Araudi-aldaketek (Emisio Gutxiko Eremuak, Mugikortasun Jasangarriari eta Garraioaren Finantzaketari buruzko Legea) bizkortu egin dute gero eta hiri jasangarriagoetarako trantsizioa. Hiri-inguruneko errealitate berri bat da, eta erakundeei, enpresei, eta profesionalei eta herritarrei eragiten die.
Horregatik, Irungo Udalak FEMParekin lankidetzan (Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioa) sustatu dituen araudi-aldaketari eta hiri-eraldaketari buruzko jardunaldi horiek eduki espezializatu batzuk landuko dituzte, mugikortasunarekin, klima-krisiarekin eta energia-trantsizioarekin lotura dutenak, eta horrez gain, gune bat ere irekiko dute, herritarren eguneroko bizitzarekin lotutako gaiak aztertzeko.
Irungo alkateak, José Antonio Santanok, bi helburu horietaz hitz egin zuen: “Jardunaldiek alderdi teknikoago bat izango dute, eta horretan, mugikortasuna gure hirientzat zeinen erronka handia den eta nolako aldaketei aurre egin beharko diegun aztertuko ditugu. Baina aldaketa horiek guztiak herritarrekin bakarrik egin daitezke, eta horregatik da garrantzitsua sozializatzea espazio jasangarri horiek nolakoak izan behar duten, zer aldaketa eta onura dakarzkiguten eta abar, eta jardunaldietan oso hitzaldi interesgarriak egingo dira herritarrentzat”.
Hala, jende oro dago gonbidatuta Ficobako auditoriumean egingo diren bi hitzaldietara joatera. Gai hauek jorratuko dituzte, besteak beste: hirietako mugikortasun berria eta horrek merkataritzan duen eragin positiboa, nola erabaki ibilgailu berri bat erostea eta araudi berriek nola eragiten duten erabakian.
Programa profesional bat
Programaren zati handienaren asmoa da Estatu osoko udal-ordezkariek, erakunde publikoek, garraio-enpresa publikoek eta garraio-operadoreek hausnartu eta eztabaida dezatela, hainbat hiritan ezartzen ari diren erabilera-kasuen eta adituen ekarpenen bidez, araudi berriek hirietarako dakartzaten erronka eta aukeren inguruan.
Erabilera-kasu horiek erakusteaz udaletako eta beste erakunde batzuetako ordezkariak, mugikortasun jasangarrian adituak, soluzio teknologikoetan adituak eta Estatuko eta Europako funtsen finantzaketan eta kudeaketan adituak arduratuko dira.
Gai asko eta askotarikoak landuko dira. Lehenengo egunean, urriaren 5ean (asteazkena), hiri-garraio jasangarria eta hiri-eraldaketa nola gauzatu aztertuko da: gida bat, hiri-mugikortasun jasangarriko planak idaztean bide-segurtasuneko irizpideak sartzeko; hiriko garraio publikoaren finantzaketa eta tarifen zehaztapena; Emisio Gutxiko Eremuak, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legearen esparruan; eta Emisio Gutxiko Eremuak sortzeari eta kudeatzeari buruz FEMPak proposatzen duen ordenantza-ereduaren zirriborroaren eztabaida.
Urriaren 6an, ostegunean, herritarren parte-hartzea izango da protagonista, zenbait gai aztertzeko aukera izango dute eta, hala nola mugikortasun-erronka berriak, Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (HMJP) eta ibilgailu elektrikoa kargatzeko hiri-azpiegitura.
Pepe Navarro Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusia arduratuko da amaierako ponentziaz.
Bestalde, nabarmendu behar da FEMPek Mugikortasun Batzordea egingo duela jardunaldien barruan, eta emisio baxuko eremuetarako ordenantza eredua aurkeztu eta ontzat emango duela
Inaugurazio- eta amaiera-ekitaldiak
Araudia aldatzeko eta hiria eraldatzeko lehen jardunaldi horien inaugurazioa urriaren 5ean izango da (asteazkena), 09:00etan. Bertan izango dira José Antonio Santano, Irungo alkatea; Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko María José Rallo, Garraio eta Mugikortasuneko idazkari nagusia; eta Rafaela Romero, Gipuzkoako Lurralde Antolamendu eta Mugikortasuneko diputatua.
Amaiera-ekitaldia urriaren 6an (osteguna) izango da, 13:50ean. Oraingo honetan, Pere Navarro TZNko zuzendari nagusia izango da Irungo alkatearekin batera.