Udara: Irun hobeto ezagutzeko aukera aparta

Irungo Udalak aurtengo udaz hirian gozatzeko eskaintza turistikoaren edizio berri bat prestatu du. Aurtengo programak 2019. urteko proposamenak berreskuratu ditu, izan ere, pandemiak goitik behera baldintzatu zituen aurreko urtean egindako ekintzak. Horrela, uda hasieran Irungo inguruneaz gozatzeko proposatutako ekintzak aurkeztu ziren, historia, natura, merkataritza eta gastronomiaren arloko proposamenak uztartuz.

Miguel Ángel Páez, Bidasoa Bizirik-eko presidenteak eta Irungo Udaleko lehen alkateordeak, azpimarratu duenez, “Irunek proposamen-sorta zabala du etxetik mugitu gabe udako planak egiteko”. Lehen alkateordeak azaldu duenez, aurreko urteetako udako ekintzak berreskuratzeak pixkanaka normaltasuna berreskuratzeko aukera ematen du eta, aukera hori aprobetxatuz, Iruni buruzko gauza gehiago jakiteko interesa duten pertsonei ekintzak egiteko aukera eskaini nahi izan diete. Miguel Ángel Páezek Irun udan gelditzen ez den hiri bat dela gogorarazteaz gainera, zera gaineratu du, “bai bisitatzen gaituztenok eta bai hirian oporrak igarotzen dituzten irundarrek aitzakia ezin hobea dute ongi pasatzeko gure kulturaren, naturaren eta merkataritza eta ostalaritzaren sektore garrantzitsuen eskutik”.

Bisita gidatuak
Aurreko hiru urteetako esperientzia onak errepikatzeko nahiarekin, hirian bisita gidatuak antolatzeko ekimena berreskuratu da. Izan ere, bisitek uda bakoitzean bataz beste ehun bat bisitari erakarri ohi izan dituzte. Horregatik, uztailaren 14tik abuztuaren 27ra, asteazkeneko 11:00etan eta, ostiralero, 17:00etan Irun ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira. Bisitaldiak Junkaleko elizatik abiatuko dira eta ibilaldian parrokia, Oiassoko erromatar ingurua, Urdanibia plaza, Ama Xantalen eta Udaletxea bisitatuko dira. Ekintzak bi orduko iraupena izango du eta prezioa 2 eurokoa da pertsona bakoitzeko, 12 urtetik beherako haurren parte-hartzea doakoa izango den bitartean. Bisitaldi gidatuei buruzko informazio gehiago eskuratu edo izen emateak egiteko 943 020 732 telefono-zenbakira deitu edo www.bidasoaturismo.com helbidearen bitartez antolatzaileekin harremanetan jarri beharko dute interesdunek.

Juncal Eizaguirrek, Hiri-Bultzada eta Kulturako ordezkariak 2021eko udararako antolatu diren egitasmoak horrela baloratu ditu: “Irunek turismo aldetik erakargarritasun handia du ondare historiko-kulturalari esker, eta gaur egungo egoerari egokitutako oso agenda kultural indartsua gehituta, Dies Oiassonis erromatar jaialdia bezalako ekitaldiekin, uda garaian Irun plan ona bihurtzen da”.

Bisita gidatuen atala osatzeko, beste proposamen ezagunago batzuk berreskuratuko dira aurtengo udan zehar. Adibidez, Oiasso Erromatar museoak udako igandeetan goizeko 11:00etan ohiko irteerak programatuko ditu museotik bertatik, Ama Xantalen nekropolia ezagutzeko, hirian zehar egingo den tour bat barne. Irteera horrek hiriaren iragan erromatarrarekin zerikusia duten aurkikuntzak ezagutzeko aukera eskainiko du. Prezioei dagokienez, 14 urtetik gorako pertsonek 5,50 euro ordaindu beharko dituzte, 6 eta 14 urte bitartekoek 3,85 euro eta 6 urtetik beherakoek doan parte hartu ahal izango dute.

Era berean, Irugurutzetako meatzeen historia ezagutu nahi dutenek museoa aztarnategi horrekin lotzen duen tren berdearen txangoetarako izena eman ahal izango dute. Kasu honetan, uztailean eta abuztuan, irteerak ostiral eta larunbatetan egingo dira, 11:00etan eta 17:00etan. Prezioak, berriz, erromatar tourraren berberak izango dira: 5,50 euro pertsona heldu bakoitzeko, 6 eta 14 urte artekoentzat 3,85 euro eta 6 urtetik beherakoentzat doan izango da. Bisita ‘IrunBerdea-Irugurutzeta’ mugikorreko aplikazioarekin osatu daiteke. Ama Xantalen eta Irugurutzeta bisitatzeko erreserbak Oiasso Erromatar Museoaren bitartez egin beharko dira 943 639 353 telefono-zenbakira deituta.

Irun Berdea
Udako proposamenen zerrenda Lapurriturriko informazio gunearekin osatzen da. Lapurriturrik 10 urtetik gora darama bisitari guztiei parkea ezagutarazten eta, horretarako, eskaintza erakargarriagoa izan dadin, hainbat jarduera egiten dira denboraldi osoan zehar. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak programatzeaz gainera, informazioguneak berak informazioa ematen die bisitari guztiei, paperean, eta parke naturalari buruzko azalpenak ere ematen dizkie, ibilbideei eta inguruko turismo eskaintzari buruz. Horrez gainera, informazio hau ere ematen dute. Lapurriturrik hainbat jarduera antolatzen ditu aldizka, hango flora eta fauna ezagutzera emateko. Informaziogunean arretarako ordutegia ondorengoa da: ekainetik urrira arteko asteburuetan eta uztail eta abuztuko jaiegunetan goizeko 10:00etatik 14:00etara.

Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak azaldu duenez hondartza eta mendia etxetik gertu izateak nolako pribilegioa suposatzen duen errepikatzen jarraituko dute udaletik. “Irun berdea, Aiako Harriko parke naturala edo Plaiaundiko parke ekologikoa bezalako lekuak dituelarik, hiriaren aurkezpen-gutunaren parte da eta uda momentu ezin hobea da haiek deskubritzen jarraitzeko” gaineratu du Borja Olazabalek.

Baliabide turistikoak
Aurtengo udarako hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez) argitaratu den liburuxkan jasota dator hirira, Ama Xantalen baselizara eta Irugurutzetara tren berdean bisita gidatuak egiteko informazio guztia. Liburuxka Irungo interes-tokietan eskuratu ahal izango da, esaterako, Luis Marianoko turismo-bulegoan.

Triptiko hori osatzeko, beste turismo-baliabide garrantzitsuei buruzko informazioa ere ematen da, hala nola Txingudi Ekoetxeari buruz. Plaiaundiko parke ekologikoaren sarreran kokatuta dago zentroa, eta bisitariek informazio mota oro aurkituko dute bertan, bai Plaiaundiri buruz bai badiari eta Txingudiko Plan Berezian sartutako natur guneei buruz. Txingudiko Ekoetxeak egunero zabaltzen ditu ateak, 10:00etatik 14:00etara, goizez, eta 16:00etatik 19:00etara, arratsaldez. Triptiko honekin batera datorren beste baliabideetako bat iaz jarri ziren zazpi panel informatiboek osatutakoa da; hiriaren historiari buruzko azalpenak ematen dituzte eta Bidasoa ibaiaren ertzetik ibiltzeko gonbidapena egiten dute. Jardueren eskaintza hauei buruzko argibide gehiago, eta hiriko baliabide turistikoen xehetasun gehiago udalaren webgunean kontsultatu daiteke, www.irun.org helbidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude