Udalak indarkeria sexistaren alorreko protokoloa berritu du

Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak ostiral honetan aurkeztu du  prentsaurrekoan indarkeria sexistaren alorrean erakundeen artean arreta emateko eta  koordinatzeko protokolo berria. Miren Echevestek gogorarazi du Udalbatzak aho batez eman ziola oniritzia  dokumentuari joan den asteko osoko bilkuran, eta azaldu duenez, “protokoloa indarrean  dagoen IV. Berdintasun Planetik sortu da, eta lehendik zegoena berritu du. Gainera,  dokumentua egiteko prozesu luze honetan, emakume-elkarte eta –entitateek parte  hartu dute, eta hau izan da emaitza. Irungo Udalak orain arte egindako lan guztia  jasotzen du lan honek; izan ere, ibilbide luzea egin baita indarkeria sexistaren emakume  eta adingabe biktimei arreta ematen.

Echevesten esanetan, Protokoloaren ardatz nagusiak dira biktimei arreta ematea,  kasuren bat gertatuz gero erantzun publikoa ematea eta erakundeen artean  koordinatzea; izan ere, protokolo hau harago doa, eta udalaren arreta-zerbitzuez  gainera, beste eragile batzuk ere biltzen ditu, koordinazio-mahai baten bidez, hala nola  Osakidetza eta Ertzaintza. “Helburu nagusia, jakina, protokoloa ez aktibatzea da, baina  Udala garen aldetik, aurrera egin nahi dugu prebentzioan eta erakundeen arteko  lankidetzan, funtsezkoa baita biktimak babesteko, eta, jakina, gaitz hori gure gizartetik  desagerrarazten borrokatu eta lagundu nahi dugu”.

Biktima izatea ez areagotzeko eta zerbitzu bakoitzak osagarria izan dadin nola jokatu  behar duen ezartzeko, koordinazio-mahaiaren eginkizunak, funtsean, egindako lanak  bateratzea eta urtero Berdintasun Zerbitzuak aurkeztutako jarduerei buruzko datu  orokorrak aztertzea izango dira. Berdintasuneko teknikariek urtero aztertuko dituzte  protokoloan dauden zerbitzu eta erakundeek bidalitako datuak, eta txosten bat egingo  dute, eta erakunde arteko koordinazio-mahaiari aurkeztuko diote, eztabaidatzeko eta  ekintzak eta/edo neurriak abian jartzeko. Alde horretatik, Miren Echevestek gogorarazi  du Udaleko gizarte-zerbitzuek gizarte-langile bat daukatela indarkeria sexistaren  kasuetarako bakarrik.

Protokoloak genero-indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren finantzaketa izan du, eta  erantzun publikoa emateko eskema bat ere badauka, gerta daitezkeen eraso sexista  guztien aurrean hainbat mailatan aktibatzen dena. Horretarako, erantzun-agertoki  bereiziak ezartzen ditu, eskubide-urraketaren larritasuna kontuan hartuta. Oinarrizko jarraibide batzuk egongo dira egoera posible guztietan jarduteko; besteak beste,  biktimarekin eta haren ingurukoekin harremanetan jartzea, haren egoerari egokitutako  baliabideak eskaintzea eta behar den zerbitzura bideratzea, erasoari buruzko  informazioa biltzea arretan inplikatutako erakundeekin koordinatuta (Ertzaintza,  Osakidetza, Gizarte Ongizate…), eta/edo gizarte-eragileekin koordinatzea (elkarteak,  mugimendu feminista,…).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude