Shanin Olagibelen figuraren inguruko erakusketak izandako arrakastaren ostean, Amaia KZren erakusketa ereamuak beste bi erakusketa hartuko ditu udaberrian. Apirilaren 12tik maiatzaren 5era bitartean, José Manuel Ábalos margolariaren «Bizitza olatu artean» erakusketa ikusi ahalko da. Maiatzaren 17tik ekainaren 2ra, berriz Udalaren Marrazketa eta Pintura Akademian 2023-2024 ikasturtean egin diren lanetako batzuk erakutsiko dira.
Nuria Alzaga Kultura ordezkaria erakusketa horien aurkezpenean izan da gaur goizean. Nuria Alzagak azaldu duenez, erakusketak modu jarraituan antolatzea da kultur programazioa diseinatzeko duten ardatzetako bat. “Amaia izaera sozialeko proposamenekin betetzen saiatzen gara: kultur ondarearen gaiarekin lotura daukaten erakusketak, hiriari ekarpena egingo diotenak eta herritarrentzako erakargarriak izango direnak”. “Beti da plazera artea eta talentua deskubritzea, dela artista ezagunen eskutik, dela hasiberrien edo bertako artisten eskutik”, erantsi du Kultur ordezkariak. Horregatik, Kultura arlotik herritar guztiei Amaia KZ bisitatzeko deia egin diete, proposamen horietaz gozatzeko.
«Bizitza olatu artean»
Apirilaren 12tik maiatzaren 5era bitartean, José Manuel Ábalos margolariaren «Bizitza olatu artean» erakusketa egongo da Amaia KZn. Artistak berak zuzenduko du inaugurazio-ekitaldia, ostiral honetan, 19:00etan.
Erakusketak berrogei margolan eta grabatu baino gehiago biltzen ditu. Horien bidez, artistak denboraren joana, itsasoa eta pintura lantzen ditu. Erakusketa maiatzaren 5era arte bisitatu ahalko da, 18:00etatik 21:00etara asteartetik larunbatera eta 11:30etatik 13:30etara igandeetan. Astelehenetan ordea, itxita egongo da.
Horrez gain, bi bisita gidatu antolatuko dira. Aurrenekoa apirilaren 13an izango da, 19:00etan hasita, Iñaki Moreno Ruiz de Eguinoren eta Ábalos egilearen beraren eskutik. Artistak beste bisita bat zuzenduko du maiatzaren 4an, 19:00etan. Bi bisitak gaztelaniaz egingo dira, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
José Manuel Ábalos
Ábalosen marrazketa eta pintura ikasi zituen José Camps eta Sánchez Guardamino margolariekin, baita Ascensio Martiarenarekin eta Jesús Gallegorekin ere. Arkitektura ikasi zuen Madrilen eta 1971n amaitu zuen karrera. Aldi berean, marrazketa, pintura eta eskultura ikasi zituen San Fernandoko Arte Ederren Fakultatean, Madrilen. Hiri hartako Arte Ederren Zirkuluan marrazketa naturala landu zuen.
Sari lokal eta nazional ugari eskuratu zituen gazteen marrazketa eta pinturaren alorrean, eta Gipuzkoako Artista Hasiberrien Txapelketako lehen saria irabazi zuen 1981ean.
Udalaren Marrazketa eta Pintura Akademiaren erakusketa
Maiatzaren 17tik ekainaren 2ra Udalaren Marrazketa eta Pintura Akademiaren txanda izango da: 2023-2024 ikasturtean egin dituzten lanetako batzuk erakutsiko dituzten Amaia KZko erakusketa-aretoan.
Kasu honetan, 6 eta 92 urte bitarteko hirurogei parte-hartzailek egindako ehun bat artelan izango dira. Besteak beste, Nestor Basterretxearen Gernika 50 lanean inspiratutako ariketa bat erakutsiko da.
Lan horiek proiektuen arabera multzokatuta daude, eta irudikapen naturalistako ariketak eta proposamen esperimentalak nahasten dira haietan. Askotariko prozedurak eta teknikak erabiltzen dira lan horietan, hala nola olio-pintura, arkatza, akrilikoa, argizariak, ikatz-ziria, akuarela, txantiloi marrazkiak eta collageak; eta euskarriak ere hainbat motatakoak dira, hala nola papera, euskarri zurrun inprimatuak edo mihiseak. Hiru dimentsioko lanak ere badaude, kartoi uzkurtuen bidez egindakoak, edota material industrialez osatutako behe-erliebeak.
Erakusketa asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etatik 13:30etara egongo da ikusgai. Irekiera egunean, maiatzaren 17an, bisita gidatu bat egingo da erakusketara.
Irungo Marrazketa eta Pintura Akademia espazio ireki bat da, eta pintura-eskolak ematen dira bertan, helduei, gazteei zein haurrei zuzenduak. Gainera, proiektu pertsonalak lantzeko edota programazio didaktikoak jarraitzeko aukera eskaintzen da. Erakusketa hau, beraz, ikasturte osoan Anaka auzoko Fabiola Erregina kaleko instalazioetan egiten denaren isla da.