Udaltzaingoak patinete elektrikoen erabilera irizpideak jakinarazteko kanpaina abiatu du

Cristina Laborda Udaltzaingo ordezkariak eta Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak Irungo Udalak hiritarrei patinete elektrikoen erabileraren araudi berria azaltzeko abiatutako kanpainaren berri eman dute. 2021eko urtarrilaren 2tik Espainiako Trafiko Zuzendaritzak onartutako patinete elektrikoen erabileraren araudi berria indarrean dago.

Espainiako Trafiko Zuzendaritzak urte hasieran onartutako araudi berriaren arabera, patinete elektrikoak zentzu guztietan ibilgailu bezala errekonozituak dira, hortaz, patinete elektrikoen gidariak zirkulazio arau guztiak errespetatu behar dituzte, auto edo motorren gidarien antzera.

Cristina Laborda Udaltzaingo ordezkariak jakinarazi duenez, hirian Udaltzaingoak patinete elektrikoen erabilera kontrolatzeko baliabideak eskura dauzka, azkenaldian mota honetako ibilgailuen erabilera era nabarmenean zabaldu ostean. “Orain patinete elektrikoen erabiltzaileak galtzadatik mugitu beharko dira, ez espaloitik, beti ere araudia errespetatuz. Hirian patinete elektrikoen erabiltzaileei indarrean daude neurri berrien inguruko informazioa emateko kanpaina burutu dute udaltzainek azken asteetan zehar. Zehazki, ibilgailu hauen interesekoa izan daitekeen informazioa biltzen duten eskuorri batzuk prestatu dira.

“Orain patinete elektrikoen erabiltzaileak galtzadatik mugitu beharko dira
Cristina Laborda, Udaltzaingo ordezkaria

Bestetik, Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak azaldu duenez, patinete elektrikoak garraiobide jasangarriagoa izan arren, bizikletekin gertatzen den bezala, “era honetako ibilgailuen erabilera arautzea ezinbestekoa da”. “Era honetan, adibidez, espaloitik oinez doan jendearekin arazoak sortzea saihestu daiteke”, Olazabalek azaldu bezala. Hortaz, Mugikortasun ordezkariak gogoratu du espaloiak edo oinezkoentzat erreserbatutako guneen erabilera oinezko edo gurpildun aulkian mugitzen diren pertsonentzat mugatu behar dela.

Gainontzeko ibilgailuen antzera
Urtarrilaren 2tik indarrean dagoen legediaren arabera, patinete elektrikoak ezingo dute espaloietatik ez oinezkoentzako guneetatik zirkulatu, ezta hiriarteko bideetatik, zeharbideetatik eta udalerriak komunika- tzen dituzten autobide eta autobietatik ere. Era berean, ezingo dute zirkulatu hiri barruko tuneletatik. Zehazki, Irunen kasuan, era honetako ibilgailuekin ezingo da saihesbidetik ibili. Bizikletak ibil daitezkeen eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa berariaz debekatuta ez dagoen lekuetatik ibiliko dira eta inondik inora ere ezingo dute 25 km/h-ko abiadura gainditu.

Hortaz gain, gainontzeko ibilgailuen gidarien antzera, alkohol eta droga probak egiteko betebeharra izango dute patinete elektrikoetako gidariek, baimendutako gehienezko alkohol tasaren kopurua berdina izango delarik. Oro har, gainontzeko gidariek jasotzen dituzten zigor berak jasoko dituzte. Nolanahi ere, patinete elektrikoak gauez erabiltzen direnean argiak edo jantzi islatzaileak eraman beharko dira.

Bestetik, patinete elektrikoentzako gidarientzat debekatuta egongo da belarrietan entzungailuak eramatea eta gidatzen den bitartean sakeleko telefonoa erabiltzea. Bi arau hauste hauek 200 euroko isunarekin zigortuko dira. Gainera, patinete elektrikoetan pertsona bakarra mugitu ahalko da, hau da, ezingo da beste norbait garraiatzeko erabili. Kasu horretan, patinete batean aldi berean bi pertsona edo gehiago harrapatuz gero, 100 euroko isunarekin zigortuko da arau-haustea. 18 urtetik beherako arau urratzaileei dagokienez, guraso edo adin txikikoen tutoreen erantzukizuna izango da. Patinete elektrikoak erabiltzeko ez da beharko baimen administratiborik, gidabaimenik ez nahitaezko asegururik. Bestalde, era honetako ibilgailuak erabili ahal izateko gida- tzaileei ez zaie gutxieneko adinik eskatzen.

EUCARIS
Bestalde, polizia munizipalaren jarduerarekin loturik, Udaltzaingoak jakinarazi duenez, EUCARIS aplikazio informatikoan sartu da. Europako hainbat herrialdek sortu dute aplikazio horrek ibilgailu, jabe eta gidabaimenekin loturiko datuei buruzko informazioa lortzeko aukera ematen du. Irungo Udaltzaingoa da sare horretara sarbidea lortu duen Euskadiko lehen Udaltzaingoa.

Tresna honen xedea delituak prebenitu eta jazartzea da, kontsulta egiten duen estatuaren eta aplikazioko estatu kideen auzitegien edo fiskaltzen eskumenekoak diren bestelako arau-hausteak jazartzeko. Beraz, aplikazioak ordena publikoa zaintzeko helburua du. Horregatik, datu-baserako sarbideak eta kontsultak justifikatuta egon beharko dira. Horri esker, udaltzainen lana asko arinduko da, praktikan Europar Batasuneko ibilgailu baten datuak berehala eskuratu ahal izango baitituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude