Udalak klima eta energia jasangarriaren aldeko ekintza-plan berria dauka

Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planaren azken emaitzaren berri eman du. Orain arte indarrean zegoen Irungo Energia Jasangarriaren Ekintza Plana berritzen du dokumentuak. Jasangarritasun Energetikoaren Mahaian aurkeztu dute jada plan berria.

Aurreko planak Irunen berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko «arintze neurriak» biltzen zituen. Oraingoak ere bai (26 ekintza, hain zuzen ere) baina, horrez gain, «egokitze ekintzak» ere jasotzen ditu. Hamasei dira guztira, eta neurri horien bidez aurre egin nahi diegu klima-aldaketak jada eragin dituen inpaktuei (tenperatura igoerak, lehorteak, euriteak eta antzeko muturreko beste gertakari batzuk).

Arintze neurrien helburua 2030erako emisioak % 55 murriztea da, 2007ko datuarekin alderatuta, horixe baita Europako erakundeek ezarritako helburua. Gogoan izan behar da 2020rako helburua % 20ko murrizketa zela, eta hiriak atalase hori gainditu zuela aurreko planarekin (gaur egun, % 25,3 da murrizketa). Horrela, plan berriaren helburuak lau ildo estrategikoren arabera egituratu dira: efizientzia energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hondakinak. Ildo estrategiko horiek modu transbertsalean aplikatzen dira planaren jarduketa esparrua osatzen duten sektoreetan: zerbitzuak, etxea, garraioa eta hondakinak. Zerbitzuen sektorearen barruan, tratamendu berezia ematen zaio Udalaren esparruari (udal ekipamenduak, argiteria publikoa eta Udalaren ibilgailuak), eragiteko gaitasun handiagoa duelako, udalerriarentzako aurrezki ekonomikoa ekar dezakeelako eta, azkenik, eredugarri izateko aukera duelako.

Zehazkiago, honako ekimen hauek aurreikusten dira: energia kontsumoaren monitorizazioa eta teleneurketa udal ekipamendu guztietan, energia auditoriak egitea udal ekipamenduetan, udal eraikinen barruko argiztapen guztia LED bidez egitea, sistema termikoen bidez efizienteagoak diren beste batzuk jartzea, eskolara joateko ibilbide seguruen sarea sortzea edo etxeko sektorean energia komunitateak sortzea.

Egokitze ekintzei dagokienez, hamasei dira guztira, eta ekintza horien xedea da lehorteen, basoko suteen, uholdeen edo muturreko beroaren kontrako ondorioei aurre egitea. Honako hauek dira helburuak: ur gutxiago erabiltzea, eta Udalak baliabide horrekiko duen zaurgarritasuna murriztea; ingurune naturalean, klima aldaketaren balizko eraginen aurrean egokitzeko gaitasuna indartzea; ingurumen kulturaren alorrean, gure lurraldeko ingurumenaren eta erronka klimatikoen ezagutza eta errespetua sustatzea eta, azkenik, babes klimatiko soziala: herritarrak babestea osasuna eta/edo segurtasuna arriskuan jartzen duten klima egoeren aurrean, zuzeneko ekimenen bidez.

Zehazki, hauek dira aurreikusi diren ekintzak: ekipamendu publikoetan ura aurrezteko kanpaina egitea; hiriko saneamendua eta drainatzeak efizientziaz kudeatzea, ingurune hartzaileak gainezka ez egiteko, uholdeak saihesteko eta sarean ur parasitariorik ez sartzeko; lehen sektoreko tokiko produktuak eta 0 km-koak sustatzea; edo klima aldaketak habitatetan, floran eta faunak dituen eraginak ebaluatzea, mehatxatutako espezie eta habitatei arreta berezia eskainita, hobeto babesteko eta kudeatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude