Txingudiko bertso eskolak ikasturte berriari bertsotan ekiteko prest daude

Txingudiko bertso eskolek dena prest dute ikasturte berriari ekiteko. Ezagutza maila guztietako bertsolarientzako lekua izango dute Txingudi badian zehar sakabanatutako kideek. Eskolez gain, bertsolaritza zabaldu eta ezagutarazteko bestelako egitasmoak antolatuko dituzte urtean zehar. Irunero aldizkarian, berriz ere Irunabar elkartetik igorritako bertso paperak argitaratzen jarraituko da hilero. Adrian Arrutik bertso ikasturtearen lehen zertzeladak eman ditu.

Irunabarren nobedaderik duzue hastear den ikasturterako?
Ikasturtero bezala, aurten ere bost bertso eskola kudeatuko ditugu Txingudiko Partzuergoarekin batera Txingudiko Bertso Eskolaren barnean. Bertan urtero planteatzen ditugun bertso eskola beretsuak daude. Haurren bertso eskola astelehenetan egiten da eta Irati da irakaslea. Nerabe eta helduentzako bi bertso eskola ditugu, hastapenetan aritu nahi duten horientzat. Bestetik, bat-batean aritzen den taldea dugu heldu eta nerabeentzat. Jarduteko bertso eskola ere badugu, urtero bezala Jaizubian egiten duguna. Bukatzeko, bertso tailerrean bertsoetan oinarrituta hainbat proiektu burutzen dira, nahiz eta azken urteetan pandemiaren ondorioz ezin izan ditugun proiektu asko egin. Aurten Bertso Mendariak berriz jarriko ditugu praktikan; ikasturte amaierako bertso eskolen eguna antolatu nahi dugu eta Irunabarrek aurten 15. urte beteko dituen honetan, horrekin loturiko proiektutxo bat egiten saiatuko gara.

Bilgunea 15. urteurrena ospatzear dagoela nabaritzen da?
Bai, egia da hastapenetatik hona jende asko bildu dela eta jende askorekin atera ditugula proiektuak aurrera. Esanguratsuenak nik uste, tokian tokiko bertso saioez gain, Irunerorekin edo Hitzarekin daukagun bertso paperen hilabeteko emaria. Txoro-txoro, egitasmo horrek ez dauzka 15 urte, baina 15 urte hauetan zehar bilgunean parte hartu duten ikasle eta erabiltzaileek sortutako sorta dezente joan dira honezkero. Horrekin lotuta, proiektu bat martxan jartzen ari gara bertso sortak sortzeko lana kolektibizatu eta gaiak, doinuak, neurriak eta trataerak aukeratzerakoan, egon daitezkeen zailtasunak gainditzeko. Martxan jarritako proiektuaren bitartez jada bertan daudenak lana egiten jarraitu dezaten eta garai batean egon zitezkeen bertso jartzaileak berriro aktibatu daitezen. Eskualdeko edonori zabaldutako proiektua izango da.

Beraz, maila guztietako bertsolarientzako lekua duzue?
Bai. Metodologia ezberdina da haurren eta helduen kasuan. Haurren kasuan modu askoz ere ludikoago batean hasten dira, hizkuntza, bertsoekin eta jolasekin lotuz. Hastapenetan trebatu ondoren, beraiek ere badute lehenengo bertso jarriak edo bertso paperak sortzeko proiektua. Helduen kasuan, Aitor Errazkin arituko da irakasle bertan eta ludikoa izaten jarraitzen duen arren, pedagogikoki beste maila bateko edukia izaten du. Oinarrizko irizpideak eta pausuak emateaz gain, errimategia eta doinutegia lantzen dute, bertsoen sorrera, nahiz eta horretarako askotariko materiala dagoen eta bakoitzak bere erara egiten duen.

Edonor izan daiteke bertsolari?
Nik esango nuke honezkero mundu guztiak aitortzen duela bertsolaritza edonorentzako izan daitekeela. Garai batean esaten zen bertsolaria sortu egiten zela, baina gaur egun bertsolaria egin egiten da. Beraz, denborarekin edonor izan daiteke bertsolari, hizkuntza delarik horretarako bidea. Matematika bezala, ikasten den zerbait da. Ni neu izan naiteke adibidez, ez bainitzen bertsolari familia bateko kide, eta gerora ikasi dut.

Zeintzuk izango dira ikasturteko data esanguratsuak?
Helburua da urritik aurrera ikasturtea martxan jartzea. Esan bezala, Aitor eta Irati arituko dira helduen eta haurren hastapenerako bertso eskoletan. Abelek Jaizubiari ekingo dio eta jarduneko bertso eskolan arituko da. Nik bertso tailerrak eta helduen bigarren faseko taldea kudeatuko dut. Behin hori martxan jarrita, helburua izango da, nahiz eta oraindik ez dugun datarik itxi, Bertso Mendari kolektibo bat antolatzea urte naturala bukatu aurretik. Etorriko dira ere beste eragileek deitutako bertso saioak eta gu plazan ikusteko beste aukerak. Ikasturtea aurrera joan ahala zehaztuko ditugu beste data esanguratsu batzuk.

Duela gutxi Bertso Jartzaileen I. Topaketa antolatu duzue. Nola joan da?
Dozena bat lagun bildu ginen. Honezkero elkar ezagutzen genuen eta oso modu erosoan aritu ginen. Lehen saio honen helburua informazio bilketa bat egitea zen. Hortik abiatuta guk gure lantxoa egin beharko dugulako hurrengo ekimenetan zein euskarri eman edo nola landu erabakitzeko. Beraz, oso ondo aritu ginen, hiru ordu eman genituen AEKn eta hemendik bi edo hiru hilabetera beste juntadizo bat egingo dugu bigarren fasearekin hasteko. Bertan bertso jarriak nola egin eta zein puntutik landu behar diren jorratuko dugu. Gure blogaren bitartez emango dugu bigarren hitzordu horren berri eta, horrez gain, Irunabarrek blogaren bitartez emango du Txingudiko Bertso Eskolek eduki dezaketen edozein egitasmoren berri.

Irun bezalako hiri batean bertsotan aritzeko lekua topatzea erraza da?
Bat-bateko bertso jarduna kalean izaten da normalean eta hor elkarlan ezberdinak izaten ditugu. Urtetan Kabigorri izan genuen, baina orain edozein auzo elkarterekin edo eskolekin antolatzen ditugu jende aurreko ekitaldiak. Bertso eskolei begira, Irunabarrek ez dauka lokal propiorik, beraz, beste eragile batzuekin elkarlanean aritu behar dugu. Adibide garbiena da AEK. Txingudiko beste eragile batzuk ere badauzkagu, esaterako, Hendaiako Gaztetxea edo Hondarribiko Muara elkartea. Bere garaian, Hazia kultur elkartearekin hartu-emanak egiten genituen. Nolanahi ere, gurekin harremanetan jarri nahi duenarentzat hoberena gure blogera jo eta bertan adierazten diren telefono zenbakietara deitzea edo bertan zehazten den emailera idaztea da.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude