Udal eraikinen irisgarritasuna areagotzeko seinale berriak ipini dira

Mónica Martínez arloko ordezkariak  azaldu duenez, “jarduketa honen helburua da instalazio hauetara jotzen duten guztien orientazioa eta autonomia sustatzea, ikusi edo entzuteko arazoak edo arazo kognitiboak dituzten gorabehera. Desgaitasunen bat duten eta udal eraikin hauek erabili nahi dituzten pertsonek ahalik eta irisgarritasun baldintza onenak izan ditzaten bermatu nahi dugu”. 

Zehazki, Palmera-Montero Gunean, CBAn, Amaia KZn eta Gizarte Ongizateko eta Hezkuntza eta Gazteriako arloen bulegoetan jarri dira seinale berriak. Zentro horietako batzuetan baziren dagoeneko gune eta eremuak identifikatzeko seinaleak, eta, beraz, proiektu honen bitartez, seinaleak ordezkatu eta/edo beharrezkoa zen neurrian osatu dira. Seinale erabilerraz eta bateratuagoekin ordezkatu dira, zentroak errazago, modu irisgarrian eta era atseginagoan erabiltzeko. Lekuak aukeratzeko, aurrez, Erosketa eta Ekipamendu Departamentuak azterketa bat egin zuen, eta, horretarako, besteak beste, erabiltzaileen profila eta instalazioen behar teknikoak baloratu zituen.

Emaitza goi erliebeko plakak, braille sistema darabilten seinaleak eta ahalik eta piktograma eta sinbolo estandarizatuenen erabilera dira, baita ahal bezainbat kontrastatzen duten koloreak erabiltzea eta kolore gama nabarmenegiak ez erabiltzea. Gainera, zenbait lekutan, QR kodeak jarri dira, dagokion instalazioari buruzko azalpenak entzuteko audio laburrak erreproduzitu ahal izateko. Proiektuaren zenbatekoa 15.000 € gehi BEZa izan da, eta jarduketa Elkarrekin Podemos – Ezker Anitza taldearen zuzenketa baten fruitua da.

Gizarte Ongizateko ordezkari David Nuñok jarduketaren garrantzia nabarmendu du, “leku askotako irisgarritasuna eraldatzea eta bestelakotasun funtzional edo kognitiboren bat duten erabiltzaileentzat egokitzea baitakar, beharrezkoa erabat. Irunek pertsona guztien egoerara egokitzeko lanean jarraitu behar du”. Era berean, azpimarratu duenez, proiektu berri hau “Elkarrekin Podemos – Ezker Anitza eta gobernu hau irundarrek eskatzen duten maila ematen jarraitzeko egiten ari garen lanaren beste eredu bat da”.

Horrela, dagokion araudia beteta, zera lortu da proiektuari esker: erabiltzaileei segurtasuna, autonomia eta autoestimua ematea; lokalizazioa eta orientazioa nabarmen hobetzea; erabiltzaile guztientzat egokiak diren seinale normalizatuak izatea eta instalazioei balio erantsia ematea; erabiltzaile guztien aniztasuna, elkartasuna eta parte hartzea sustatzea; eta gaitasun kognitiboa hobetzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude