Txalapartaren doinuak hartu du Meaka

Antzinako perkusio instrumentuaren inguruko festa egin dute auzoan

SONY DSC

Txalaparta Egunaren lehen edizioa egin dute apirilaren 17an Meaka auzoan. Meaka-Festak jai batzorde berriak antolatutako lehen ekimena izan da, eta beste zenbait elkarteren eta establezimenduren babesa izan du. “Helburua izan da txalaparta zabaltzea, Irunen ezagutaraztea eta herritarrei gerturatzea. Denok maite dugu, baina urrun gelditzen zaigu”, azaldu du Meaka-Festak taldeko Iñigo Aizpuruak. Beste helburua, irundar askorentzat ezezaguna den landa eremuko auzora jendea erakartzea izan dela onartu du. Horretarako, txalaparta doinuez gainera, bestelako jarduerak ere prestatu dituzte. Goizeko 11etan hasi da festa, Ola sagardotegian. Handik irten da auzo osoa zeharkatu duen kalejira, Ondare Kultur Elkarteko buruhandiekin eta Luis Mariano erraldoiarekin. Artisauen postuak egon dira Olan, La Juanitan, Amona Kattalin Txokon eta Borda Txikin.

SONY DSC

Txalapartari dagokionez, Irungo Txalapartariak elkarteko eta haiek gonbidatutako txalaparta jotzaileek emanaldiak eskaini dituzte tabernen kanpoko aldean. Gainera, haurrentzako tailerrak eskaini dituzte auzo elkartearen egoitzan. Mattin Sorzabalbere aritu da, besteak beste, gaztetxoenekin: “Makilak hartu eta saltsan ibili dira. Erraz ikasten da hasieran, baina amaierarik gabeko ikasketa da”. Meaka Dantza Taldeko haurrek dantza emanaldia eskaini dute auzo elkartean, herri bazkariaren aurretik. Ondoren, ostatuetako arduradunek prestatutako janaria dastatu ahal izan dute bazkaltzera animatu direnek. Bazkalostean, Peio Urtxegik bizilagunen omenaldia jaso du, auzoaren eta dantzaren alde urtetan egin izandako lanagatik. Arratsaldean festak aurrera egin du, eta jendea Meakara erakartzen jarraitu du. Balorazio baikorra egin du Iñigo Aizpuruak: “Lehenengo ordutik, normalean baino jende gehiago ibili da auzoan. Pozik gaude egunarekin. Aurtengo emaitza kontuan hartuta, urtero egin dezakegun ekintza izan daiteke”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude