Munduko hainbat bazterretatik Irunera etorri berriak diren gaztetxoek erronka bereziak dituzte: bizitokia, ohiturak, lagunak, eskola… ezezaguna duten inguru batekin topo egiten dute. Euskara ere unibertso berri horretan dago. Udagiro programaren bitartez oporretan laguntza eskaintzen zaie.
Irungo Udaleko Euskarako ordezkari Fernando San Martinek azaldu duenez, “programa honek jarraipena eman nahi dio udaldian Irungo ikaste-txeetan euskararen inguruan egiten den ahaleginari. Horregatik, hiriko ikastetxeen eta Herri Jakintza euskaltegiaren laguntzarekin, Euskara Arloak euskara sustatzeko programa hau diseinatu du ume horientzat, uztailean eta abuztuan, egunero, 10:30etik 12:00etara”. Programa horretan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.eko ikasleek eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2.eko ikasleek parte hartzen dute. Bertan hizkuntza-edukien transmisioa sendotzen dute, betiere jarduera ludiko eta dibertigarrien bidez.
Aurtengo uztailean 29 gaztetxok parte hartu dute, gehienak Hego Ameriketatik etorritakoak. Gema Urtizberea euskaltegiko zuzendariaren esanetan, “denak oso gustura aritzen dira; horren lekuko, uztailerako izena eman eta askok abuztuan ere jarraituko nahi dutela”. Euskara ikasteko “oso motibatuak” daudela dio. “Gurasoek ere interes handia dute eta eskaintzen zaien aukera hau asko eskertzen dute”.
Eskolan zenbait irakasgai euskaraz irakasten zaizkie, baina liburuak gaztelaniaz dituzte, azalpenak hobe ulertu ahal izateko.
Ainhoa Sagarzazuk, talde baten irakasleak, Udagiron ahozko hizkuntza lantzeari garrantzia handia ematen zaiola azaldu digu. “Oso modu ludikoan ikasten dute, guztion parte-hartzea bultzatuz. Gainera, tarteka, ikasle guztiak elkartzen ditugu jolasak egiteko”.
Diego Andres 15 urteko gazte kolonbiarra da. Joan den udaz geroztik Irunen bizi da. Esaldi bat osatzean elementuen ordena zaila gertatzen zaiola dio. “Poliki noa baina hobetzen ari naiz”, dio Kolonbiako beste gaztetxo batek.
Ibili, eraman, ekarri… oinarrizko mailatik murgildu behar dute euskaran. Emaitzak politak dira eta tarteka sorpresa pozgarriak ere hartu izan dituzte Herri Jakintzan. “Bai, Udagiron parte hartu zuten bost ikasle euskaltegira etorri ziren aurrerago, titulua lortzeko ikastera”, gogoratzen du Gemak.