Udalak Katea-Plaiaundi korridoreko trenbide-eremuaren antolamendua aztertzeko ikerlana abiatu du

2020ko urtarrileko osoko bilkuran, Udalbatzak aho batez onetsi zuen Vía Irun proiektuko eremua antolatzeko irizpide eta helburuen dokumentua. Erabaki horren ondorioz, Katetik Plaiaundira doan korridore osoan trenbide-eremuaren antolamendua aztertzeko konpromisoa hartu zuen Udal Gobernuak.

Harrezkero, azken hilabeteotan, zenbait albiste positibo izan dira, eta, horiei esker, aurrera doa hiriarentzat hain garrantzitsua den Vía Irun proiektua. Horren adibide dira, esaterako, Vía Irun gidatzeko Zaisak estatusa aldatu izana edo Udalak ADIFen proiektuak jaso izana, hala Irunerako geltoki intermodalaren proiektua nola abiadura handiko trena gure herrira iristea ahalbidetuko duen hirugarren hariaren proiektua.

Esparru horretan, proiektua garatzeko urrats berriak eman dira. Katea eta Plaiaundi artean Irungo trenbide-eremua antolatzeko azterlana idaztea enkargatuko du Udalak. Pleguak kontratazio-fasean daude, eta enpresa garrantzitsuen arreta bereganatu du proiektuak. Orain haien proposamenak aztertu behar dira. Esleitu ondoren, kalkulatzen da urtebete inguru beharko dela behin betiko dokumentua aurkezteko.

Korridore berdea
Asmoa hiri-proiektuaren ikuspegi osoa Irungo trenbide-ingurune osoan integratuko duen azterlana egitea da, elementu hauek kontuan hartuta: korridore berde bat egitea ardatz osoan zehar, eta ETS, Topoaren operadorea, integratzeko ekimena aprobetxatzea egungo geltokiak berritzeko.

Era berean, lan honek irtenbide posible bat lantzeko aukera ematen du, gero ADIFi helaraziko zaiona, hirugarren haria ezartzeko proiektua egikaritzeko unean kontutan izan dezan. Irtenbideak Katea auzoan gaineko pasabideak eraistea planteatzen du. Halaber, bideak estaltzeko eta eremu osoa berroneratzeko aukerak aztertu ahal izango dira, Lope de Irigoyen eta Cipriano Larrañaga kaleen arteko loturaren inguruan eta Coloneko zubien eta saihesbidearen artean. Helburua Katea eta López de Becerra inguruetan gutxienez antolamendu-proposamenak izatea da. Erdialdeko eremuan, egungo proiektuetan aurrera egiteko proposamenak aztertuko dira, trenbide-lurzoruetan eskumena duten administrazioekin adostu beharreko etorkizuneko jarduketetarako gida izan daitezen.

López de Becerra kaleko aukera
Aipatzekoa da Katea-Erdialdea eta López de Becerra ekimen pribatuko eremuak direla. Hala ere, jabe ugari daudelako eta gehiengoa den jabetzarik ez dagoelako, zaildu egiten da haiek garatzea. Aipatu behar da Vía Irun operazio guztia lurraldearentzat hiri-berroneratzeko proiektu estrategikotzat hartu duela Gipuzkoako Aldundiak. Alde horretatik, azterlan horrek 75.000 euroko diru-laguntza jaso du Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren aldetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude