Urrezko institutua

Mende erdia bete du Pio Baroja BHIk

Berrogeita hamargarren urteurrena ospatu du aurten Irungo Pio Baroja Bigarren Hezkuntzako Institutuak. Ikasturte hasieraz geroztik ibili dira ospakizunetan, baina abenduaren 11n izan da urrezko ezteiak borobildu dituen ekitaldi nagusia. Amaia Kultur Zentroan egin dute. Akademikoa eta jai girokoa izan da ekitaldia. Egungo irakasleek eta ikasleek, ikasle ohiek eta bestelako gonbidatuek parte hartu dute.

2014-2015 ikasturtearen amaieran eman zioten hasiera Pio Baroja institutuaren 50.urteurrenaren ospakizunari. Ikasturte berriarekin, kartelen, bideoen eta literatur lanen lehiaketak egin dituzte, esaterako, mende erdiarekin lotuta. Baina ekitaldi nagusia, Amaia Kultur Zentrokoa izan da. Institutuak gonbidatutako ehun lagundik gora bildu dira antzokian. Askok adeitsu agurtu dute elkar, besaulkietan lekua hartu baino lehen. Ezustekoak izan dira agurretako batzuk, aspaldi harremana galdutako irakasle edo ikasle ohien artean. Argiak itzali direnean, Kukai dantza taldeko neskek eman diote hasiera ikuskizunari. Txalo zaparraden artean irten dira, ondoren, ekitaldiaren aurkezleak. Ander Arzak kazetari eta ikasle ohia aritu da euskaraz, eta Ana Vitoria egungo ikasle brasildarra, gaztelaniaz.

SONY DSCHizlariei hitza eman diete, banaka. Mikrofonoaren aurretik pasa dira Javier Garin institutuko zuzendaria, Pío Caro Baroja Jauregialzo Baroja familiaren ordezkaria, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Alberto Gorriz eta Iñigo Lavado ikasle ohiak, Juncal Basurko lehen promozioko ikaslea, eta Koldo Ortega zuzendari ohia. Bertso saio labur bat egon da, Angel Mari Peñagarikanoren eta Manu Goiogana ikasle ohiaren eskutik. Bi bideo ere jarri dituzte. Lehenengoa egungo ikasleek egin dute, institutuaren historia laburtzeko. Bestean, ikasle izandako pertsonaia ezagunek mezu laburrak utzi dituzte. Pantailan agertu dira, besteak beste, Julen Aginagalde eskubaloi jokalaria, Diego San José gidoilaria, David Zurutuza futbolaria edo Lourdes Maldonado kazetaria. Iñigo Lavado sukaldariak prestatutako bazkariarekin amaitu da ospakizuna.

Aitzindari eta erreferente

1965 urtean zabaldu zituen ateak Pio Baroja Institutuak. 17,5 miloi pezeta bideratu zituzten eraikitzeko. Manuel Lora-Tamayo orduko Hezkuntza ministro frankistak inauguratu zuen. “Gipuzkoako probintziako izkina honetan institutu bat irekitzeak esanahi handia zuen. Horregatik etorri zen ministroa bera”, argitu du Javier Garin zuzendariak. Gipuzkoako bigarren institutu publikoa izan zen Pio Baroja. Juncal Basurko lehen promozioko ikasle ohia da, eta institutua berritzailea zela gogoratu du: “Ez zegoen fraiderik edo mojarik, eta neskak eta mutilak elkarrekin ginen klasean”. Irungo eta inguruko familia askorentzat, haurrak institutura bidali ahal izatea aurrera pauso handia izan zen. “Goi mailako ikasketak egiteko tranpolina izan zen. Garai hartan oso zaila baitzen unibertsitatera heltzea, neskentzat batez ere”, azpimarratu du Basurkok. SONY DSC

Ez ditugu ahaztuko Bidasoan gorako herrietako ikaskideak”

Juncal Basurko, lehen promozioko ikaslea

Esperientzia ona izan zela baieztatu du Juncal Basurkok, eta harreman ona duela oraindik lehen promozio hartako ikaskideekin. Irundarrak ziren gehienak, baina inguruetako herrietakoak ere bazeuden: “Hondarribiko, Oiartzungo eta Errenteriako ikasleak etortzen ziren. Ez hori bakarrik. Ez ditugu inoiz ahaztuko Bidasoan gorako herrietako ikaskide nafarrak. Egun osorako etortzen ziren, Bidasotarra autobusean, bokadilo eta guzti”. Gaur egun, Berako, Lesakako eta Iparraldeko ikasleak hartzen ditu oraindik Pio Baroja institutuak. 20.000 ikasle izan ditu 50 urteko ibilbidean.

Egokitzeko gaitasuna

Urte guzti horietan, institutuak gizartearen aldaketetara “moldatu” behar izan duela adierazi du Javier Garin zuzendariak. 80ko hamarkadan, D eredua ezarri zuten, eta batxilergoa euskaraz eskaintzen hasi ziren Pio Barojan. Garai hartan, Lucia Garbayo gurasoen elkarteko presidente izendatu zuten. Lehen emakumea izan zen kargu horretan, eta bidea ireki nahi izan zuela azaldu du: “Oso aztoratua zegoen gizartea, eta institutuan antzematen zen. Nire alaba bertan ikasten ari zen, eta institutuaren alde lan egiteko eta hobetzeko hartu nuen erronka. Oso esperientzia ederra izan zen”. Urte batzuk beranduago, gaueko batxilergoa eskaini zuen Pio Barojak. “Funtzio sozial garrantzitsua betetzen du”, nabarmendu du Javier Garinek.

Herriarekin bat egiten asmatu du”

Koldo Ortega, zuzendari ohia

Memoria kolektiboaren parte da Pio Baroja institutua”

Javier Garin, zuzendaria

Institutua inauguratu zenetik 50 urte pasa direla kontuan hartuta, dagoeneko arrunta da jada ikasle ohien seme-alabak institutuan ikustea. “Urte batzuk daramatzagunoi askotan gertatzen zaigu”, onartu du Amador Villamía filosofia irakasleak. Juncal Garbayok, esaterako, Pio Barojan matrikulatu zituen seme-alabak. Institutua Irungo “ondarea” dela baieztatu du Koldo Ortega zuzendari ohiak: “Herriarekin bat egiten asmatu du”. Are gehiago esan du Javier Garin egungo zuzendariak. Irungo azken mende erdiko historian ikur bilakatu dela uste du: “El insti ezizena du, eta oso esanguratsua da hori. Memoria kolektiboaren parte da Pio Baroja institutua”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude