Andrea Nicolás eta Aritz Sistiaga,
1. eta 2. postua Euskadiko Interprete
Gazteen Lehiaketan
Euskadiko Interprete Gazteen Lehiaketako VII. edizioan, lehenengo eta bigarren sariak lortu dituzte Irungo Udal Kontserbatorioko Andrea Nicolás eta Aritz Sistiaga ikasle gazteek. Euren gitarrekin eskainitako errezitaldi bikainek sariaren merezidun egin dituzte Ana Ayneto irakaslearen ikasleak. Musika zaletasun duten bi gazte hauekin solasean aritzeko aukera izan dugu.
– Nola bizi dute momentuko arrakasta 14 eta 15 urteko bi gaztek?
A.S. Zoriontsu baino zorion-tsuago nago lortutako sariarekin, lehiakideak lehen mailakoak baitziren. Gainera, oso pozgarria da senideen, irakasleen eta erakundeen esker oneko hitzak jasotzea.
A.N. Iaz bigarren sailkatu nin-tzen eta ez nuen batere espero aurten lehen saria irabaztea. Beraz, oso pozik nago.
– Hainbat zaletasunen artean, musika aukeratu zenuten. Zergatik?
A.S. Txikia nintzela, arreba ikusi nuen zeharkako flauta jotzen, eta horrek nire arreta piztu zuen. Gainera, betidanik miretsi izan ditudan rock taldeetako musikarien antzera, gitarra jo nahi nuen. Hori dela eta, egun gitarra klasikoa eta elektrikoa jotzen ditut.
A.N. Nire kasuan, musikaren zaletasunarekin hazi den familiako lehendabiziko kidea naiz. Musikaren munduak erabat erakartzen nau eta, gitarraz gain, tronpeta jotzen dut bigarren instrumentu.
– Tronpeta eta gitarra erabat desberdinak dira. Zaila al da bi tresna hauek aldi berean lantzea?
A.N. Bai, zuk esan bezala, erabat desberdinak dira. Beraz, hasiberriei gitarra gomendatuko nieke, tronpetari soinua ateratzea askoz zailagoa baita.
– Zenbat ordu eskaintzen diozue egunean musikari?
A.N. Gitarrari ordubete eskaintzen diot, eta tronpetari, berriz, hiru ordu laurden. Nahiz eta denbora dexente izan, ondo eramaten da.
A.S. Antzeko denbora eskain-tzen diot nik ere. Batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Eta etxean egindako lan horri kontserbatorioko orduak gehitu behar zaizkio.
– Zuen arrakastak emakume izena du, Ana Ayneto zuen irakaslearena, hain zuzen ere. Lan handia egin duzue elkarrekin, ezta?
A.N. Bai, noski. Eskerrak eman nahi dizkiogu, dakigun guztia berak erakutsi digulako eta sari honen erdia berea delako.
A.S. Primerako irakaslea da eta etorkizuneko ikasleekin sariak irabazten jarrai dezala opa diot.
– Nola bizi dituzue eszenatokira atera aurretiko momentu horiek?
A.N. Ni ez naiz batere urduri jartzen. Erabateko arreta eskaintzen diot gitarrari eta horrela nerbioak desagertzen dira.
A.S. Gurasoak ni baino urduriago egoten dira. Eszenatokira atera baino ordu erdi lehenago, denbora uzten digute birpasatzeko eta irakasleak bidaltzen dizkigun berotze-ariketak egiteko. Beraz, horretan jartzen dut arreta, eta urduritasuna alde batera geratzen da.
– Gazteak musikaren munduan murgiltzeko, zer esango zeniekete?
A.N. Instrumentu bat jotzeko gai izatea primerako esperientzia dela esango nieke.
A.S. Niri gehien gustatzen zaidana da zure talde gustukoenaren abestiak zure erara jo ditzakezula, eta beraiek eszenatokira igotzean sentitzen dutena, neurri batean, senti dezakezula.