Irungo Udalak hegoaldeko saihesbidea handitzeko lehen urratsak eman ditu. Miguel Ángel Páez Hirigintzako ordezkariak eta Cristina Laborda Obretako ordezkariak bigarren fasearen gaia mahaigaineratu dute gaurko prentsaurrekoan. Errepide horren lehen fasea 2021eko abenduan ireki zen, Oñaurre eta Egiluzeko komentuaren artean.
Miguel Ángel Páezen hitzetan, “Hasieratik defendatu dugu hegoaldeko saihesbidean ekialderantz jo beharra dagoela, Artia eta Behobiarantz, benetako eragina izan dezan”. Hirigintzako ordezkariak azaldu duenez, bigarren faseari ekiteko, udala dagozkion lanak egiten ari da, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak irundarrekin hartutako konpromisoak betetzea beharrezkoa da. “Izan ere, haiek dira errepideen administrazio eskuduna, eta kontuan izan behar da defizit historikoa pairatu duela gure hiriak”, esan du Páezek.
Bestalde, Obretako ordezkariak esan duenez, “lehen fasea amaituta, bigarren fasearen proiektua idazteko lanak agindu ditugu, eta trazadurarako alternatibak aztertzen ari gara”. Beraz, Cristina Labordak adierazi du urratsak egiten jarraituko dutela, baina Aldundiak baliabide ekonomikoak prest izatea behar dutela aldi berean. Obretako ordezkariak baieztatu duenez, Aldundian badute jarduketa honen berri, eta bigarren bilera bat eskatu diete, kontu horietan aurrera egiten jarraitzeko. “Ez dugu eskatuko beste kasu batzuetan egin denaren kontrako ezer; berriki gure inguruko beste hiri batzuentzat iragarri den gauza bera eskatzen dugu Irunentzat, ez besterik”, gehitu du Labordak.
Egungo egoera
Hegoaldeko saihesbidearen helburua da hiriaren hegoaldean eta ekialdean dauden auzoen sarbidea hobetzea; Larreaundi, Alde Zaharra, Dunboa, Artia eta Arbes. Horrela, hiri barneko kaleak erabili behar izatea ekidingo litzateke.
Hegoaldeko saihesbidearen 1. faseko obrak amaituta, hirira sartzeko eta irteteko zirkulazioa hobetzeko eta ibilgailuak hirigunetik ez pasatzeko, 2. fasea idazteko lanak agindu zituen Udalak. Egiluzeko komentutik Dolores Salis kalera bitarteko tarteari dagokio fase hori.
Lehen azterlanak analizatu ondoren, Udalak planteatzen duen alternatiba eraikitzeko errazagoa da, eta hobeto egokitzen zaio ingurumenari. Horrez gainera, trazadura honek gutxiago eragingo dio hiri-bilbeari, trafiko gutxiago sortuko du eta. Beste modu batera esanda, hiri barneko trafikoak eta hirira sartzekoak hobeto bereiziko ditu eta, ondorioz, hirigunetik pasatzen diren ibilgailuen kopurua murriztuko du. Aukera horrek, gainera, hegoaldeko saihesbidearen hurrengo faseek jorratu beharko luketen ildoa markatzen dute, azken helburua lortzeko: hiriko trafikoak eta sarbideak hobetzea.
Trazadura berriak operazioaren guztizko kostua (2. eta 3. faseena) murriztuko luke, hasieran aurreikusitako 33 milioietatik 24,2ra. Prentsaurrekoan azaldu den moduan, behin trazatuaren behin betiko diseinua erabakita, Plan Orokorra aldatu beharko litzateke.
Irungo Udalak bilera bat eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, proiektu honi heltzeko eta lankidetzan jarduteko aukerak aztertzeko, Aldundiaren eskumenen arabera. Obraren lehen faseak 7.048.544,04 euroko aurrekontua izan zuen, eta horietatik 6 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu zituen. Gainera, proiektuaren barruan, Txenperenea eta Euskal Herria hiribidea lotu dira; bada, horretarako aurrekontu gehigarria 1.167.151,77 euro izan da, eta Udalaren funtsak erabiliz finantzatu da osorik.