Udal Merkatua: postu txikien erronka handia

Gabonetako salerosketen ondoren, errealitate gordinera itzuli da Merca Irun

Produktu fresko, postu txiki eta bazterretan pilatzen diren kaxen artean, Irungo Udal Merkatuak, igande eta jaiegunetan izan ezik, egunero irekitzen ditu bere ateak. Postuek goizeko 8.30ean altxatzen dituzte haien pertsianak, beste egun batez bezeroen eskakizunak asetzeko prest.

Merkatuaren egunerokotasuna lasaia da, baina Gabonen moduko datek ohiko errutina apurtzen dute. Izan ere, Gabonetan edo data berezietan jende gehiago hurbiltzen da Irungo erdigunean kokaturiko merkatu honetara. Data bereziek produktu bereziak eskatzen dituzte eta jendea normalean baino diru gehiago gastatzeko prest egoten da.

Txaro Arribas da Merka Irun Udal Merkatuko presidentea. Egunero Bakailuak izeneko postuaren salmahaiaren atzean kokatzen da eta merkatuaren egunerokotasuna ondo baino hobeto ezagutzen du. Udal Merkatuko presidentearen ustez, Gabon hauetan, beste urteekin alderatuta, jende gehiago hurbildu da Udal Merkatura.

Erosleen igoera honek kontsumitzaileek Gabonetan produktu desberdinak bilatzen dituztela erakusten du. Data berezietan jendeak kalitatezkoak, desberdinak eta freskoak diren produktuak eraman nahi izaten ditu etxera. Hain zuzen ere, hori da, Txaro Arribas presidentearen ustez, merkatuaren indar-gunea: produktu berezituen eskaintza.

Gabonen ostean merkatua egun “arrunten” errutinan murgiltzen da berriro ere. Egunerokotasunaren itzulerarekin batera merkatua egunero aurrera ateratzeko arazoak berragertzen dira. Argi dago azken urte hauek ez direla Irungo Udal Merkatuaren onenak izan, dendariek arazo askori aurre egin behar izan diotelako, merkatuan haien postuak zabalik mantentzeko. “Faktore ugarik eragin dute egun Udal Merkatuak bizi duen egoera”, adierazi du Txaro Arribas merkatuko presidenteak.

“Faktore ugarik eragin dute egun Udal Merkatuak duen egoera”

Txaro Arribas, Udal Merkatuko presidentea

Hiriaren inguruan etengabe zabaltzen ari diren merkataritza gune zein supermerkatuek min handia egin diete komertzio txikiei. Azalera handiko saltoki horiek jendea erakartzen dute, eta betiko postu txikiak bazterrean uzten ditu, konturatu gabe. Saltoki horiek, gainera, haien produktuak prezio lehiakorrean eskaintzen dituzte eta postuei ezinezkoa zaie eskaintza horiei aurre egitea.

Azalera handiko saltokien ugaritzea ez da Udal Merkatuko postuei buruhausteak eragiten dizkien faktore bakarra. Gizartean gertaturiko ohitura aldaketak zerikusi handia dauka, baita ere. Urte asko ez direla, etxekoandreak ziren egunero merkatuko postu ezberdinetara hurbiltzen zirenak, bazkaria prestatzeko erosketa egitera. Egungo errealitatea guztiz bestelakoa da, ordea, jendeak gero eta denbora gutxiago inbertitu nahi duelako erosketa egiteko.

Jende gaztearen artean merkatura erosketak egitera joateko ohitura falta dela adierazi du Txaro Arribas Merkatuko presidenteak. Merkatuko bezero ohikoena jende heldua da, baina, denboraren joanarekin, erosle talde hori ere murriztuz doa. Bezero gehiago erakartzeko asmoz, merkatuko hainbat postuk web guneak ireki zituzten, postuetako produktuak etxetik erosteko aukera eskaintzeko. Ideia berritzaile horrek, ordea, harrera txikia izan du irundarren artean, momentuz.

Postuen itxiera

Ohitura aldaketak eta saltoki handien konpetentziak merkatuko postu askoren itxiera eragin dute. Zoritxarrez gero eta gehiago dira Merca Irunen “salgai” iragartzen duen kartel baten atzean pertsiana jaitsi behar izan duten saltzaileak . Erakusmahai horiek hutsik gelditzen dira denbora luzez, egoera ikusita, inor ez baita ausartzen merkatuan negozio berriak irekitzera.

Postuen itxierarekin, negozioak ez dira galtzen diren gauza bakarra. Izan ere, merkatuko postuek, produktuaren atzean, altxor berezi bat eskaintzen diete egunero haien bezeroei: konfiantza. Txaro Arribas merkatuko presidenteak azaldu du: “Merkatuan burutzen diren salerosketetan konfiantza berezi bat sortzen da dendariaren eta eroslearen artean”. Saltoki handietan, ordea, ezinezkoa da konfiantzazko harreman hori lortzea.

“Merkatuaren itxiera ikusi nahi ez bada, ezinbestekoa da denon artean zerbait egitea”

Iñaki Pikabea, Pikabea harategiko dendaria

Etorkizun beltza

Azken urteetan sorturiko kezka eta oztopoei aurre egin behar die orain Merca Irunek. “Merkatuaren itxiera ikusi nahi ez bada, ezinbestekoa da denon artean zerbait egitea”, azaldu du Iñaki Pikabea dendariak. Pikabeak bezala, beste dendari askok ere argi ikusten dute gauzak aldatzeko garaia iritsi dela. Hala ere, ez dute hain argi zeintzuk diren eman beharreko pausoak. Merkatariek egunaren amaieran negozioaren pertsiana lasaitasunez itxi nahi dute, hurrengo egunean Irungo Udal Merkatuak ateak irekiko dituela ziur edukiz.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude