Cristina Laborda Gizarte Ongizateko ordezkariak Irungo Udalak aurten emandako gizarte laguntzen datu aipagarrienen berri eman du ostegun honetan, prentsaurreko batean. Laguntza horiek indartu egin dira COVID-19ren eragina dela eta . Laguntza ekonomikoen atalean soilik 1.438.138 euroko aurrekontua egin da familia irundarren eskaerei aurre egiteko, aurten, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) eta Laguntza Berezien artean,. Horietako batzuk pandemiaren eraginarekin lotuta daude.
“Gizarte-larrialdietarako laguntzak eta laguntza bereziak dira Irungo familiei gizarte-zerbitzuetan laguntzeko ildo nagusietako bat. Aurten aurrekontua indartu egin da pandemiaren ondorioek eragin ditzaketen beharrak arintzeko, Alarma Egoeraren hasieratik oso kontuan izan dugun funtsezko premisa baten barruan: gizarte-arretari eustea, kolektibo ahulenak eta diru-laguntzen kudeaketa lehenetsiz”, azaldu du Cristina Laborda Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Guztira, 1.226.138 euroko gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) aurreikusi dira aurten, 600 familietara iritsiz. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen eta Udalak kudeatzen dituen laguntzak dira, nahiz eta azken urteotan Gizarte Ongizatearen arloak udal-funtsekin osatu behar duen programa, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuko dirua urtea amaitu baino lehen agortzen baita. Duela aste batzuk, 126.481 euroko aurrekontua osatu behar izan zen laguntza horietarako, urte amaieran behar berriei erantzuten jarraitu ahal izateko. Gizarte-larrialdietarako laguntzen kopurua 2019. urteko datua baino handiagoa da, 1.082.725 eurokoa, hain zuzen ere.
GLLek edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak erantzun ezin dituzten beharrak asetzen dituzten salbuespenezko kasuetarako Irungo Udalak osorik finantzatutako laguntza bereziei dagokienez, aste honetan bertan aurrekontua 70.000 erotan handitu behar izan da familiei urte amaierara arte arreta eman ahal izateko. 212.000 euroko aurrekontua egin da, 200 bat familien beharrei erantzuteko. Gizarte-larrialdietarako laguntzekin bezala, urrian ere gainditu egin da 2019ko Laguntza Berezien balantzea: 127.352, 33 euro.
Guztira, Laguntza Bereziak dituzten GLLen datua gehituta, aktibatutako aurrekontua 1.438.138 eurokoa da gaur egun, hau da, 2019an kontzeptu horietan gastatutakoa baino %12 gehiago.
Cristina Labordak azpimarratu duenez, “Urte amaierarako erreserbatutako aurrekontua nahikoa izan daiteke. Hala ere, hilabetez hilabete laguntzen bilakaera aztertzen ari gara, eta gehiago behar izanez gero, Irungo Udalak gaitasuna du programa horiek zabaltzeko eta behar horiei erantzuteko, gure konpromisoa familia guztiei laguntzea baita, eta bat bera ere ez dadila atzean geratu”.
COVID-19aren eragina
Gizarte Ongizateko ordezkariak azaldu duenez, “COVID-19aren eraginak, logikoa denez, lotura zuzena du laguntzen hazkundean. Jakin badakigu beharrak areagotu egin daitezkeela eta, horregatik, laguntza emateko programak indartu egin dira orain arte hain lehentasunezkoak ez diruditen kontzeptuekin, baina pandemiak itzuli egin ditu zenbait kasutan“.
Cristina Labordak, esate baterako, mantenu-gastuak estaltzeko COVID-19ari lotutako laguntzak (guztira 193 GLLen eta Laguntza Berezien artean) edo ordenagailuak erosteko eta/edo Interneterako konexioa instalatzeko -arrakala digitala saihesteko- laguntzak aipatu zituen. Orain arte, 8 kasu izan dira.
Kontziliaziorako laguntzak
Azkenik, Cristina Labordak kontziliaziorako laguntzen deialdiaren balantzearen berri eman du; beste berritasun bat, uda honetan, COVID-19ak eragindako egoeraren eta udalekuen etetearen ondorioz. Helburua da familiek udan bilatu behar izan dituzten haurrentzako aisialdiko beste jarduera batzuk ordaintzea. Laguntzak, tartearen arabera, 75 eta 200 euro artekoak dira. Deialdi honetarako aurrekontua 100.000 eurokoa izan zen eta 105 eskaerak jaso dira.