Zaisa Txingudi kluba erronkez betetako denboraldia prestatzen ari da. Klubak harrobia eta Touch sekzioa sendotzeaz eta seniorren gizonezkoen taldea euskal lehen mailara itzularazteaz gain, emakumezkoen senior taldea aurrera ateratzeko erronka onartu du. Horrela, Irunen emakumeei etenik eta oztoporik gabe errugbian aritzeko aukera eskaini nahi die klubak.
Txingudi Errugbi klubak uztailean iragarri zuen epe ertainean emakumezkoen talde bat sortzeko nahia. Roberto García “Pachi” klubeko zuzendari teknikoa da emakume taldea sortzeko proiektuaren buruzagietako bat. Emakume talde hori sortu ahal izateko plan bat prestatu da eta planaren oinarriko helburua hauxe da: klubeko 14 eta 16 urtez azpiko kategorietan ahalik eta neska gehien biltzea, horiek prestatu eta etorkizunean osatu nahi den talde seniorraren muina bihur daitezen.
Entrenamenduak martxan
Entrenamenduak irailaren 13an hasi ziren eta astero errepikatuko den hitzordua asteartetan izango da, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Txingudi Errugbi klubak emakumeen talde berrira batzeko gonbidapena egin die, klubean dagoeneko jokatzen duten neskez gain, errugbia probatzera hurbildu nahi duten 14 urtez azpiko neska guztiei. Entrenamenduak Plaiaundiko instalazioetan egingo dira.
Gaur egun, hamar dira Zaisa Txingudiko taldeetan diharduten emakumezkoak. Elene Tristán eta Aitana Garrido Txingudi Errugbi klubeko bi jokalari dira eta datorren denboraldian sortu berri den emakumeentzako talde berriarekin batera entrenatuko dira. Oraingoz, bi neska horietaz gain, Maiderrek, Lupek eta Gretak osatzen dute talde berria. Talde txikia handitzeko asmoz entrenamendu irekiak antolatuko dira urte osoan zehar. Elene Tristanek azaldu duenez, “talde berri honen helburua da errugbia kirol hau ezagutu nahi duten neskengana hurbiltzea, beraientzat kirola probatzea errazagoa izan dadin”.
Gaur egun Txingudi Errugbi klubaren arazo nagusia senior mailan dago. Izan ere, neskak maila horretara iristen direnean talderik gabe aurkitzen dira. Txikiak direnean talde mistoetan jokatzeko aukera duten arren, senior mailan emakumeen eta gizonen taldeak banatu egiten dira. Beraz, senior mailan talde bat sortuz gero, emakumeek errugbian jokatzen jarraitzeko aukera izango dute, kirola utzi edo Gipuzkoan nesken taldeak dauzkaten taldeetara aldatu beharrik gabe, gaur egun gertatzen den moduan. Elene Tristánek azpimarratu duenez orokorrean neskak erakarri nahi dituzte Txingudi Errugbi Klubera, egun mutilekin alderatuta askoz gutxiago dira eta.
Beldurrik ez
Partiduak eta liga jokatzera iritsi aurretik, entrenamenduak eta kirola probatzeko lehen hartu-emana egitea funtsezkoa da. Elene Tristán kirolariak entrenamenduetan lan egiteko modua azaldu du bere adineko neskak errugbia probatzera animatu daitezen. “Entrenamendua beroketa ariketekin hasten dugu eta taldean inoiz errugbira jokatu ez duen neskarik bada, oinarrizko azalpen guztiak ematen zaizkio oinarrizko arauak ondo ulertzen dituen arte”, adierazi du Txingudi Errugbi klubeko jokalariak.
Klubera jende berria hurbiltzen denean nolako harrera egiten dioten azaldu dute Elenek eta Aitanak. “Gure taldean norbait berria sartzen denean kontakturik gabeko paseak eginez hasten gara, hasieran minik edo beldurrik hartu ez dezaten”, adierazi du Aitana Garridok. Elene Tristánek gaineratu duenez, “Errubia kontaktu handiko kirola da eta noizbait mina hartzea gertatu daiteke, baina ez beti”. Behin oinarrizko nozioak barneratuta, txokeak egiten eta plakatzeak egiten hasten dira, beti jokalari berriak horretarako prest daudela ikusten dutenean.
Txingudi Errubi klubeko bi jokalariek aho batez onartu dute beldurra izan daitekeela neskak errugbian aritzera ez animatzeko arrazoietako bat. Elene Tristán bere esperientzia propioan oinarritu da hasierako beldur hori azaltzeko. Elenek adierazi duenez, “nire lagunak errugbia probatzera animatu nituen, baina beldur handia diote kontaktuari edo kirola egiten duten bitartean mina hartzeari”.
Txingudiko kirolariek beste zailtasun bat aipatu dute errugbian dabilen neska kopuru txikia azaltzeko: Lurra. Aitana Garridok azaldu du lurra bustitzen denean eta lokatza sortzen denean jendeari nazka eman diezaiokeela. “Benetan errugbiaz gozatzen duen jendeak bakarrik daki zeinen dibertigarria den lokatzetan jolastea”, azaldu du Garridok. Gainera, lokatza dagoenean lurzorua biguntzen denez mina hartzeko aukera gutxiago dago.
Hala ere, beldurra kentzeaz gain, minik ez hartzen ere ikasten da. “Kanpotik ikusita mina hartzen dugula iruditu dezakeen arren, askotan ez da hainbesterako”, azaldu du Aitana Garridok. Gainera, Elene Tristánek gaineratu du errugbian jokatzerakoan badagoela babes bereziak erabiltzeko aukera: ahoko-babesa, sorbalda-babesa, zango-babesa eta kaskoa.
Bigarren aukera
Beraz, Txingudiko bi neskek aholku bera eman nahi diete oraindik errugbia probatzeko zalantzan dauden horiei: etortzea eta probatzea. Elene Tristánek azaldu du Plaiaundira hurbiltzea eta kirolari aukera bat ematea funtsezkoa iruditzen zaiola, nahiz eta gero ez gustatu eta berriro ez itzultzea erabaki. “Nik behin baino gehiagotan probatzea gomendatuko nuke, izan ere, lehenengo aldian agian ez zaizu gehiegi gustatzen ikusten duzuna, baina behin baino gehiagotan eginda pixkanaka erosoago sentituko baitzara”, gehitu du Garridok.
Esandakoarekin neskaren bati errugbia probatzeko gogoa piztu bazaio asteartero 17:30etan Plaiaundiko instalakuntzetan aukera hori izango dute Txingudi Errugbi Klubari esker. Talde txiki batekin abiatuta ere, ikusteko dago etorkizunak zer daukan prest Txingudiko neska errugbi zaleentzat.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.