Ikasleen lanak Irunero aldizkariaren hurrengo zenbakietan argitaratuko dira
Txingudi Ikastolako DBHko 3. mailako ikasleek komikien bitartez landu dituzte euskal arrantzaleek Ternuara egindako bidaiak. Elias Goiburu Gizarte irakasleak komikiak egiteko ideia nola sortu zen azaldu du eta komikiak egin dituzten ikasle batzuek esperientzia zer iruditu zaien kontatu dute. Erreportaje honen barnean Txingudiko ikasleek egindako komikietako bat txertatu da eta beste komikiak urte osoan zehar Irunero aldizkariaren hurrengo zenbakietan argitaratuko dira.
Elias Goiburu Txingudi Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailan Gizarte ikasgaiko irakaslea da. Irakasleak azaldu duenez, 2020ko Gabonetako oporren aurretik ikasleekin Aro Modernoaren gaia landu zuten. “Colonek Gaztelako Erresumarentzat egindako 4 bidaiak aztertu genituen”, adierazi du Elias Goiburuk. Ikasleek klasean landutako edukien alde praktikoa ezagutzeko aukera izan zezaten, Donostiako Albaola Itsas Kultur Faktoriara ikasleekin irteera bat egitea erabaki zuten. Elias Goiburuk azaldu duenez, “irteera ikasgai desberdinen arteko diziplinartekotasuna lantzeko modu aproposa iruditu zitzaigun, Gizarteko edukiak lantzeaz gain, beste ikasgaietan ikasitakoa praktikan jartzeko balioko zuelakoan”. Irteeraren ostean, klasean landu beharreko edukiak jada amaituta zituztenez eta Gabonetako Oporrak hasteko denbora gutxi falta zela aprobetxatuz, komiki baten bitartez euskal arrantzaleek baleak arrantzatzeko Ternuara egindako bidaiak modu ezohiko batean lantzea bururatu zitzaien.
Komikien sorrerarako irakasleak ikasleei gai orokorra eman zien: euskal arrantzaleak Ternuan baleak arran- tzatzen zituzten garaia. Ikasleei komikien munduan murgiltzen laguntzeko ikastetxearen webgunean eskegitako baliabideak erabili zituzten, komikien sorrera prozesuari buruzko bideoak zehazki. Goibururen hitzetan, tutoretza bideo hauen bitartez ikasleei gagaraiaren gaineko ideia orokorrak helarazi nahi izan zizkieten; ostean, ikasleek landu nahi zuten gaia eta ikuspuntua erabaki zezaten. Horrela, ikasleek sortutako komikiek egileen ukitu berezi izan dute.
Agindutik emaitzara
Ikasleek aurreko hilabeteetan zehar ikasgelan landutakoa islatuko zuten komikiak sortzeko proposamena beso zabalik onartu zuten. Komikiak sortzeko, ikasleak binaka elkartu ziren eta ikasleen artean jarduerak arrakasta izan duela dirudi. Laia Hernandez eta Ane Ferreira 3.Bko ikasleek hainbat pertsonai elkartzen dituen komiki bat sortu zuten. Ane Ferreirak azaldu duenez, hasieratik ideia nahiko argi izan zuten arren, istorioa idaztea konplikatuagoa izan zitzaien, gaian sakontzeko denbora gutxi izan baitzuten. Bestalde, gaiaren inguruko informazioa biltzeko eskola orduetan Interneteko baliabideak erabili zituztela adierazi du Laia Hernandezek. Era honetan, komikiaren sorrera etxean amaitu behar izan zuten, Anek gidoia idazten zuen bitartean Laiak marrazkiak egin zituelarik.
Nora Celihueta eta Aiora Hernandorena 3.A gelako ikasle bikotea dira eta haien komikian garai hartako emakumeen desioak eta gogoetak lantzea erabaki zuten. Nora Celihuetak adierazi duenez, portuan lan egiten zuten emakumeez aritu dira, emakumeek gizonen antzera itsasoan arrantzan lan egin nahi zutela marrazkien bidez islatzeko. Dena den, Aiora Hernandorenak onartu zuenez, komikien sorrerak azterketa garaian harrapatu zituen ikasleak, beraz, lana amaitzeko etxean ordu gehigarriak sartu behar izan zituzten emaitza dotorea izan zedin.
Komikien sorreran maisu
Irunero aldizkariaren zenbaki honetan zein hemendik aurrerako zenbakietan argitaratuko diren komikien emaitza ikusita, Txingudiko ikasleak komikiak egiten maisuak direla dirudi. Esaterako, Laia Hernandez eta Ane Ferreirak komikiak irakurtzeko ohitura dutela onartu dute. Hala ere, ikasle guztiek ez dute komikiak egin edo irakurtzeko ohiturarik. Nora Celihuetak, adibidez, honakoa komikia jorratu duen lehengo aldia izan dela onartu du. Aiora Hernandorenak, berriz, normalean komikiak egiteko ohiturarik izan ez arren, aurreko urtean Plastika irakasgaian komiki bat egin zutela gogoratu du.
Emaitza ikusita, jarduerak arrakasta izan duela dirudi, bai ikasle zein irakasleen artean. Izan ere, ikasleentzat bereziki erakargarria izan da ikaskideekin elkarlanean, apunteak hartzea, azterketak prestatzea edo irakasleen diskurtsoak entzutetik harago, lan berezi bat egiteko agindua jasotzea. Elias Goiburu irakasle den aldetik jarduerak izandako emaitzarekin pozik azaldu da eta datozen ikasturteetan ekintza errepikatzeko gogoak dituela onartu du.
Itsasontzi baten…
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.