Badator belaunaldi aldaketa agintari postuetan
Alarde Publikoko parte hartzaileen kopurua handituz doa, pixkanaka. Gero eta gaztetxo gehiago ikus daitezke konpainietako lerroetan. Agintari postuetan, ordea, beteranoak dira nagusi. Erreleboa emateko lanean hasi dira batzuk, dena den, gazteen indarrari eta ilusioari paso emanez. Tino Zamora aurten izango da, azken aldiz, Santiago konpainiako Kapitain. Gertu izango du Francisca Alzamora, adi-adi, bere lekua hartuko baitu datorren urtean.
Bidasoa konpainiako Kapitain izateari utzi ondoren, eroso hartu zuen eskopeta Tino Zamorak. Orduantxe ekin zioten, ordea, Santiago konpainia eratzeko lanari. Auzoko lauzpabost lagunen arteko kontua izan zen, hasieran. “Erdi txantxetan hasi ginen, baina jendearekin hitz egiteari ekin genionean, ideiak zentzua izan zezakeela kusi genuen”, azaldu du Zamorak: “Seme-alabengatik edo beste arrazoiengatik desfilatzeari utzi zion jende asko zegoen auzoan. Baina Santiago konpainia martxan jartzekotan, aterako zirela baieztatu ziguten”. 2014an sortu zuten konpainia, eta ehun kidetik gora izan zituen lehen urtean. “Sekula desfilatu ez zuen jendea, edo desfilatu gabe denbora zeramana bildu genuen, batez ere”, argitu du Zamorak.
“Argi utzi nuen bizpahiru urte egingo nituela, eta gero gazteei pasako niela lekukoa”
Tino Zamora, Santiagoko kapitaina
Sablea hartu behar izan zuen berriro, konpainiak proposatuta, bere esperientzia baliagarria izango zelakoan: “Laguntza emateko konpromisoa hartu nuen, baina argi utzi nuen bizpahiru urte egingo nituela, eta gero gazteei pasako niela lekukoa”. Karmele Tolosa Tenientea izan du ondoan, denbora horretan. “Bere aita Santiago konpainiako Teniente izan zen urtetan, eta ilusio berezia zuen”, adierazi du Zamorak. Aurten azken aldiz izango da Kapitain, ordezkoa lortu duelako. Francisca Alzamora da, eta ondo ezagutzen dute elkar, konpainiako lehen Kantinera izan baitzen, 2014an. Aurreneko aldiz desfilatu zuen orduan. Esperientzia ederra izan zela esan du: “Nik denbora neraman desfilatu nahian, baina ez nekien non edo norekin. Oso urte polita izan zen. Konpainia berria zen, ez genekien dena ondo aterako zen. Hala ere, giro bikaina izan genuen azkenean”.
“Gazteek ardurak hartzea positiboa da”
Francisca Alzamora, Tino Zamoraren ondorengoa
Kapitain izateko proposamena luzatu ziotenean, Alzamorak ez zuen zalantzarik izan: “Gazteek ardurak hartzea positiboa da. Aurrekoek lan handia egin dute, baina iraganean geldituko bagina, ez genuke aurrera egingo”. Ikasteko azken urtea izango du aurten, datorren urtean Tino Zamora ordezkatu aurretik. “Maisu bikaina” izango duela adierazi du Alzamorak. “Bi konpainia gidatu ditu jada”, azpimarratu du. Zamorak bermatu du arreta handia eskainiko diola ondorengoari. Ez zaiola informaziorik edo irakaspenik faltako. “Beti pentsatu izan dut erreleboa ez dela besterik gabe pasa behar. Gauza asko daude irakasteko”, gaineratu du.
Virginia Bercedo, erreferente
Tino Zamorak Francis Alzamorarekin egingo duen lanak, badu aurrekaririk. Bidasoa konpainiako kapitain izateari utzi zionean, berdina egin zuen Virginia Bercedorekin. Aurten, laugarren urtea izango du dagoeneko Bercedok, bere azkena. Emakumezko Kapitain bakarra izango da Irungo Alarde Publikoan. Horregatik, eta aspaldiko laguna duelako, erreferente izango duela aitortu du Francis Alzamorak: “Bere lekukoa ere hartuko dut, neurri batean”. Lagunari eman dion aholku nagusia azaldu du Virginia Bercedok: “Mundu guztia ez da berarekin ados egongo, ezinezkoa da hori. Berak erabakiak hartu beharko ditu, eta ondo aztertutako arrazoi jakin batzuengatik egingo du”.
“Sanmartzialetako familia modukoa osatzen dugu, ordu asko pasatzen ditugulako elkarrekin”
Virginia Bercedo, Bidasoako kapitaina
Ilusioz biziko du Virginia Berdecok bere azken urtea. Pena puntu batekin ere bai. Hala ere, pozik dago, Alardearen beste ikuspegi bat ezagutzeko aukera izan duelako. Zeharo ezezaguna, jende askorentzat: “Ez duzu berdin bizitzen. Agintari postua duzunean, Alardearen gaiarekin urte erdia ematen duzu. Lan eta denbora gehiago eskatzen ditu”. Azken hilabetean sartuta, bilerak astero izaten dituztela adierazi du Bercedok: “Ia etxekoak baino gehiago ikusten ditut Alardeko lagunak. Azkenean, sanmartzialetako familia modukoa osatzen dugu, ordu asko pasatzen ditugulako elkarrekin”. Ardura handiagoa ere badu Kapitain izateak. “Badakizu, konpainian arazoren bat sortuz gero, zu zarela erantzulea”, nabarmendu du. Alzamoraren ideia berdina azpimarratu du, dena den, Bercedok. Gazteen ikuspegi freskoa beharrezkoa dela.