Sortu zenez geroztik, telebista izan da entretenimenduaren ardatz nagusietakoa gure kulturan eta gure gizartean; gaur egun, ordea, garrantzia galtzen ari da, funtsezko ezaugarri bat eskas duelako: norabide bakarrekoa denez, ezin denbora errealean elkarreragile izan.
Aspaldi honetan, programa batzuetako arduradunak konturatu dira ikusleek sare sozialetan hitz egiten dutela telebistan ikusten ari direnaz, lehen ere lanean edo eskolan edo kafe bat hartzean egiten zuten bezala.
Ondorioa begien bistakoa da: gero eta programa gehiago dira twitter-eko hashtag iragartzen dutenak, ikusleek programak aurrera egin ahala parte hartzeko aukera izan dezaten. Izan ere, jendea haiei buruz hizketan ari bada, zergatik ez bideratu, audientzia fidel bihurtzeko eta programaren alde baliatzeko?
Halatan, bada, arrakasta duten programa batzuk, hala nola reality-show delakoak, salaketakoak, futbolekoak… pantaila anitzeko ikuskizun bihurtu dira, begi batek telebistari erreparatzen dion bitartean besteak sakelako telefonoari adi baitago, batera irakurtzen eta idazten ari garelarik orduantxe gertatzen ari den zerbaiti buruz, bitxia, hunkigarria, barregarria delakoan.
Programarentzat, onura argi eta garbi dago: ikusten ari ez zen jendeari iristen zaio mezua, eta deiaren deiaz programaren audientzia ez ezik, oihartzuna ere areagotu egiten da.
Ikuslearentzat abantailak are handiagoak dira: programa motel samarrak benetan dibertigarri bilaka daitezke twitergile zorro-tzen txio garratzei esker. Eta programa kalitatekoa bada informazio gehigarriak, iritziak eta kritikak lor daitezke.
Smart-tv delako internetdun telebista inteligenteak iristearekin batera, goian aipatutako joera areagotu egingo da ziurrenik, eta oso urte gutxi barru telebista norabide biko tresna izango da, ikusleok aktiboki parte hartu ahal izango dugu eta.
Oraindik probatu ez baduzu, gomendatzen dizut arrakastako programa bat ikusi eta haren twitter hashtag (#)ean sartzea, eta ikusi ahala jarraitzaileek publikatzen dutena irakurtzea.
Aspertu, behintzat, ez zara aspertuko.
Pablo Moratinos
Marketing Online-ko aholkularia.
3yMedia Comunicación Digital