Ukaili: Oihalentzako bigarren bizitza

Arropa birziklatu eta berrerabiltzeko ideiatik sortu zen Ukaili 2011 urtean. Hala ere, arropa birziklatzeko asmoa alde batera gelditu zen, sormen eta irudimenari lekua egiteko.

Jaione Arrik artisautza jasangarri moduan definitzen du bere lana. Bere semearentzako panpinak eginez murgildu zen josketaren munduan. Eskaintza pixkanaka handituz joan da, era desberdinetako panpinak egiteaz gain, txanoak, txapelak, poltsak edo kuxinak egiten ditu orain. Era honetan, ahazturiko arropa edo oihal zatiei bigarren aukera bat ematen die, berriro ere erabilgarriak izan daitezen. Bere lana erakusteko, abenduaren 21etik 24era San Juan plazan egingo den Gabonetako Azokan parte hartuko du.

Amak txikitan erakutsi zion Jaioneri lehen oihal gainean lehen puntadak ematen. Oihalgintzaren inguruko ikasketa zehatzik egin gabe, arte ederretako ikasketak sorkuntza eta eskuen abilitatea garatzeko baliagarriak izan zaizkiola onartu du. Interneten kuxkuxeatu edo jada eginda dauden panpinen egiturak aztertuz lortzen ditu patroientzako ideia berriak.

Produktu bakoitza bezeria, ezberdina eta bakarra da, era, testura eta kolore guztietako oihalak erabiltzen dituelako horien sorkuntzan. Bere ideiez gain, enkarguz panpina bereziak egitera iritsi da Jaione bezeroen eskakizunei erantzunez. Edozein enkargu edo galdera 627 311 787 tefelonora deituz eta ukaili@hotmail.com emailaren bitartez kontsulta daiteke.

Bere azken sorkuntza motxila zein poltsa moduan erabil daitekeen zorroa da eta oihal berdinak izango dituen txapelekin batera saltzeko asmoa du. Urte batetik bestera produktu berriren bat sortzeko ahalegina egiten du Jaionek, bere sorkuntza bilduma handitzen joateko.

Bigarren eskuko arropa
Sormen lanaz gain, bigarren eskuko arropa saltzen du Jaionek Irungo Pinudi kaleko dendan. Emakume zein gizonentzako egoera onean dagoen arropa aurkitu daiteke bertan. Arropaz gain, zapatak, zapiak, gerrikoak edo bestelako apaingarriak saltzen ditu prezio onean. Proiektuaren ideia nagusia birziklatzea denez, saltzen den arropa doan jasotzen du.

Irunen bigarren eskuko arropa saldu eta erosteko ohitura gutxi dagoela azaltzen du Jaionek, nahiz eta, denda zabaldu zuenetik, egoera aldatuz joan den eta geroz eta jende gehiago animatzen den horrelako arropa erostera. Atzerrian, berriz, bigarren eskuko produktuen salerosketa ohikoa da. Ondorioz, asko dira dendara hurbiltzen diren atzerritarrak.

Josketa tailerrak eta konponketak
Sormen josketa eta dendaz gain, josketa tailerrak ematen ditu Jaionek. Tailer horien bitartez, josketaren munduko lehen zertzeladak erakusten dizkie ikasleei, berak egiten dituen panpina eta bestelako produktuak egiten erakusteaz gain. Hortaz gain, josketa konponketa txikiak egiten ditu Pinudi kaleko tailerrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude