Udalak 15.000 bono martxan jarriko ditu hiriko denda txiki eta ostalaritza establezimenduetako kontsumoa sustatzeko

Udalak 15.000 bono martxan jarriko ditu hiriko denda txiki eta ostalaritza establezimenduetako kontsumoa sustatzeko. Alarma egoeraren harira Irungo udalak aurkeztutako Irun Aurrera talka-planean aurreikusitako beste ekintzetako bat da. Bono hauen bitartez tokiko kontsumoa bultzatu nahi du udalak, Covid-19aren pandemiak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialak arintzen laguntzearekin batera.

José Antonio Santano Irungo alkateak adierazi duenez, “orain inoiz baino gehiago gure komertzio txikiak eta ostalaritza babestu behar ditugu”. Ekimenaren bidez 10 euroko 15.000 bono jarriko dira martxan ekainaren amaieratik abuztuaren 31ra arte. Ez dira bono fisikoak izango. Hortaz bezero bakoitzak NAN zenbakia eman beharko du ekimenarekin bat egiten duten Irungo establezimenduetan. Programa informatiko bat arduratuko da pertsona bakoitzak zenbat bono erabiltzen dituen kontrolatzeaz.

Bonoen erabilera

Bonoak Irunen erroldatuta dauden eta 16 urtetik gorako biztanleek erabili ahal izango dituzte. Irundar bakoitzak 10 bono erabiltzeko aukera izango du eta bono bakoitzarekin gutxienez 30 euroko erosketa bat egin beharko da tokiko saltokietan. Era honetan, bonoaren 10 euroez gain, bezeroek gainontzeko zenbateko ordaindu beharko dute. Ostalaritzan, berriz, erosketa minimo 20 eurokoa izan beharko da. Horrela, erosketa bat ordaintzeko ezin dira erabili pertsona batenak baino gehiagorenak diren bonoak. Hau da, erosketaren txartel bakoitzak pertsona bakar baten bonoarekin erlazionatuta dago. Ekimen honetatik kanpo geratuko dira produktu alkoholikoekin bakarrik lotutako erosketak.

Establezimendu txikiak 

Bonoen deialdia arautzen duten oinarriak datozen egunetan argitaratuko dira. Ondoren, 10 egun balioduneko epea irekiko da interesa duten establezimenduek  udalaren webgunearen bitartez ekimenarekin bat egiteko aukera izan dezaten.

Aurreikuspenen arabera, Irungo Udalak, Bidashop eta Mugan enpresekin lankidetzan, beharrezko informazioa emango dute establezimendu guztiek ekimenarekin bat egin dezaten eta aplikazio informatikoa arazorik gabe kudeatu dezaten. Atxikitako lokalek establezimenduan jartzeko bereizgarria izango dute eta ikusgai jarri ahal izateko, eta, horrela, bezeroek kanpainan parte hartzen duela ikusiko dute.Enpresak atxikitzeko epea amaitzen denean, establezimenduei jakinaraziko zaie, ohikokanalen bidez, bonoak martxan daudela. Atxikitako establezimenduei laguntza handiagoa emateko, gastatutako dirua kobratzeko kanpainaren amaierara arte itxaron behar izan gabe, bonoak astero trukatu ahal izatea aztertzen ari da.

Hiriko saltoki eta ostalaritza-establezimendu txiki guztiak atxiki ahal izango dira, honako hauek izan ezik: 400 m2-tik gorako elikagaiak eta edariak saltzen dituzten lokalak, gasolindegiak, estankoak eta enpresa handien edo nazioan edo nazioartean ezarpen handia duten enpresen filialak. Bonoen kanpainarako aurrekontua 150.000 eurokoa izango da, eta udazkenean bono gehiago dituen bigarren fase bat egitea aurreikusten da.

Irun etxetik

Ekimenak konfinamendu-garaian sare sozialetan sustatutako lehiaketa baten bidez martxan jarri zen antzeko esperientzia baten lekukoa hartuko du. “Irun etxetik” izan zen ekimenaren izena eta 6.500 euroko balioa zuten 255 bono banatu ziren, herriko merkataritzan eta ostalaritzak kontsumitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude