Ukapenaren kontra

Haien errealitatea azaleratzeko pausoa eman dute eskualdeko haur transexualek

Ingurukoek haien identitate sexuala onar dezaten eskatu dute

Naturaltasun harrigarriarekin gidatu du Leok taldetxoa. Argazkia ateratzeko lekua eta modua proposatu ditu. Esperientzia handia du jada, telebistetan, irratietan eta egunkarietan atera baita azken asteotan. Albiste izan da hamaika urteko gazte irundarra, pubertaroko aldaketak blokeatzeko tratamendua jasotzen ari den lehen haurra baita EAEn. Baina ez da bakarra izango, haur transexualitate kasuak gero eta gehiago azaleratzen ari baitira. Garazi irundarrak ere tratamenduari ekingo dio laster, nahi ez dituen ezaugarri fisikoak garatzen hasi baino lehen. Zuhar hondarribiarrak ez du tratamenduaren beharrik, momentuz behintzat, sei urte besterik ez baititu. Txiki-txikitatik izan du argi, hala ere, mutila dela. Ingurukoek neska gisa hartu izan badute ere. Pertzepzio okerra baitago transexualitatearen oinarrian.SONY DSC

Guapa ez, guapo”, zuzentzen hasi zen Zuhar, hiru urte besterik ez zituela. Gurasoek harriduraz hartu zituzten halako erreakzioak, hasieran. Baina ez zieten aparteko garrantzirik eman. Seinaleak gero eta agerikoagoak izan ziren, ordea. Haurrak ez baitzuen inolako zalantzarik. “Sexua ez da hankartean dagoen zerbait. Kontzientzia kontua da”, argitu du Aingeru Mayor sexologoak. Chrysallis Euskal Herria, Adin Txikiko Transexualen Familien Elkarteko presidentea da Mayor. Transexualitatea ulertzeko azalpen argia eman du: “Haurra jaiotzerakoan, sexua iragarri egiten da, genitalei begiratuta. Probabilitate handiarekin, zakila eta barrabilak izanez gero mutila izango da, eta alua izanez gero, neska. Baina batzuetan ez da hala izaten”. Okerreko gorputzean jaiotako haurren espresioa erabili izan da maiz. Mayorrek guztiz baztertu du: “Nola izango da ba okerra norberaren gorputza? Ez ote da okerra besteon begirada?”.

Begirada hori aldatzea ez da batere erraza. Etxekoentzat, hasteko. “Gogorra da onartzea”, aitortu du Patricia Domínguezek, Zuharren amak. Ukatu ere egiten dute, batzuetan, gurasoek. Ezjakintasunagatik, batez ere. Horixe egin zuen Beatriz Arizak, Garaziren amak, Santo Tomas Egun batean. Ustezko semeak emakumezko baserritarraren jantzia jartzeko eskatu zionean: “Ez maitea, zuk beste hau jantzi behar duzu, mutila zarelako”. Amaren azalpenak ontzat eman zituen orduan haurrak. Txikitan, umeek ez baitituzte gurasoen esanak zalantzan jartzen. “Haur bati azalpen koherente bat ematen baldin badiozu, berak egiazkotzat joko du. Baina okerra izan daiteke”, gogorarazi du Mónica Zamorak. Leoren amak ez dio haurrari sekula oztoporik jarri. Ile motza eduki izan du beti, eta mutilen arropak jantzi izan ditu. “Ez dut armairuan ezertxo ere aldatu behar izan. Izena besterik ez”, berretsi du Leok. Alabaina, ingurukoen erreakzioa ez da etxe guztietan positiboa izaten.

“Larritasun handiko momentuak izan ziren, gustuko ez dituen ezaugarri fisikoak garatzen hasiko zela konturatu zelako”
Mónica Zamora

Errealitateari aurre egin nahi ez eta alde batera utziz gero, beste momenturen batean eztanda egingo du azkenean. Leoren eta Garaziren kasuan, esaterako, pubertaroko gorputzaren aldaketak sentitzen hasi bezain pronto. Ezin zuten gehiago itxaron. “Larritasun handiko momentuak izan ziren. Ez zuen jaten, eta ez zuen eskolara joan nahi. Asko sufritu zuen, gustuko ez dituen ezaugarri fisiko batzuk garatzen hasiko zela konturatu zelako”, azaldu du Mónica Zamorak. Identitate sexualaren berri ematen hasteko erabakia hartzeko, kontsulta eta proba askoren ostean, funtsezkoa izan zen haur transexualak protagonista dituen TVEko El sexo sentido dokumentala ikustea. Gurasoentzat, eta haurrentzat. “Gertatzen ari zitzaiena identifikatu zuten, eta konturatu ziren bazeudela haien moduko beste haur gehiago ere”, aipatu du Beatriz Arizak. Chrysallis elkartearen berri izatea eta beste gurasoekin harremanetan jartzea ere oso lagungarria izan zen.

Aldaketa, pausoz pauso

Pixkanaka eman dituzte familiek hurrengo urratsak. Anai-arrebei azaldu diete lehenengo, eta beste senideei, ondoren. “Baldintzarik gabeko maitasuna zenbaterainokoa den agerian gelditu da”, adierazi du Arizak. Bere beste alabak, naturaltasunez hartu du Garazi ahizparen erabakia. Baita aiton-amonek ere. Familien babesa oinarrizkoa dela uste du Patricia Dominguezek: “Kanpotik etor daitezkeen aurreiritziei edo erasoei aurre egiteko tresnak ematen dizkiegu. Ez baitugu ahaztu behar bullying kasuak eta intolerantzia handia ere topa daitezkeela”. Ikastetxeetako zuzendaritzarekin eta irakasleekin harremanetan jarri dira ondoren, haurren identitate sexualaren berri emateko. Eta haurrek hautatutako izena erabiltzen has daitezen eskatzeko. Jasotako erantzunekin pozik dago Beatriz Ariza: “Jakin-mina, sentsibilitatea eta interes handia topatu ditugu. Arazo handirik gabe egin dugu prozesua ikastetxean ere”.

Kanpotik etor daitezkeen erasoei aurre egiteko tresnak ematen dizkiegu”
Beatriz Domínguez
Jakin-mina, sentsibilitatea eta interes handia topatu ditugu ikastetxeetan”
Beatriz Ariza

 

chrysallis euskal herria

Zuharren ikasgelan, adibidez, giza gorputza lantzen hasi dira. Eta irakasleak, bere arduraz jabetuta, Chrysallis elkartearekin harremanetan jartzea erabaki du, gaiari heltzeko modu egokienaren bila. Orokorrean, neskek alua eta mutilek zakila eta barrabilak izaten dituztela azalduko du. Baina salbuespenak daudela ere zehaztuko du. “Txikitatik azaltzen baldin bazaie, haurrek barneratu egingo dute”, aipatu du Patricia Dominguezek. Leoren arrebak, ordea, ohiko azalpena jaso du eskolan, anaiaren kasua gertutik bizi izan baldin badu ere. Lan handia du hezkuntza munduak sexualitateari heltzeko moduari dagokionez. Haurren ikaskideek, berriz, erreakzio eredugarriak izan dituzte, helduen logika gainditzen dutela erakutsiaz. “Garazi nesken koadrila batean ibiltzen da, eta ondo hartu dute. Esan diote konturatzen zirela ez zela gainerako mutilen modukoa”, baieztatu du Arizak.

Medikuntzaren aurrerapenei esker, pubertaroko aldaketak blokeatzeko aukera ere badago orain. Gerora, nahi izanez gero, hormonak hartzen hasi ahal izateko. Osakidetzaren tratamendua jasotzen lehena izan da Leo. Garazi ere laster hasiko da, eta beste asko etor daitezke ondoren. Aukera bat dela azpimarratu du Mónica Zamorak, baina badaudela bestelako pentsaerak ere: “Badago jendea ez operatzearen eta gorputza onartzearen aldekoa dena”. Berari, ordea, ulergarria iruditzen zaio Leok beste mutil gehienen antza eduki nahi izatea. “Bularrik eta hilekorik gabeko nerabezaroa edukitzea oparia da Leorentzat”, adierazi du Zamorak. Tratamendua jasotzearen aldeko bi argudio sendo eman ditu Garazik: “Batetik, nire gorputzarekin gustura sentitu nahi dudalako. Bestetik, ez dudalako etengabe azalpenak ematen egon beharko”. Bere identitate sexualaren berri eman duenetik, eta neska arropak janzten eta ilea luzatzen uzten hasi denetik, zama handia kendu du gainetik. Lasai hartu du arnas.

Beste eztabaida bat da mutil edo neska itxurak existitzen direla esatea zuzena den, edo kultura eta estereotipo kontua ez ote diren. “Egia da garaiaren eta lekuaren araberakoak direla”, aitortu du Beatriz Arizak. Aitzitik, topiko gehien-gehienak betetzen dituzte, normalean, haur transexualek. Leok eta Zuharrek kolore arrosa, dantzak edo neskei zuzendutako jolasak baztertu izan dituzte. Aldarrikapen kontua dela argitu du Mónica Zamorak. Gizartean txertatutako topiko horiek betetzen saiatzen direla, mutil edo neska gisa onartuak izateko. “Orain, aldiz, hip hop-a dantzatzera apuntatu da Leo. Gustatzen zaiolako, eta jada ez duelako ezer frogatu behar”. Hospitalean, ordea, tratamendua jasotzeko, maskulinitatea frogatzeko ahaleginak egin beharko dituela nabarmendu du Zamorak: “Bestela, zalantzan jarriko dute oraindik ere”.

Psikiatria zerbitzutik ateratzeko aldarrikapena

Osakidetzak Gurutzetako Ospitaleko Genero unitatean hartzen ditu tratamendua jaso nahi duten haurrak. Psikiatria zerbitzuaren baitan dago, eta psikiatra batek du tratamendua eman edo ez erabakitzeko giltza. “Guk aldarrikatzen duguna da gure haurrek ez dutela buruko arazorik. Ez daude gaixorik, eta ez dute psikiatren beharrik”, azpimarratu du Aingeru Mayorrek. Transexualitatea gaixotasun baten moduan ez tratatzeko borrokan ari dira Chrysallis elkarteko gurasoak. “Nazioarteko erakundeek argi utzi dute transexualitatea ez dela patologia bat. Eusko Jaurlaritzak berak ere, hori ukatzen duen lege bat onartu zuen 2012an”, gogorarazi du Mayorrek: “Lege horretan idatzitakoa aurrera eraman dezaten lanean ari gara orain”.

Administrazioetan ere oztopoak topa ditzakete haurrek. Eusko Jaurlaritzak haurren sexua eta aukeratutako izena zehaztuko dituen dokumentu bat sortzeko dekretua onartu du. Dena den, EAEko administrazioetan besterik ez du baliorik izango. “Beste dokumentu ofizialetan ere haien sexua ager dadin borrokatu behar dugu”, adierazi du Aingeru Mayorrek. Adibide argigarria eman du: “Nire alaba aireportura joaten baldin bada, nortasun agiria eskatuko diote, eta txartela horretan gizonezkoa dela esaten du. Azalpenak ematera behartuko dute, eta hori intimitate eskubidearen urraketa da”.

Chrysallis elkartearen beste lan nagusietako bat da haur transexualitatearen errealitatea zabaltzea. Horretarako, hedabideetan presentzia edukitzea oso garrantzitsua dela uste dute, gurasoek aukera horren berri izan dezaten, batez ere. Haurrentzat, erreferente izan daitezkeen telesailetan edo filmetan haur transexualen kasuak azaleratzea interesgarria izan daitekeela uste du Mónica Zamorak: “Guzti horrek errealitatea normalizatzen laguntzen du. Gizarteak ulertu behar du amaitu direla zurien eta beltzen garaiak. Grisen gama handia dagoela”. El sexo sentido dokumentaleko haurrak gertatzen ari zitzaiena ulertzeko lagungarri izan ziren Garazirentzat eta Leorentzat. Orain, egoera berdinean egon daitezkeen beste haurrentzat erreferente izan nahi dute haiek.

Tratamendua jaso nahi dut, nire gorputzarekin gustura sentitu nahi dudalako, eta ez dudalako etengabe azalpenak ematen ibili nahi”
Garazi
Beti erabili izan ditut mutilen arropak. Armairuan ez dut ezertxo ere aldatu behar izan”
Leo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude