Hiriko gainontzeko kirol kluben antzera, Erroibide saskibaloi kluba agintariek pandemiaren bilakaeraren arabera ezarritako neurrietara egokitzen ari da. Denboraldi hasieratik klubaren jarduera murriztapen berrietara egokitu eta osasun agintariek markatutako gomendioak jarraituz saskibaloia praktikatzen jarraitzeko haien esku egon dena egin dute.
Urtarrilaren 11ean LABIko aholku-batzordeak COVID-19k eragindako osasun krisialdiaren egoerari aurre egiteko neurri berriak iragarri zituen. Hortaz, urtarrilaren 13tik Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratutako neurri berriak indarrean daude. Neurri berri horiek jarraituz, COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan maila guztietako lehiaketak eta entrenamendu osoak, mugikortasun murrizketarik gabe, baimentzen dira. Hala ere, jendea kirol ekitaldietara ikusle gisa joatea debekatuta jarraitzen du. Euskal Saskibaloi Federazioak bere lehiaketei berrekingo diela jakinarazi du, klubei aurkeztutako lehiaketa-oinarri berriak jarraituz.
Erroibide klubaren kasuan, neurri berrien arabera Bigarren Nazional mailan jokatzen duen taldeak txapelketara itzultzeko aukera izango du. Ana Iturria Erroibide klubeko lehendakariak azaldu duenez, klubeko kirolariak, entrenamenduetara itzultzeaz gainera, txapelketetan lehiatzeko irriketan zeuden. Klubeko lehendakariak adierazi duenez, “egoera oso aldakorra da eta ezinezkoa da etorkizunera begira aurreikuspenak egitea”.Gauzak horrela, klubean entrenamenduak mantentzea eta kideek haien kirol errutinak lehenbailehen berreskuratzea dira orain Erroibideko arduradunek buruan dauzkaten lehentasunak.
“Egoera oso aldakorra da eta ezinezkoa da etorkizunera begira aurreikuspenak egitea”
Ana Iturria, Erroibideko lehendakaria
Senior nazionaleko entrenatzailea eta Erroibide klubeko kirol-zuzendaria den Sergio Martínek modu positiboan baloratu ditu entrenamenduak mantendu eta txapelketara itzultzea ahalbidetzen duten neurriak. “Entrenatzeaz gainera, kirolariak partiduak jokatzeko desiratzen daude”, azaldu du klubeko kirol-zuzendariak. Denboraldia modu ezinhobean hasi zuen taldeak, izan ere, azken urteetako bolada txarra atzean utzi eta bi garaipen garrantzitsu eskuratu baitzituzten, taldea sailkapenaren lehen postuan kokatzea lortu zutenak. Etenaldiaren ostean, bigarren nazionaleko taldeak emateko duena iksuteko dago.
Erroibideko arduradunak klubaren etorkizun hurbilean zentratuta daude, egoerak urrutiegi begiratzeko aukerarik ematen ez duela ikusita. Esaterako, denboraldi hasieran jokalarientzako fitxak eskatu behar izan zituzten, denboraldian zehar txapelketara itzultzeko aukerarik izango ote zuten jakin gabe. Oraindik, ordea, txapelketak antolatu edo harmailetara Erroibideko jarraitzaileak itzultzeko aukerarik gabe jarraitzen du klubak. Momentuz, klubak 10 talde eta 150 jokalari inguru dauzka, beraz, saskibaloien neska zein mutilen kasuan datozen urteetarako harrobia bermatuta dagoela azaldu dute klubeko ordezkariek.
Txikiak kaltetuenak
Aurreko asteetan zehar, agintariek markatutako arauak jarraituz, klubak kadete, jubenil eta senior taldeen entrenamenduak berreskuratzeko aukera izan zuen. Klubeko bazkide txikienek, aldiz, 2020ko abenduaren 12tik ezin izan dira saskibaloi entrenamenduetara itzuli. Urtarrilaren 9an Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan Eskola Kirolaren itzulera eskatzeko mobilizazioak egin ziren eta urtarrilaren 11ean iragarritako murriztapen berrien arabera kirola maila guztietan praktikatu ahal izatea onartu zen, etxeko txikien poztasuna eraginez. Sergio Martín kirol-zuzendariak azaldu duenez, neurri berriak iragarri aurreko egunetan klubeko gurasoen hainbat dei jaso zituzten, gainontzeko gazteek bezala, txikiek saskibaloi entrenamenduetara zergatik itzul ez zitezkeen galdetuz.
“Entrenatzeaz gainera, kirolariak partiduak jokatzeko desiratzen daude”
Sergio Martín, Erroibideko kirol-zuzendaria
Hurrengo denboraldietan pandemiaren ondorioz gertatutako kirol etenaldiak klubeko kirolari kopuruan izango duen zeharkako eragina agerian geratuko da. Ana Iturria lehendakariak azaldutakoaren arabera, momentuz, Erroibidek bazkide kopuruari dagokionez ez du aldaketa handirik nabaritu. Dena dela, lehendakariak azaldu duenez, jubenil mailako jokalarien egoera kili-kolo ikusten dute. Izan ere, Batxilergoko ikasleak direnez, ikasketek garrantzi handia hartzen dute adin horietan, hortaz, Erroibidetik aurrerantzean taldeak mantendu ahal izatea espero dute.
Eragin ekonomikoa
Osasun krisialdiak baldintzatutako denboraldiaren gorabeherak klubaren egoera ekonomikoan islatzen dira. Hain zuzen ere, Ana Iturria lehendakariak azaldu duenez, klubak diru-laguntzei esker funtzionatzen du. “Orain dela gutxi 2019. urteari dagozkion laguntza jaso berri ditugu”, adierazi du lehendakariak. Azken diru sarrera horiei esker kluba aurrera jarraitu ahal izateko nola edo hala moldatzen ari dela baieztatu du Iturriak. Era berean, Erroibideko lehendakariak 2020ko laguntzen inguruan ezer gutxi dakitela azaldu du, “aurreko urteetako diru-laguntzen kopurua mantentzea espero dugu, etorkizunean klubak jarraipena ziurtatuta izan dezan”. Izan ere, murriztapen edo osasun krisialdiaren gorabeherez gainera, klubaren egoera ekonomikoak Erroibideren etorkizuna baldintzatu dezakeelako.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.