Uranzu frontoi txikiak bertako baserritarren produktuei ateak irekiko dizkie

Uranzu frontoi txikian km 0 produktuen azoka egingo da larunbat honetan. Erabakia Eusko Jaurlaritzaren Buletin Ofizialean azoka eta bertako elikagaien feria tradizionalen inguruan publikatutako neurri berriak jarraituz hartu da. Azoka goizeko 9:30etan hasi eta eguerdiko 13:30ak arte martxan egongo da eta erosle zein saltzaileak babesteko segurtasun neurriak hartuko dira.

Ekimena Irungo Udala normalean larunbatero Urdanibia plazaren inguruan egiten den azokan parte hartzen duten ekoizleekin harremanetan jarri ostean sortu zen. Behin km 0-ko elikagaiak saltzeko aukera emango duen azoka berezi hau antolatzeko aukera ezagutu zenean, ohiko larunbateko azokan parte hartu ohi duten saltzaileei bertan parte hartzeko aukera eskaini zitzaien. Postu guztiei azokan parte hartzea ezinezkoa zaien arren eta beste batzuk, arrazoi ezberdinengatik, datozen asteetan azokara batzeko ahalegina egingo duten bitartean , ohiko hiru saltzailek gutxienez haien produktuak saltzeko prest egongo dira larunbat honetako azokan.

Alarma-egoeraren barruan km 0-ko azoka egin ahal izateko neurri bereziak hartuko dira azokara hurbiltzen diren erosle eta bertako ekoizleen segurtasuna bermatzeko. Frontoirako sarrera kontrolatuko da, azokaren barnean dauden pertsonen arteko segurtasun-tartea errespetatu ahal izateko. Eskularruak, maskarak eta eskuak garbitzeko gela banatuko da azokara hurbiltzen diren erosleen artean eta saltzaileak babesteko, berriz, pantaila babesleak erabiliko dituzte.

1.000 bisera

Bertako ekoizleen artean banatuko diren biserak Maker CovidGipuzkoa mugimenduari esker 3D inprimagailuen bitartez sortutako pantaila babesleak izango dira. Hasiera batean Irungo udalak 100 kilo material eskuratu zituen ekimenean laguntzeko eta Bidasoa bizirik elkartearen kolaborazioari esker, Irun Factoryko ateak ireki ziren bertan biserak sortu ahal izateko. Lan honen guztiaren ondorioz, CovidGipuzkoa mugimenduak bisera horien 1.000 unitate jarri ditu Irungo udalaren eskuetan eta, larunbateko azokan erabiltzeaz gainera, bestelako erabilerak izango dituzte.

Batetik, merkatariek horrelako materiala eskuratzeko zuten premia ikusita, Irungo udalak Bidashop eta Mugan elkarteen bitartez egun hauetan saltokiak zabalik dauzkaten merkatarien artean materiala banatzeko aukera eman du. Biserak jaso ez dituzten merkatariak, enpresak edo babes honen beharra duten profesionalak Irungo udalarekin harremanetan jarri daitezke fgonzalez@irun.org helbide elektronikoaren bitartez. Hortaz gain , biserak Mercairun merkatuko saltzaileen artean banatuko dira.

Eko-baratzak

Lehenengo sektoreko ekoizpen lanei dagokienez, Garapen Iraunkorrerako arloak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzan onartutako araudi berriak Puianako eko-baratzetan jarduerari berriro ekiteko aukera ematen du. Horrela, baratzetan lan egitea baimenduta dago, betiere ezinbesteko desplazamendu eta egonaldiak eginez, segurtasun neurriak errespetatzeko. Legea berrikusi ostean, baratzetara txandaka sartzea onartuko da. Informazioa adjudikaziodun guztiei helarazi zaie.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude