Oiasso Erromatar Museoa
Oiasso Erromatar Museoak hainbat ekintza antolatu ditu aurtengo udako hilabeteetarako. “Kostaldeko euskal sukaldaritza. Erromatarren garaitik abangoardiara” erakusketaz gainera, uztaileko eta abuztuko ekintzen programa askotariko bisita gidatuez osatuta egongo da, publiko ororentzat pentsaturik egongo direnak.
Oiasso Erromatar Museoa igandeko goizeko 11:00etan “Tour Irun Roma” izeneko ibilaldia antolatzen du. Honela, “Tour Irun Roma” (TIR) aplikazioaren bidez, hiriko erromatar garaiko aurkikuntza arkeologikoak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Ibilbidean zehar, Ama Xantalengo nekropolian sartzeko aukera izango dute bisitariek, era honetan, Oiasso zaharreko hileta-errituak zehaztapen handiagoarekin ezagutu ahal izateko.
Udako hilabeteetan zehar, halaber, Irugurutzetako Labeak bisitatzeko aukera eskainiko da berriro, hiri erdigunetik mehatze-eremura tren berdean egingo diren bidaiekin. Bisitak ostiral eta larunbatetan egingo dira, goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 17:00etan. Irugurutzetako meatze-ingurunea “Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen” parte da. Irugurutzetan aitzinako garaietan irekitako galeriak eta minerala kaltzinatzeko Euskadiko bateriarik garrantzitsuenetako bat bisitatu daiteke.
Uztailaren 7tik aurrera, berriz, Oiasso museoak astero asteartetan 11:00etan eta ostegunero 18:30etan “Kostaldeko euskal sukaldaritza: erromatarren garaitik abangoardiara” erakusketa bisita gidatu baten bitartez ezagutzeko aukera eskainiko du. Erakusketa duela gutxi inauguratu da eta irailaren 30era arte bisitatu ahalko da. Bisitetan gehienez 15 lagunek parte hartuko ahalko dute. Bisita gidatuan zehar maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta, horretarako, aldez aurretik bisitaren data zehazteko erreserba egin beharko da. Bisita gidatu bakoitzaren tarifei buruzko informazioa www.oiasso.com webgunean, 943 63 93 53 telefono zenbakira deituz edo info-oiassomuseo@irun.org helbidera idatziz eskuratu ahalko da.
Bisita gidatuez gainera, hurrengo ostiralean, uztailaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan mahai-ingurua izango da, Alameda jatetxeko Gorka Txapartegi sukaldariarekin eta Mertxe Urteaga arkeologoaren kolaborazioarekin. Sukaldaritzaz eta historiaren arteko loturaz mintzatuko dira mahai-inguruan, erakusketako komisarioa den Luisa Lópezen parte-hartzearekin. Ekintzarako sarrera doakoa izango da eta 30 entzulerentzako lekua egongo da. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da aretora sartu eta mahai-inguruan zehar.
Eskaintza horrekin, museoak udako ohiko programa berreskuratzeko beste urrats bat eman du. Gainera, aurten, museoko erakusketa iraunkorrerako sarrera-tarifek 2+2 bonoaren berritasuna izango dute; izan ere, bi helduk eta bi haurrek osatutako taldeek %40ko murrizketa izango dute.
Lapurriturriko informazio-puntua
Aiako Harria Parke naturalean dagoen eta Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko Arloak kudeatzen duen Lapurriturri informazio-guneak ere, ekainaren 6ean ekin zion denboraldi berriari. Covid-19 pandemiak eragindako Alarma egoeraren ondorioz, informazio-guneak Aste Santurako ateak irekitzea aurreikusita zegoen arren, ekainera arte atzeratu da informazio-puntuaren irekiera. Izan ere, fase honetan baimenduta daude naturan egiten diren turismo jarduerak.
Informazio-gunean ematen den zuzeneko arreta zerbitzuan eta antolatuko diren jardueretan, osasun erakunde eskudunek unean-unean ezartzen dituzten higiene- eta segurtasun-neurriak hartuko dira, betiere segurtasun-distantziak errespetatuz. 2020. urteko kanpainarako ekainaren 6tik urriaren 31 arte informazio-gunea larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan irekita egotea proposatzen da, 10:00etatik 14:00etara. Aurreko urteetan egin den bezala, 2020ean ere informazio-puntuari lotutako doako txangoak antolatuko dira, 20 laguneko taldeetan. Antolatutako jardueretarako izen-emateak txangoaren aurreko asteetan irekiko dira. Hauek dira denboraldi honetarako aurreikusten diren txangoak: Gotor eta gerren artean, Narrastiak, Meatzaritza, izarrak behatzea, orientazio-martxa, marrazketa-pintura eta mikologia.
Lapurriturriko informazio guneak hamar urtetik gora daramatza Aiako Harrietara hurbiltzen diren bisitari guztiei parkearekin lotutako informazio zabaltzen, eta, horretarako, hainbat jarduera antolatzen ditu denboraldi osoan. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak programatzeaz gainera, informazioa eskaintzen die bisitariei, paperean, eta parkeari buruzko azalpenak ere ematen zaizkie bertan, inguruko turismo eskaintzari buruz eta bost ibilbide tematikoei buruz (elur zuloak; meatzaritza; ikazkintza; gerrak; eta flora, fauna eta ura). Iazko urtean instalazioetan asistentzia marka hautsi zen, izan ere, 1.652 lagun pasa ziren informazio gune horretatik.