2020ko etenaldiaren ostean, Bidasoa Altetiko Taldeak aurten Txingudi Korrikaren 22. edizioa aurrera eramatea lortu du. Lasterketa irailaren 18an egingo da eta, ohiko moduan, lasterketak Txingudi eskualdea osatzen duten hiru hiriak lotuko ditu. Probak guztira 10 kilometroko luzera izango du eta Hendaiatik irten eta Irun igaro ostean, Hondarribira iritsiko da.
Aurten Txingudi Korrika aurreratu egin da, ohi baino bi aste lehenago egingo baita. Izan ere, Mugikortasunaren Europako Astea ospatzeko antolatutako jardueren barruan kokatzen da lasterketa. Bestalde, Bidasoa Atletiko Taldeak Gipuzkoako Irristaketa Federazioaren eskaera jaso du Txingudi Korrikaren barruan Patinatzaile Federatuen Gipuzkoako Txapelketa antolatu ahal izateko eta horrela egingo da.
2021eko Txingudi Korrikan parte hartzeko izen-emateak zabalik daude Kirolprobak webgunean. Horretaz gain, inskripzioa aurrez aurre egiteko aukera izango da Irungo Leire Sport eta Hondarribiko Papikop dendetan edo Bidasoa Atletiko Taldeak Palmera Montero gunean 2. solairuan 8. bulegoan duen bulegoan. Egungo prezioa 13 eurokoa da eta probaren egunean, berriz, 20 eurokoa izango da. Probaren antolakuntzaren izenean Ibon Muñozek gogoratu duenez, “aurten inoiz baino gehiago izen ematea aurretiaz egitea gomendatzen da, pilaketak saihestu eta probaren antolaketa errazteko”.
Bidasoa Atletiko Taldeko Iñigo Eseverrik dortsalak probaren egunaren aurretik irailaren 17an arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara jaso ahalko direla azaldu du. Banaketa Palmera Montero gunearen kanpoan egingo da eguraldiak uzten badu, bestela, eraikinaren barnean egokitutako aretoren batean. Eseverrik azpimarratu duenez, aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat zera da, norberak bere dortsala jaso beharko duela, Covid pasaportea eskatuko baita. Hortaz, ezingo da beste pertsonen izenean dortsalik hartu. Era berean, probaren egunean bertan irteeran arratsaldeko 14:30etatik 16:15etara dortsalak banatzen jarraituko da. Hala ere, Iñigo Eseverriren hitzetan, “ahal den neurrian dortsalak ostiralean jasotzen saiatzea eskatzen dugu”.
Txingudi Korrikaren aurkezpenean Ibon Muñozek izen-emateen errepasoa egin zuen eta probaren 22. edizioan jada 350 parte-hartzailek baino gehiagok izena eman dutela gogoratu du. “Inskripzioek erritmo oso ona hartu dute, beste urte batzuekin alderatuta”, adierazi du BATeko kideak. Iñigo Eseverrik gaineratu duenez, “nabari da korrikalari herrikoiak dortsal bat zintzilikatu eta lasterketetan parte hartzeko gogoa duela”. Aurreko urteetako kopuruak kontuan hartuz, lasterketan 600 pertsonek parte hartzea da antolatzaileen helburua.
2021eko Txingudi Korrikaren ibilbidea Hendaiako Floridako kaian hasiko da, Irungo erdigunetik igaro eta Hondarribiko Hondartzako atletismo pistan bukatuko da. Lasterketaren azken edizioan, 2019an, ibilbidean zenbait aldaketa egin ziren Hendaiako tren geltokiko lanak saihesteko. Behin lanak amaituta, 2021ean Txingudi Korrikaren ohiko ibilbidea berreskuratuko da. Hain zuzen ere, anoa-postua 5. kilometroan kokatuko da, Irungo Colon pasealekuan. Aurtengo edizioan anoa-postuan ezingo da Txingudiko Zerbitzuen laguntza izan eta Insalusen eskutik botilatxo itxiak banatuko zaizkie parte-hartzaileei.
Aurten ez da helmuga eta irteera lotuko dituen autobus zerbitzurik izango. Aitzitik, txalupa-zerbitzua mantendu egiten da. Portu zaharretik abiatuko dira ontziak arratsaldeko 15:00etatik 16:00etara bitartean, eta bertan erosi ahal izango dira txartelak. Autoz joatea erabakitzen dutenentzat, irteeraren ondoan dagoen aparkalekuan korrikalarientzako leku batzuk gordeko dira.
Antolaketa lasterketan zehar
Korrikalarien irteera mailakatua izango da eta irteerak antolatzeko lasterkarien dortsalen koloreak erabiliko dira. Izan ere, lau kolore erabiliko dira korrikalariak lasterketa egiteko duten denbora estimatuaren arabera antolatzeko. Azkarrenak izango dira irteeratik ateratzen lehenak eta motelenak, aldiz, azkenak. Rollerren irteera 16:20tan izango da eta korrikalariena, berriz, 16:30etan.
Berotzen ari den bitartean eta irten aurreko uneetan, musukoa edo maskara nahitaez erabili beharko da. Irteerako arkua igaro ondoren, korrikalariek kendu eta berekin eraman ahal izango dute, edo, bestela, irteeran kokatutako edukiontzietara bota. Helmugara iritsi bezain laster maskara erabili beharko da berriro eta, irteeran bota dutenei, musuko berri bat emango zaie.
Kontsigna zerbitzuak beti bezala funtzionatuko du eskumuturrekoekin. Bilketa eremua atletismo pistatik kanpo kokatuko da, hain zuzen ere eranskineko aparkalekuan, helmugan pilaketak saihesteko. Helmugara iritsitakoan, lasterkarien poltsa banatuko zaie eta atletismoko pista utzi beharko dute helmugako korridoreari jarraituz aparkalekuraino iristeko, eta sarituak bakarrik geratu ahal izango dira bertan. Sariak lehen bost gizonen (absolutua), lehen bost emakumeen (absolutua), Irun, Hondarribia eta Hendaiako lehen lasterkarien, lehen hiru rollerren eta lehen hiru handbikeen artean banatuko dira. COVID dela eta, helmugan ez da dutxa-zerbitzurik egongo.
Hartutako neurri eta aldaketa guztiak korrikalariei gogorarazteko, proba egin baino astebete lehenago, antolakuntzak informazio-ohar bat bidaliko die lasterketako parte-hartzaile guztiei posta elektronikoaren bidez.
Etorkizunerako erronkak
Txingudi Korrika Txikia lasterketaren larunbat goizean bertan egin ohi zen. Hala ere, probaren ezaugarriak, bildutako pertsonen kopuruak eta inplikatutako adinak egungo neurriekin eta egoerekin talka egiten dutenez, klubak Txingudi Korrika Txikiaren edizio hau bertan behera uztea erabaki du.
Ibon Muñozek azaldu duenez, “Hurrengo lasterketak antolatzen hasi gara, hala nola, Osasunaren Aldeko Milak, Gabonetako Krosa eta Irungo Maratoi Erdia 2022ko otsailerako, egoerak hala ahalbidetzen badu”. Bidasoa Atletiko Taldeko Iñigo Eseverrik azpimarratu duenez, “lasterketak berreskuratu nahi ditugu, baina ez edozein preziotan, guztion segurtasuna bermatu behar dugu”.