Toki Alai ikastetxeak Natura Ondarearen Jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 29tik ekainaren 1era. Jardunaldi horiek, ikas-komunitateaz gain, herritarrek ere parte-hartzeko aukera izango dute antolatu diren ekintzetan. Natura-ondarea ezagutarazteko hainbat ekintza antolatu dira.
Izaki bizidunen aniztasuna edo biodibertsitatea, gizartearen ongizate eta oparotasunerako ezinbesteko oinarrietako bat da. Toki Alai ikastetxea Aiako Harria parke naturalaren eremuan kokaturik egonda, ikasturtean zehar, natura ondarea zaintzea eta biodibertsitatea babestearen garrantziaren inguruko kontzientzia sustatzeko lanean aritu dira. Ikasleek, inguruan duten altxorra ezagutzea nahi dute, sentsibilizatu eta ondarearen igorle bilakatu daitezen, natura eta kultura ondarearen ezagutzaren eta transmisioaren eragile hain zuzen ere.
Hauek dira Natura Ondarearen Jardunaldiaren barnean antolatutako ekintzak:
- Maiatzaren 29an, asteazkena, Haur Hezkuntzako ikasleek asteazkenero disfrutatu ohi duten basoa erakutsiko dute. Goizeko 9:15ean Arbesko eskolatik atera eta eguerdiko 12:30 arteko tartean, ahal duten eta nahi duten familia guztiek, bertan zer egiten duten eta nola ikasten duten ikusteko aukera paregabea izango duzue.
- Maiatzaren 30ean, osteguna, arratsaldeko 17:00etan, eskola ondoko urmaela hobeto ezagutu eta bertako bizidunen laginketa batean parte hartzeko parada izango da. Eskolarako bidean, batez ere inguruko landareak hobeto ezagutzeko baliagarri izango den jolas bat burutuko dute. Horretarako Inaturalist aplikazioa jaitsita edukitzea gomendatzen dizuegu.
- Maiatzaren 31ean, ostirala, 3. eta 4. mailako ikasleek, hilabetean zehar auzoaren ezagutzan eta klimaren azterketan burututako lanak aurkeztuko dituzte. Bi txanda egingo dira, goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 15:00etan.
- Ekainaren 1ean, larunbata, Alaikiro guraso elkartearekin batera, Eskolako Jaia egingo dute. Jaiaren egitarauaren barnean, Natura Ondarearen Jardunaldien jarraipena ere izango dute. Goizeko 11:30ean, 3. zikloko ikasleek, Siutzeko basoa zentzumenen bidez ezagutzeko aukera emango dute. Honetaz gain, guztion partaidetzarekin eskola kanpoko paretan, inguruneko biodibertsitatea erakutsiko duen mural bat ere margotuko dute.
Familien parte-hartzea antolatu ahal izateko, galdetegi bat prestatu dute. Bertan, zein ekintzatan parte hartu nahi den zehaztu beharko da, baita zenbat kide etorriko liratekeen ere. Ikastetxetik adierazi dutenez, “ulertuko duzuen moduan, antolaketa ahalik eta egokiena izan dadin zuen laguntza behar dugu”.