Gorka Martinez (unpaisenmimochila.com)
Portugalgo hiriburua, eta herrialdeko hiri handiena da. 547.000 biztanle ditu. Iberiar penintsulako mendebaldeko kostaldean dago, Tejo (Tajo gaztelaniaz) ibaiaren bokalean.
Dirua
Portugalen ere euroa erabiltzen dute. Bertan, erosteko ahalmenaren maila pixka bat baxuagoa da, beraz, prezio merkeak topatuko ditugu leku askotan. Erne ibili beharra dago, hori bai, gune turistikoetan salneurriek gora egiten baitute nabarmen. Dena den, zorionez, establezimendu gehienetan prezioen zerrenda kanpoaldean jartzen dute.
Hizkuntza
Portugesa da hizkuntza ofiziala. Gaztelaniaren antza du, beraz, horixe da komunikatzeko modurik eraginkorrena, zeinuekin lagundua. Kontuan hartu behar da Portugaldar gutxik dakitela ingelesez.
Gastronomia
Zopa da eguneroko elikagaia Portugalgo etxeetako afarietan. Barazki zopa lodia izaten da. Zaporetsua eta merkea da, jatetxe askotan topatu daiteke.
Arraina ere Portugalgo plater nagusien artean dago. Bakailaoa txingarretan, edo sardina frijituak nabarmendu daitezke.
Bifana txerri haragia da, ardoarekin eta baratxuriarekin prestatutakoa. Mostazarekin edo saltsa pikantearekin hartzen da, normalean. McDonalds lokaletan ere ematen dute Portugalen, baina gomendagarria da etxeko Bifana dastatzea, jatetxe txikietan.
Belemgo pastela da Portugalgo postre nagusia. Kremaz betetako hostopila da, urtutako azukrez estalia. Belem auzoko Monasterio dos Jeronimos-eko gozotegia da horiek hartzeko leku “ofiziala”. Baina ilara handiak sortzen dira bertan.
Portugalgo garagardoak Segres eta Superbock markakoak dira. Lisboako ikuspegiez gozatzeko freskagarri aproposak dira. Segres beltzak (preta) kafe zapore arina du. Ginjinha likore gozoa da, gingekin egindakoa. Gure patxaranaren antza du.
Nola iritsi?
Behe-denboraldian, hegazkina aukera ona da. Prezio merkeak izaten baitira. Udaran, berriz, prezioek gora egiten dute, eta Alsa autobus konpainiaren eta Renfeko trenen aukerak aztertzea komeni da. Autoz, 9 ordu inguruko bidaia da, Irundik.
Nola mugitu hirian?
Lisboa handia bada ere, bisitatzeko gune nagusiak hiriaren hegoaldean daude. Bertan topatuko ditugu Chiado, Barrio Alto, Baixa eta Alfama, interes turistiko handiena duten auzoak (Praça do Rossio, Praça do Comerço, Santa Justa igogailua, Panteoi Nazionala, Santa Maria Maior katedrala, Castelo de Sao Jorge eta begiratoki nagusiak daude horietan, besteak beste). Gertu daude, eta oinez joan daiteke batetik bestera. Urrutiago gelditzen da Belém auzoa (Bertan daude Belemgo dorrea eta Monasterio dos Jeronimos eraikina). Trenean gerturatu gaitezke.
Metroak linea gutxi ditu, baina erabilgarria da gune turistiko batetik bestera azkar mugitu nahi izanez gero. Aldirietako trenarekin lotura du. Gainera, Belem, Cais do Sodré eta Terreiro do Paço geltokietan, Tejo ibaia zeharkatzeko itsasontzia hartu daiteke (Cristo Rei monumentua dago beste aldean). Ibaia gurutzatzeko beste modu bat, Apirilaren 25eko Zubia zeharkatzea da, autoz edo autobusez. Udaran, ordea, ilara luzeak sortzen dira.
Kontuan hartu behar da, Europako hiriburu gehienetan bezala, garraioa garesti samarra dela. Horregatik garraio txartela erostea aukera ona da. Berriro kargatu egin daiteke, eta aipatutako garraiobide guztietan erabil daiteke, baita hiriko autobusetan eta tranbian ere. Azpimarratzekoa da 28.tranbiak Lisboako gune turistiko nagusiak zeharkatzen dituela, 40 minutu inguruko ibilbidean.