Emakumezkoen senior taldea osatzeko proiektuak larunbatean aurrerapausu garrantzitsua eman zuen. Izan ere, Txingudi Errugbi Klubak lehen aldiz emakumezkoen taldea zelairatu ahal izan baitu. Mugako taldeak, 13 eta 16 urte bitarte neskek osatuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian Nafarroako sub 14 eta sub 16 selekzioaren aurka aurpegia ematen jakin du, emaitza gutxienekoa zen norgehiagokan.
Txingudiren partetik jokalari Michelle Orozco, Irati Lazkano (kapitaina), Paula Da Purificaçao, Onintza Burgera, Lupe Pescador, Maier Aia, Greta Gutiérrez, Eider Santamaria, Laida Rodríguez, Lorena Cueva eta Silvana Orsek jokatu dute. Hamabostekoa osatzeko sei jokalari nafarren, Elba Gutiérrez, Lorea Rekarte, Araia Santos, Ainara Hortelano, Iris Calleja eta Arrate Garcésen, laguntza izan dute.
Hasierako hunkidurak eta urduritasunak jokoan behar bezalako arretarekin sartzea eragotzi die mugakoei, baina, denbora pasa hala, konfidantza irabazten joan dira defentsan lan txukuna eginez. Bigarren zatia kontzentrazioa handiagoarekin hasi dute eta jokoak nabarmen egin du gora, etxekoen hogeitabikoan jokatzera helduz. Nafarren prestaketa eta esperientzia erabakigarria izan da bidasoarren erasoak atzera botatzeko, baina Maider Aizpurua eta Asun Gamíndezen neskek ez dute etsi eta gogoz mantendu dira partidaren amaiera arte.
“Hunkigarria izan da, oso harro eta oso pozik gaude gaur neskek egindako lanarekin. Jokatzera sartzeko gogoak izan ditugu ere!” zioten bi entrenatzaileak. Izan ere, Txingudi honen aitzineko zuzena den eta 1996tik 1999ra bitartean emakumezkoen euskal liga jokatu zuen RC Irun taldeko kideak izan ziren biak. “Gaur hamaika jokalari izan ditugu eta beste bost falta izan zaizkigu, hauetatik hiru Gipuzkoako selekzioarekin. Oinarri sendoa sortzen ari gara eta hemendik gora baino besterik ezin dugu egin” nabarmendu du Aizpuruak.
Gizonezkoen garaipena
Azken sailkatuak, La Unicaren bigarren taldeak, aurre egin die Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilei, argi eta garbi erakutsiz aurtengo liga uste baino berdinduagoa dagoela. Zaisa Txingudiren hamabostekoa Aritz Rodríguez, Aitor Asurmendi, Joao Costa, Jon Mediavilla, Jenö Kocsis, Iker Tejero, Imanol Aizpurua, Carlos Lora, Ioritz Franco, “Lutxo” Echevarria, Erlaitz Ayuela, Teo Arruti, Ekain Hiribarren, Alberto Robleda eta Adur Manterolak osatu dute. Jon Sánchez, Asier González, Javi Boes, Carlos Pérez eta Mikel Genua aulkian hasi dira. Pedro Montoya izan da epailea.
Zelaiaren egoera kaxkarrak eta giro hotzak nabarmen eragin die Irun eta Hondarribikoei partidaren hasieran. Hamahirugarren minutuan, nagiak kentzea lortu ondoren, Alberto Robledak entsegua egitea lortu du etxekoak aurretik jarriz. Lehenengo marka honek kanpokoen erreakzioa eragiteko balio izan du eta berdintasuna 17. minutuan iritsi da (5-5). Honen ondorengo joan-etorriak norgehiagoka lehia bizian mantendu du, baina Txingudi izan da markagailua berriz mugiaraztea lortu duen bakarra. 24. minutuan, Adur Manterolak eraldatu du Ekain Hiribarrenen entsegua 12 eta 5eko abantaila markagailuan ipintzeko.
Atsedenaldiaren ondoren, aulkiko errefortzuek etxeko taldea indarberritu dute eta bigarren zatia guztiz kontrolpean izan du Txingudik. 42, 45 eta 66. minutuetan, Mikel Genuak, Teo Arrutik eta Adur Manterolak marka bana lortu dute 22 puntuko abantaila lortzeko (27-5). Azkenengo jokaldietan, La Unicak ohorezko entsegua lortu du, eraldatu duena (27-12).
Emaitza honekin, sailkapeneko bigarren postuan are indartsuago egin da Txingudi.