Tokiko Gobernu Batzarrak Ingurune Irekia programaren kontratu berria esleitu du. Gizarte Ongizateko Arloak sortu zuen programa, duela 22 urte. “Gazteak dauden tokian egotea da programaren bereizgarria, gazteen lurraldeetan egotea, eta entzumen aktibotik abiatuta erantzun edukatiboak ematea du helburu”. Berritasun gisa, iazko ikasturtearekiko, urtean 140 ordu gehiago emanez indartu da zerbitzua, horrela unean-unean gazteei arreta handiagoa eskaintzea ahalbidetuz.
David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak, hain zuzen, bisita bat egin zuen otsailean instalazioak eta hezitzaileak aurrez aurre ezagutzeko: “Bilera luze eta lasaia izan zen, eta bertan argi geratu zen garrantzitsua dela komunitatearentzat egiten duten lana, gazteenei begira eta hurbileko komunikazio-tresnak erabiliz. Zerbitzua mantendu eta hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu genuen, eta halaxe ageri da kontratu berrian eta aste honetan Gobernu Batzordean hartutako erabakian“.
Lehenik, bi zona edo auzotan jarri zen abian programa, eta, gero, azken urteetan, zabaltzen joan da, ia hiri osoraino, hiru zonatan banatuta: Mendebaldea (Anaka, San Migel, Antzaran, Pinudi, Urdanibia eta Katea), Erdialdea (Erdialdea, Belaskoenea, Elitxu-Lapitze, Larreaundi eta Olaberria) eta Ekialdea (Arbes, Artia, Behobia, Dunboa, Alde Zaharra, Santiago, Beraun, Meaka eta Ibarla). Horrela banatzen da gizarte hezitzaileen lantaldea gazteekin lan egiteko, haien inguruko baliabide eta zerbitzuekin koordinatuta.
Helburua da gazteekin “beren hizkuntza hitz eginez” lan egitea, arlotik gaineratu dutenez. Hurbiltasuna bilatzen du, hezitzailea eta gaztea zuzeneko harremanetan jarrita, hezkuntza-harreman batean oinarrituta. Era berean, bere ingurunea erreferentzia-esparru natural gisa izatea nahi du beren prozesu pertsonalean eta taldekakoetan; eta, gainera, hezitzaileak erreferentziazko heldua izan behar du, entzute aktiboaren bidez eta nerabeak berak onartuta.
Helburuak dira, funtsean, batetik, zailtasun gehien dituzten nerabeak testuinguru eta baliabide normalizatuetan integratu ahal izatea, hezitzaileen eskaintzatik abiatuz gaitasun, ezaupide, jarrera eta interesak garatuta; eta, bestetik, komunitatearen baliabideak nerabeen beharretara egokitzea.
Jardueren oinarria kaleko harreman ona da, nerabeentzako banakako informazioa eta orientabidea eta taldearekiko harremana sustatzen baititu. Gainera, baliabide eta zerbitzuen (ikastetxeen, ludoteken eta Gaztelekuaren) artean koordinazio ona izateko ahalegina egiten da. Kontuan izan behar dira familiarteko harremanak eta prestakuntza jarduerak, eta jolasetan, tailerretan, kirol jardueretan eta eguneko irtenaldietan parte har dadin bultzatu.
Kabia Elkarteari esleitu zaio kontratua, 579.375,24 euroko aurrekontuarekin, bi urterako.