Txistorra urte osoan zehar

Zer litzateke San Tomas eguna txistorrik gabe?
Baina egun bakarrean ez, urte osoan goza dezakegu produktu honekin.

gastrofesta05426

Gabonen atarian, abenduaren 21ean San Tomas eguna iristen zaigu, eta berarekin batera txistorraren usaina zabaltzen da Euskal Herriko hainbat txokotan. Esaera zaharrak ere hala dio: “Santo Tomaseko feria, txorizoa eta ogia!”. Zer litzateke San Tomas eguna txistorrezko talo, pintxo edo ogitartekorik gabe?
Azken urteotako joera ikusita, badirudi txistorrari izena aldatu beharko geniokeela. Errege eguneko errege-opilarekin gertatzen den bezala, txistorrari San Tomas eguneko txistorra deitu beharko genioke. Baina nik horren aurkako deialdia egin nahiko nuke, txistorra urteko 365 edo 366 egunetan goza dezakegun produktu bikain bat da. Berdin urtarrilean, maiatzean, abuztuan edo azaroan.
Zer da txistorra?
Txistorra txerri-haragiz, bara-txuriz, piperrautsez eta urez, besteak beste, eginiko hesteki bat dugu. Jatorria Euskadin, Nafarroan eta Aragoin du. Txistor mota desberdinak topa ditzakegu espainiar estatuan. Gipuzkoan historikoki San Martineko txerri-hilketen ondoren baliagarriak ez ziren txerriki zatiekin osatzen zen txistorra; baina gaur egun joera hori aldatu egin da eta adibidez burualdea eta hirugiharra erabiltzen dira txistorra egiteko.
Topa ditzakegun beste txistor mota batzuk dira Lodosa inguruko birika, non osagai nagusia txerri-birikak diren; Aragoiko Piriniotako berika, birikaz eta burualdeaz gain pankrea ere duena, Jaka aldeko Arbiellon gibela eta txerriaren beste zati batzuk ere erabiltzen dituztela. Eta Leongo txistorra, non txerri-haragiaz gain behi-haragia ere erabiltzen duten.
Nola prestatuko dut txistorra?
Normalean txistorra frijitua edo labean eginda jaten dugu. Horrela ez bada, sagardotan edo uretan egosia ere dasta dezakegu. Baina gaurkoan hesteki honekin gozatzeko beste modu sinple bat azaldu nahi dizuegu. Pasta brick delakoaren xerra bat hartu eta txistorra gainean jarri. Hestekia pastarekin inguratu eta zotz batzuen bitartez markaturiko zati txikietan moztu. Behin zati txikiak ditugula, oliotan frijituko ditugu. Horrela pintxo benetan gustagarri bat lortuko dugu, urte osoan zehar txistorraz gozatzeko beste modu gozo bat.
Gastronomia, arteaz gain, festa ere badelako, gozatu gastronomiaz, sukaldaritzaz eta bizitzaz. On egin!
Oraitz Garcia
gastrofesta.com

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude