Udalak aurtengo jaiak “historikotzat” jo ditu

Behin jaiegunak igarota, Irungo alkate José Antonio Santanok 2022ko sanmartzialen lehenengo balantzea egin du, prentsaurreko batean, Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirre eta Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordarekin batera.

“Jaiak historikoak izan dira. Hiru urte pasatu dira azken alditik, eta berriro ere hiriko egun handiez disfrutatu ahal izan dugu. Berriz ere senide eta lagunekin elkartu gara, eta berriz ere elkarrekin gozatu dugu; bagenuen beharra. Gainera, protagonistak herritarrak izan dira batez ere, eta giro ona, errespetua eta bizikidetza izan dira nagusi”, adierazi du Santanok.

Jaiak antolatzeko erronka

Aurten, Irungo Udalak, Kultura eta Kirol Arloaren eta beste zerbitzu batzuen bidez, hala nola Gazteriako, Euskarako eta Berdintasuneko zerbitzuen bidez, jaiak azken hiru urteen ondoren berriro ere betiko formatuan antolatzeko erronka zuten. Bada, emaitza 140 bat ekimenez osatutako egitarau bat izan da, eta irundarren parte hartzea oso handia izan da ekitaldi guztietan.

Garuneko paralisia duten pertsonen eskubideen alde lan egiten duen elkarteak eman zien hasiera ofiziala jaiei, Aspace Konfederazioak, 50. urteurreneko ospakizunen barruan, eta jaiak berdintasunean ospatzera deitu zuen.

Irundarren inplikazio eta gogoaren adierazgarri, jarduera asko bete dira: Irun Hiria Musika Bandaren kontzertua, ekainaren 17an; Náyade Abesbatzaren emanaldia, egun bat geroago; Mala Rodríguezen musika ikuskizuna, Urdanibia plazako kontzertuei hasiera emateko, ekainaren 18an; ekainaren 28ko urteroko hitzordua San Juanen Jamaica Show orkestrarekin; etab. Burrunbak ekainaren 23an Urdanibian eman zuen kontzertua eta Macacok ekainaren 25ean eman zuena ere bete egin ziren ia, euria bota arren, eta Amaia KZko emanaldiek ere jende asko erakarri dute: bai zarzuelak, bai Ametsa Abesbatzaren kontzertu koralak.

Gainontzean, azpimarratzekoa da batez beste auzo bakoitzeko 300 haurrek parte hartu dutela haurrentzako kaleko animazio jardueretan. Erraldoien desfileek ere arrakasta handia izan dute, eta, alde horretatik, nabarmentzekoa da Irungo Atsegiña konpartsa, mendeurrena baitzuen eta hori ospatzeko hirian gora eta behera eta aurrera eta atzera ibili baita. “Arrakasta handia izan da, bai haur eta helduentzat, bai auzo elkarteentzat, zeinek eskerrak eman dizkieten erraldoiei eta konpartsetako kideei auzoetara gerturatzeagatik”.

Nabarmentzekoak dira jende asko erakarri duten beste ekitaldi batzuk, hala nola Urdanibia plazako bizikleta ikuskizun akrobatikoa eta San Juan plazako zirku ikuskizuna: Kultura Arloko kideek adierazi dutenez, “zirkuko artistak hunkitu egin ziren bildutako jendetza ikusita”.

Alabaina, eguraldi txarra ere izan da, eta ekitaldi batzuk bertan behera utzi behar izan dira, hala nola erraldoien desfile batzuk, Santiagoko Deabruen ekainaren 23ko ibilbidea –San Juanen egin zen osorik– eta RockKalean ekainaren 25ean ematekoa zen kontzertua. Beste jarduera batzuk, berriz, lekuz aldatu behar izan dira, hala nola puzzle lehiaketa eta haurrentzako marrazketa eta pintura lehiaketa, zeinetan 228 haurrek parte hartu zuten.

Adinekoen omenezko bazkaria berriro antolatu eta 682 lagun bildu ziren, eta Ficobara doan zeraman autobus zerbitzuak oso ondo funtzionatu zuen –berritasuna izan zen–, eguraldia ez baitzen oso ona. Urdanibiako pailazoek eta Go!azen telesaileko musika eta karaoke jaialdiak ere oso harrera ona izan zuten haurren artean: Go!azen bukatzeko, ordu erdi gehiago behar izan zen, artistekin argazkiak ateratzeko ilarak sortu zirela eta.

Egitarauari amaiera emateko, ohiko ekitaldia egin zen, Zabaltza plazako bakarrizketak, eta jendetza bildu zen: jarritako 1.700 aulkiak bete ziren, eta zutikako ikus-entzuleak ere izan ziren.

Babes Zibileko Udal Plana

Udaltzaingoak ere eman ditu egun hauetan egindako lanari buruzko datu esanguratsuak. Alde horretatik, gogoan izan beharra dago Babes Zibileko Udal Plana martxan jarri dela lehenengo aldiz:  iaz eguneratu eta sartu zen indarrean, eta martxan jartzeko aurreikusten duen gertaeretako bat jende metaketa eta ekitaldi handiak dira; bada, horrelakoxeak dira sanpedro eta sanmartzialak.

Plana martxan jarrita, segurtasun baliabideak mobilizatzeko arauzko esparru bat eratu da, larrialdi zerbitzu guztiek osatutako agintaritza bakar baten bidez, Ertzaintzarekin elkarlanean: aurrerapauso bat koordinazioan eta planifikazioan. Gainera, Hirigintza Arloaren eskutik, barne kontsumorako tresna informatiko bat prestatu da, larrialdietarako baliabideak geolokalizatzen zituena eta zerbitzuen eguneroko lanean lagundu duena.

Berritasun horiek guztiek oso emaitza onak izan dituzte, eta aipatzekoa da Ertzaintzarekiko eta ostalari eta herritarrekiko elkarlana jaietan gizalegea eta errespetua nagusitzeko eta atseden hartzeko eskubidea eta jarduerak bateragarriak izateko. Ildo beretik, “Jaietan, kontrolatu zure burua” kanpaina egin da, mezu horiek azpimarratzeko.

Bestalde, datuen arabera, hiriko intzidentzien kopurua ez da handitu nabarmenki.

Azkenik, Irungo Udalak larrialdietako zerbitzuen baliabide mobilizazioaren garrantzia azpimarratu du: bai agerikoenena, bai bistan ez zeuden baina beharrezkoa zenean martxan jarri direnena, hala nola ospitale zaharreko larrialdiko osasun zerbitzuarena.

Garbiketa eta bide publikoa

Sanpedro eta sanmartzialetan sendotzen diren beste zerbitzuetako bat bide publikoaren garbiketa eta giza baliabideen eta baliabide teknikoen mobilizazioa da. Bada, batetik, jaiegunetan, Txingudiko Zerbitzuek areagotu egin dituzte jende gehien zebilen lekuak eskobatzeko eta urez garbitzeko lanak; bereziki, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean. Bestetik, berrerabiltzea eta gaikako bilketa sustatzeko, 18.300 baso banatu dira txosnetan, eta edukiontzien hamar gune instalatu.

Txingudiko Zerbitzuek emandako datuen arabera, 225.000 litro ur gehigarrieta 125 litro desinfektatzaile erabili ditu lanean, eta, ekainaren 22tik uztailaren 3ra bitartean, 558.050 kilo hondakin bildu ditu.

Irungo alkateak eskerrak eman dizkie “herritarrei, oro har, eta, bereziki, jaietan lan egiteari utzi ez dioten pertsona eta entitate guztiei: jarduerak behar bezala aurrera eramateko, hurrengo egunean kaleak garbi egoteko eta segurtasuna eta gizalegea zaintzeko lan egin dutenei. Azken batean, denak oinarrizkoak dira jaiak behar bezala ospatzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude