Udalak herritarrak kontzientziatu nahi ditu Osinbiribil inguruko paduren biodibertsitatearen balioaz

Behin Irungo Udalak Osinbiribileko lurrak eskuratuta eta, bereziki, behin 2011n baratze eta txabolak eta beste elementu artifizial batzuk kenduta, ingurua birnaturalizatu egin da, eta Osinbiribil hainbat hegazti espezie babestu eta ugaltzeko leku bilakatu da. Hori dela eta, Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak gaur emandako prentsaurreko batean gogorarazi duenez, garrantzitsua da naturagune horretako biodibertsitatea babestea.

Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek adierazi duenez, “hiriko ingurune urtarretan biodibertsitatea sustatu eta babesteko lantzen ditugu horrelako ekimenak, eta, pedagogiaren bidez,  herritarrak horrelako naturaguneak babesteko erantzukizunean parte izatea nahi dugu”.

Osinbiribileko dibertsitate biologikoa babestu eta areagotzeko, Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak kanpaina berri bat jarri du martxan, herritarrei urmaeletako biodibertsitatearen balioaren kontzientzia hartzeko. Hain zuzen ere, kartel bat sortu du, hezegunearen garrantzia irudikatzeko ez ezik, herritarrei inguruan sar ez daitezen eta txakurrak kontrolpean eta gune babestutik kanpo izan ditzaten eskatzeko. Gainera, Udala beste neurri batzuk hartzea aztertzen ari da, hala nola eremurik zaurgarrienak hesitzea eta zaintza lanak areagotzea, gunea babesteko, balio natural handikoa baita.

Osinbiribilen egoera

Urtean zehar, martin arrantzaleak, koartzatxoak, papo-urdinak, uroilanda handiak eta zertzetak ibiltzen dira Osinbiribileko urmael, lezkadi eta hezeguneetan: 160 hegazti espezie baino gehiago ere, eta, tartean, bertan habia egin duten 30 baino gehiago.

Gizakiaren presentzia nabaria da inguruan, baina, oro har, jendea naturagunearen inguruko bideetan bakarrik ibiltzen da. Hegaztiek badute ohitura horren berri, eta ez dute arazorik erabilera hori onartzeko; betiere, jendea ez bada sartzen parkearen barrualdera, urmaelen ingurura bereziki.

Hala ere, bada Osinbiribileko aberastasun ornitologikoan eragina duen arazo bat: txakurrak naturagunean sartzea. Izan ere, etxe abereak gune babestuetan sartzen badira, inguruaren potentzialtasun biologikoa izugarri txikitzen da. Horregatik, Irungo Udalak mugatutako eremuak errespetatzeko eskatzen die herritarrei: gune babestuan ez sartzeko eta txakurrei gune babestuan sartzen ez uzteko.

Gainera, gogoan izan beharra dago Osinbiribilen badela txakurrak aske ibiltzeko eremu espezifiko bat. Bestalde, Irungo udalerrian animaliak babestu eta edukitzeko udal ordenantzaren 23. artikuluaren arabera, txakurrak lotuta eraman behar dira bide publikoetan, eta, 39. artikuluaren arabera, kalteak eragin ditzaketen animaliak behar bezala ez zaintzea arau urraketa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude