Peli Lekuonak Irungo San Joan gauaz gozatu zuen, hainbat gaztek bezala. Lagunak, sua, bokatak eta, nola ez, Fermin Muguruza Kontrakantxaren kontzertua izan ziren osagai nagusiak. Hona gauaren kronika.
Uda ekainaren 23an hasten da; baina irundarrontzat, udaren hasieraz gain, gure herriko jaien hasiera ofiziala denez, gau hau berezia izaten da. Jaiak hasteko eta gauaz goza-tzeko gogoz irteten garelako irundar guztiok.
Etxetik irten nintzen autobus geltokirantz, eta San Juanen jaitsi ondoren koadrilarekin elkartzeko pasatzean, plazan bildu zen jende guztiarengatik argi ikusten zen herriak ikaragarrizko jai-gogoa zuela, eta Julen Aginagalde eskubaloi jokalariaren zain zegoela.
Koadrilarekin elkartu ondoren, guztiak Moskurantz abiatu ginen afaltzera, eta bertan Fermin Muguruza eta bere Kontrakantxa soinu-frogak amaitzen harrapatu genituen. Ikaragarrizko zortea izan genuen, soinu frogetara hurbildu ginenei Nik baditut sei abestia eskaini zigutelako.
Kontzertua baino lehen, sua
Gaueko kontzertuaren aperitibo hura dastatu ondoren, afaria dastatzera joan, txosnetan ogitarteko batzuk hartu eta plazan bueltatxo bat eman genuen, entsegu pare bat ere ikusiz.
Entseguak amaitzean, gaueko unerik bereziena iritsi zen plazan geunden guztiok su bihurtuko zen adar multzoa inguratu genuenean. Dantzariek su inguruan dantza egin zuten txistularien laguntzaz, gure artean ez daudenez oroitu eta adar multzoari su eman zitzaion txalapartarien doinuekin. Gaua ondo jarraitzeko, haurrek matematika eta ingeleseko liburuak bota eta lehen saltoak ikusi genituen.
Fermin Muguruzaren kontzertua
Dinamika hura jarraituta, plazako farolak bat-batean itzali ziren, kontzertua hastear zegoen
seinale. Fermin eszenatokira igo eta, motibatzen hasteko, abesti batzuen ondoren Urrun, Newroz eta Azoka eguna abestu zituen. Plaza puri-purian jarri zen jendearen dantza eta oihuekin. Ondoren, Victor Navarrete baxu-jolearen urtebetetzea zela esanda, plaza guztiak abestu egin zion. Kontzertuaren haria jarraituz, Zuloak taldea oholtzara igo eta abesti pare bat abestu zuten Kontrakantxarekin. Bestalde, Bad Sound Systemeko bikotea igo eta soinu frogako Nik baditut sei abestia berriro abestu zuten. Argi zegoen kontzertua amaitzen ari zela; baina Yalah yalah ramalah eta dub manifesta abestiak jo eta kontzertuko unerik apoteosikoena heldu zen Ferminen anaia Iñigo gora igo zenean, Kortaturen Sarri-Sarri abesti handia jo-tzera. Honenbestez, Moskuko plazak beste kontzertu historiko bat bizi zuen; gaua, ordea, ez zen amaitu.
Bad Sound System
Gaueko ordubata zelarik, txosnetan barrena ezagun batzuekin bezperako herri-bazkariaz hizketan aritu ginen. Hartan ari ginela, Bad Sound Systemen kontzertua hasi zen. Orduan Moskuko kontenedore bati su eman zioten arren, suhiltzaileek segituan itzali zuten sua. Moskun bueltaka segitzen genuela, Dia de jarana abestia entzutean jende ingurura berriro ere hurbildu ginen abestera; baina Sorkun ez zen abesten ari eta haren ordez Zozongo batukadako perkusio-jole batek ederki asko osatu zuen hutsunea. Fermin Muguruzaren Plastic turkey eta hirukote moskutarraren Builaka abestu zituzten. Kontzertua amaitzen ari bazen ere, publikoaren presioarengatik oraindik Toots and the maytals taldearen 54-46 abestia entzuteko aukera izan genuen. Kontzertua amaitzean, Moro abeslariarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Publikoak borrokan jarraitu behar duela esan zidan, Bad Sound Systemen 7 urteko erresistentziak emaitza onak ekarri dituelako eta Moskuko musikari gehiagok bertako oholtzan aktuatzeko eskubidea dutelako. Moskun bueltaka jarraitu genuen, ezagunekin hitz egiten eta gauaz gozatzen, gau luze hura ezin zelako bi kon-tzertutara mugatu.
Peli Lekuona