Uztailaren 25etik SOS Arrazakeria Bidasoako gizarte-mugimenduak Irunen trantsizio egoeran dauden etorkinen zainketaz arduratzen ari da. Eskualdeko beste erakunde eta boluntarioen laguntzari esker etorkinei egunero janaria, orientazioa, osasun-laguntza eta dutxatzeko aukera bermatzen diete, Udalak eskainitako zerbitzuak osatzeko.
Paperik gabeko etorkinen zenbakia etengabe hazi da azkeneko asteetan Irunen, Frantziako estatuak etorkinak kanporatu eta mugaren beste aldera itzuli ostean. Uztaileko hilabetearen bukaeran Irungo Tren Geltokiaren inguruan aurkitzen ziren etorkinei laguntza eskaintzeko beharraz ohartu zen Sos Arrazakeria Bidasoa. Laguntza ematen hasi ziren unetik 500 bazkari baino gehiago banatu dituztela kalkulatzen du gizarte-mugimenduak.
Udalak trantsizio egoeran dauden pertsonentzako 24 ohe prestatu ditu, neguko gau hotzetan etxegabeei zabaltzen zaien espazioan. Hortaz gain, astelehenik ostiralera gosaria eta bazkari ematen zaie. Sos Arrazakeria Bidasoa gizarte-mugimendua egunero pertsonai horiei afaria eta, asteburuetan, dutxatzeko aukera zein eguneko 3 bazkariak emateaz arduratzen da, bete gabe gelditzen diren zerbitzua osatzeko asmoz.
Sos Arrazakeria Bidasoa gizarte-mugimenduaren bitartez etorkinen beharrak asetzeko lanean ari diren pertsonak boluntarioak dira. Irundar boluntarioz gain, Irungo La Kaxita, Pausoka Dantza Taldea, Gurutze Gorria, Hondarribiko Abarka Jatetxea, Donostiako La Cuchara, Zaporeak Elkartea, Gipuzkoako Elikadura Bankua, Adiskidetuak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Helduak Elkartea Irunen trantsizio egoeran dauden pertsonen beharrak asetzeko lanean ari dira.
Irungo Udalaren erantzuna
Irungo Udala Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean ari da Irunen trantsizio egoeran aurkitzen diren etorkinen egoerari aurre egiteko. Irungo Udalak azaldu duenez, Gipuzkoan, guztira, etorkinei zerbitzua eskaintzeko 50 plaza daude, 25 Donostian eta 25 Irunen. Gainera, beharrezkoa balitz, kopurua 70 plazetaraino zabaltzeko aukera legokeela jakinarazi du Udalak.
Premiazko beharrak
SOS Arrazakeria Bidasoa gizarte-mugimenduak jakinarazi du gizonentzako udako arropa, mudak, oinetakoak, motxilak eta biserak biltzen ari direla. Arropak Kale Nagusiko 14. zenbakian biltzen dituzte astearte eta ostegunetan, arratsaldeko 17:00etatik 19:00ak arte. Era berean, eskualdeko taberna, jatetxe eta arropa dendei soberakinak jasotzeko prest daudela adierazi diete 688 812 330 telefonoan jakinaraziz gero.