskuz lan egitea. Horregatik erakartzen ninduen xilografiak, batez ere.

 

Formazioa jaso zenuen?

Debako arte eskolan grabatu kalkografikoa eta xilografia ematen zela jakin nuen, probatzera animatu nintzen, eta pila bat disfrutatu nuen. Gero aukera eduki nuen Galiziako Fundación CIECen (Centro Internacional de Estampa Contemporánea) master bat egiteko, eta askoz gehiago ikasi nuen teknikari buruz.

 

Azalean tatuatzera pasa zara, gainera, tatuajeak ere egiten dituzulako.

Azkenean hizkuntza berdina da, ilustrazioa, eta berdin zait matrize batean, paperean edo azalean egin. Tatuajean hiru urte besterik ez daramatzat, eta pixkanaka ikasten ari naiz. Azalak badauzka bere baldintzak ere bai, denborarekin ikasten direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude