Teresa Errandonea, Julen Aginagalde eta Lekaenea Mahaia Tenis klubaren ibilbidea saritu dituzte Kirol Irundarraren Sariek

COVID-19aren pandemiaren harira hartutako murriztapenak direla eta, aurten ezin izan da Kirol Irundarraren Sariak banatzeko ekitaldia ohiko moduan antolatu. Dena dela, urte konplikatu honetan zehar kirolari irundarrek egindako lana errekonozitu nahi izan du Irungo udalak, horretarako, saritutako kirolari bakoitzari errekonozimendua era indibidualean banatuz.

Borja Olazabal Kirol ordezkariak 2020a bezalako urte konplexu batean Irungo klub eta kirolariek egindako lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Denboraldi konplexua izan da, bertan behera gelditu diren txapelketa eta pandemiaren bilakaerara egokitu behar izan diren entrenamenduekin”, azaldu du Kirol ordezkariak, hortaz, Kirol Irundarraren Sariak aurrera eraman eta irundar kirola saritzeko inoiz baino arrazoi gehiago izan dituztela azaltzeko.

Pandemiaren hasierarekin txapelketa guztiak eten baziren ere, urteko bigarren zatirako txapelketa batzuk berreskuratzea lortu zenez, 2020. urteak lorpen batzuk utzi zituen hirian, Kirol Irundarraren Sariak banatzeko kontutan hartu direnak. Gauzak horrela, sari banaketako bideoak eta kirolariek hiritarrei bidalitako mezuak Irungo Udalaren Twitter eta Instagram sare sozialetan ikusgai daude jada.

Emakumezkoen kirol onenaren saria Teresa Errandoneak eskuratu du, Espainiako Pista Estaliko txapelketan urrezko domina irabazi, Euskadiko errekorra lortu eta 60 metro hesidunetan inoizko hirugarren markarik onena lortu ostean. Saria jasotzerakoan Teresak adierazi duene, “bizitzen ari garen egoerarengatik urte konplexua izan da eta nire lana horrela saritzea oso pozgarria da niretzat eta asko eskertzen dut”. Atleta irundarrak sari bera jasotzen duen laugarren aldia izan da, izan ere, 2012, 2017 eta 2019. urteetan sari bera jaso baitzuen.

Gizonezkoen kirol onenaren saria, berriz, Julen Aginagalde eskubaloi jokalariarentzat izan da. Bidasoa Irun Kirol Klubeko piboteak adierazi duenez “saria jasotzea oso pozgarria da niretzat eta etxetik datozen errekonozimenduak dira gehien eskertzen ditudanak”.

Banakako kirolarien lorpenak saritzeaz gainera, 2020ko Kirol Irundarraren Sarietan klub onenarentzako errekonozimendua egon da eta Leka Enea Mahai-Tenis klubarentzat izan da. Izan ere, klubeko kirolariek Champions League maskulinoak parte hartu zuten eta Endika Diez Espainiako Txapeldun titulua lortu zuen. Josema Zuazua klubeko presidentearen hitzetan “urte gogor honetan eta egoera dagoen bezala, hiriko klub onenaren saria jasotzea oso pozgarria da”.

Irundarron ahotsa

Era berean, 2020ko Kirol Irundarraren Sarietan hiritarrek haien kirolari gogokoena bozkatzeko aukera izan dute eta, kasu honetan, saria Teresa Errandonearentzat izan da. Irundarron Sariaren irabazlea aukeratzeko udal webgunearen bitartez bozketa bat aktibatu zen eta kirol diziplina ezberdinetan dabiltzan kirolarien artean aukeratzeko aukera eman zen. 399 irundarrek parte hartu dute Irundarron Saria aukeratzeko bozketan, bigarren postua Txingudi Errugbi Klubeko Iñigo Camarerorentzat eta hirugarren postua 94/95 denboraldiko Bidasoa kirol klubeko jokalarientzat izan direlarik.

Errekonozimendu berezia

Ohiko sariez gainera, sari banaketak sari berezi edo ohorezkoa izan zuen, orain arte egin izan den moduan, urteurren borobilak ospatzeko erabili izan dena. Adibidez, Kurpil Kirolak elkartearen 75. urteurrena, Irungo txirrindulari elkartearen eta Txingudi errugbi klubaren  50. urteurrenak ospatzeko balio izan du.

2020. urtean ohorezko errekonozimendua 94/95 denboraldian zehar Bidasoa kirol kluba osatu zuten kirolarientzat izan da, orain dela 25 urte Europako txapeldun titulua lortzeagatik, euskal kirolariek lorturiko Europako sari bakarra. Saria Fernando Morondo eta José Luis Muñoz orduko klubeko zuzendaritzako kideek eta Beñardo García orduko klubeko presidenteak jaso dute. Denboraldi hartan Bidasoako presidente izan zenak saria jasotzetako orduan ordutik kluba osatu duten jokalari, entrenatzaile, mediku, bazkide, zuzendari eta babesle guztiek lorpen horiek lortzea ahalbidetu zutela gogoratu du eta oraindik ere klubak aurrera jarraitzen duela. “Etorkizunean  guztiak aurrera jarraitzea eta Artalekuko garra pizturik jarraitzea espero dut, etorkizuneko lorpenetan bihurtzea espero dut”, adierazi du Beñardo Garciak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude