Irungo Txirrindulari Elkarteak aurten bost talde izango ditu, eta lehendabiziko aldiz master 30 kategorian lehiatuko da, alegia, 30etik 39ra urte bitartekoenean.
Pasa den martxoaren 10ean Bidasoa eskualdeko txirrindularitzak hitzordu garrantzitsua izan zuen Atalaia Hotelean, Irungo Txirrindulari Elkarteak 2013ko denboraldirako dituen taldeen aurkezpena egin baitzuen. Bertan, hirurogei bat lagun bildu ziren, elkartea Euskal Herriko errepideetan defendatuko duten hogeita hamar txirrindulariei txalo egitera.
Aurten Irungo Txirrindulari Elkarteak bost talde izango ditu, beste hainbeste mailatan banatuta. Bat trialsin modalitatean arituko da, eta beste laurak, errepideko txirrindularitza arruntean alebin-infantil, kadete, junior eta master 30 kategorietan.
Sasoi honetan, Irungo klubak berritasun bat aurkeztuko du. Hain zuzen ere, lehendabiziko aldiz master 30 kategorian lehiatuko da, hau da, 30 eta 39 urte bitarte dituzten kirolarien mailan.
Baina Txapelketetan ibiliko den jendeaz gain, Juanjo Garagarza Irungo Txirrindulari Elkarteko lehendakariak aldarrikatu zuen bezala, “beste 120 bazkide ditugu federatuak, 18 eta 68 urte arteko zikloturistak direnak, eta hori guretzat oso garrantzitsua da, pixkanaka elkartea familia handi bat bilakatzen ari delako”.
Denboraldiak zazpi hilabete irauten du, eta probak asteburuetan soilik egiten dira. Martxoaren lehenengo igandean hasi zen ofizialki, eta irailaren azkenengo igandean bukatuko da. Egutegiak Euskadiko Txirrindularitza Federazioak egiten ditu, eta Juanjo Garagarzak argitu duen moduan, “klubek ez dugu zerikusirik kontu horretan”.
Nahiz eta lehiatzeko taldeak izan, Irungo Txirrindulari Elkarteko helburu nagusia ez da ahalik eta txapelketa gehien irabaztea, edota profesional mailan aritzeko txirrindulariak prestatzea.
Javier Uranga elkarteko kirol zuzendariak azaldu duenez, “gure izaera haurrak txirrindaren munduan heztea da, eta horretarako Irungo hainbat eskolatan txirrindarekin zerikusia duten ekintzak eta jolasak antolatzen ditugu”.
Txirrindaren kultura sustatu
Irungo erakundeak gehienbat herrian eta eskualdean txirrindaren inguruko kultura sustatu nahi du; izan ere eta Javier Urangak adierazi du martxotik urrira igandero irteerak antolatzen direla horretarako. “Talde ugari apuntatzen dira ordutegi ezberdinetan, eta denetariko ibilbideak daude. Urtearen bukaeran sariak banatzen ditugu proba gehienak egiten dituztenei”.
Taldeen aurkezpenean, Garagarzak Irungo herrirako txirrindarekin lotura duen proiektu berri baten asmoa buruan zuela aditzera eman zuen. Ideia da trialsin pista bat eraikitzea Irunen, eta, jakinarazi zuenez, “Udalak begi onez hartu du egitasmoa: ea egia bihurtzen den”.
Halaber, Irungo Txirrindulari Elkarteak lasterketak antolatzen ditu gure errepideetan, eta hori ere lan nekeza da. Eliteko eta 23 urtetik beherako mailan San Pedro Klasikoa prestatzen du, Juanma Garate zikloturista proba ere egiten du, eta trialsin modalitatean Euskadiko Txapelketarako baliagarria den lehiaketa ere Irunen antolatzen du.
Argi dago Bidasoa eskualdean txirrindularitzarako afizioa badela; ezbairik gabe, elkarte xarmangarri honexek du errua nagusiki.