Hamar urte bete ditu 2015ean Sport Jam azokak. Ospakizun modura, bi edizio egingo dituzte aurten Ficoba erakustazokan: azaroan ohiko azoka, eta maiatzean berezia, udako sasoiari zuzendutako edizioa izango dena.
Surfean, urpekaritzan edo piraguismoan lehen urratsak emateko piszinak prestatuko dituzte, skate park-a egongo da, eta aurkezpenetarako espazioa.
Surfaren inguruko feria moduan jaio zen Sport Jam 2006an. Skateboard-ean eta Scooter-ean espezializatu ondoren, jatorrira bueltatuko da 2015ean. Udako edizio berezia antolatu dute hamargarren urteurrena ospatzeko. Maiatzaren 16an eta 17an izango da, Ficoba erakustazokan. Surfa izango da azokaren zutabe nagusietako bat, olatuak sortzeko piszinarekin, eta kongresu edo foroarekin. Asier “Axi” Muniainek parte hartuko duela azpimarratu du Estanis Polo antolatzaileak: “Muniainek duen arazoa da etxekoa dela. Badirudi horrek garrantzia kentzen diola. Baina Billabong XXL sarietan finalista izandakoa da”. Olatu handietan aritzen diren surflariei ematen diete Billabong XXL saria. Surfaz gain, piraguismoak, urpekaritzak, irristatze-kirolek eta eskaladak ere tokia izango dute. Sport Jamek noiz edo noiz hartu dituen kirolak bilduko ditu edizio bereziak. Hogeita hamar erakusle inguru espero dituzte.
Prezioen aldetik, beherapenak eskainiko dituzte, hamargarren urteurrenaren harira. 6m²ko postua jartzeak 890€ balio izan du aurreko edizioetan, baina maiatzekoan 490€-koa izango da prezioa. Bisitariei begira, 9 €tatik 5 €tara jaitsi dituzte sarrerak. Bestelako bisitari mota bat erakartzeko ahalegina ere badela onartu du Polok: “9 € benetako zaleak bakarrik ordaintzen ditu. Beherapenarekin, uste dut ikusmina duen edonor ere etor daitekeela azokara. Nolabait esateko, Sport Jam ez da horren elitista izango”. Hala ere, Poloren lehentasuna ez da bisitarien errekorra gainditzea. 6.000ren inguruan aritu izan da azken urteetan. “Nahiago dut erakusleek salmenta- edo promozio-helburuak bete ditzaten, eta bisitariak Ficobatik pozik atera daitezen”, argitu du antolatzaileak. Denetariko kritikak jaso-tzen ditu urtero Estanis Polok. Badaki horretarako prest egon behar duela: “antolatzaile zaren momentutik, badakizu komentario onak eta txarrak jasoko dituzula; batzuk zintzoak, beste batzuk asmo txarrekoak”.
Urte osoko lana behar izaten du Sport Jam azokak. Hamar lagun aritzen dira Stanis Polorekin batera lanean, une eta intentsitate ezberdinetan. Salmentak, komunikazioa eta diseinua, adibidez, delegatu egiten ditu. Zenbait fase izaten ditu prestaketak, aurreko edizioaren balantzetik azokaren amaierara arte. Hamar urteren ondoren, dinamika barneratuta dute. Baina Polok ez luke erosokerian erori nahi: “azoka kontsolidatuta dagoela pen-tsatzea eta aurreko edizioetako formula errepikatzea akats larria litzateke”. Merkatua aldatu egiten da etengabe, eta orain arte, egokitzen jakin du Sport Jamek. Ideia eta formatua mantenduta, edukia ia urtero aldatu izan dute antolatzaileek. Horretarako, oso adi egoten da Estanis Polo: “Oporrak hartzen ditudanean ere, bidaiatu egiten dut, azoketara joaten naiz, dendak ikusten ditut. Ideiak biltzen saiatzen naiz”. Fase gehienak gaindituta, azken urra-tsak ematen ari da, hamargarren urteurreneko edizio bereziak aurreikuspenak bete ditzan.
Hogei urte baino gehiagoko esperientzia
Nazioarteko Merkataritza ikasi zuen Estanis Polok Baionan. Biarritzeko hondartzan izan zuen lehen kontaktua azokekin, 1990eko hamarkadaren hasieran. Haren ondotik, 80 azoka baino gehiago antolatu ditu. 2002an, Behe Bidasoko lehen surf azoka kudeatu zuen Hondarribian. Hurrengo urtean Snowjam sortu zuen Jacan. Snowboard-ean espezializatutako azoka zen. Madrilgo Xanadu elur-pista estalira lekualdatu zuten geroago. Michel Hoff enpresariaren bisita jaso zuen Polok Madrilen. Irungo Ficoban surf feria antolatzeko ideia azaldu zion. Irundarra izanik ere, Estanis Polok ez zuen argi ikusten: “Azpiegitura egokiak leku askotan aurki ditzakezu, baina azokak bestelako lotura bat behar du inguruarekin”. Hala ere, Sport Jam delakoa antolatu zuten. Bilakaera handia izan du azokak, eta erakusleak eta bisitariak erakartzen asmatu dute, hamar urte betetzeraino.