Ekainaren 7an arratseko 8:30ean eta 15ean 17:00etan, gure bizilagun urruñarrek 2012ko ekainetik prestatzen ari diren kabalkada zintzarrotsa jokatuko dute herriko pilota-plazan. Berrehun bat lagun aritu dira lanean espektakulu hau prestatzen, jantziak egiten, zintzarrotsa idazten, finantzazioa bilatzen, dantzak eta kantuak sor-tzen eta ikasten…
– BAINA ZER DA KABALKADA-ZINTZARROTSA?
Erdi Arotik datorkigun ohitura da, Europa osoan zabaldurik izan dena. Garai zaharretan senar-emazteen gatazkak, alargunen berrezkontzak eta gisa horretako gaiak ziren plazan, horrelako ekitaldien bidez salatzen zituztenak. Euskal Herrian ohitura hau biziki sustraiturik zegoen. Europan gehien erabili zen izena Charivari da. Euskaldunok tokiaren araberako izenaz bataiatu genuen. Xaribari hitza ohikoa izan dugu zazpi euskal herrietan, baina horretaz gain izen asko erabili ditugu: Tobera-munstra, astolasterra, galarrotsa, zintzarrotsa, karrusa, txintxarroska… Gizarte kristauaren autozentsura modukoa zen; hau da, moral kristauaren aurkako gertakizunak edota ekintzak salatzeko eta herritarren aurrean zigor-tzeko balio zuten besta ku-tsuko sasi-auziak. Barregarriak zirenez gero herri xeheak biziki maite zituen, eta gehienetan gazteak izaten ziren horrelakoak antolatzen zituztenak. Izena orokorrean horrelakoetan egiten zuten burrunbarekin lotua dago, zintzarriekin –zin-tzarrotsa-, tubela izeneko tronpetatxo antzekoekin -tobera-, gare edo gale izeneko ezkilekin -galarrotsa- eta abar.
Erdi Arotik zetorren ohitura hau Hegoaldean XIX. mende hasierarako galdua zen eta Iparraldean Bigarren Mundu Gerrara arte iraun zuen. Orduko gizartea aldatua zen eta ez zuen begi onez ikusten horrelako salaketa publikoak egitea; hori dela eta, agintari zibilek debekatu egin zituzten. Azken tobera klasikoa Irisarrin 1937. urtean egin zutena jo-tzen bada ere, geroxeago ere zenbait tokitan gaueko toberak egin zituzten. Itsasun, adibidez, Bigarren Mundu Gerraren garaian egin zuten, eta jakin dugunez aski bortitza, gainera. 1950. urtetik aitzina tobera berrien tenorea etorri zen, Luhuson, Makean… Gaia ez zen garai bateko salaketa moral hura, alegiazko gaien inguruko epaiketa baizik. Egitura guziak bere hartan jarraitu zuen: dan-tzak, kantak, bertsoak, kabalkadak, pertsonaiak… 1970. urtetik aitzina boterearen aurkako toberak antolatu zituzten. Adibidez, 1974. urtean Iholdin zegoen aintzira proiektu baten kontrakoa. Joera berri honek tobera arrapiztu eta indartu zuen.
Lapurdiko barnealdean eta Baxenabarren toberak izugarri indartu ziren, eta herri ainitzek antolatu zituzten, Itsasun, Lekornen, Luhuson, Heletan… I-tsasu izan da tobera-munstra gehien egin duena. 2012an Irisarrik sekulako kabalkada eskaini zuen, eta Itsasuk ere bai. Toberaren berpizte hau Iparraldeko barnealdean gertatu da, kostaldetik urrun. Kostaldean -Urruña barne-, badirudi azken toberak XIX. mendearen erdi aldean jokatu zituztela.
– ZERTARAKO KABALKADA-ZINTZARROTSA URRUÑAN?
Urruña azken hamarkadan izugarri handitu da eta gaurko bizimodua ez da garai batekoa. Jendeak ez du askotan bizilaguna ezagutzen. Horretaz gain, esan behar da euskarak atzerakada handia izan duela, alde batetik eskola frantsesak euskara guztiz baztertu duelako orain dela oso gutxi arte,
eta bestalde, euskara ezagu-tzen ez duen kanpoko jende andana etorri delako.
Hori dela eta, euskara ardatz duen espektakulu hau antola-tzea erabaki genuen, bizilagunen arteko ezagutza eta adiskidetasuna indartzeko eta euskararen presentzia zabal-tzeko. Jadanik lortzen ari gara. Gure asmoa litzateke Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoako mugaldeko herrietan ohitura hau piztea, eta ahal izanez gero, urtero herri batek horrelako tobera bat antolatzea. Gonbidaturik zarete eskualdeko euskaldun guztiak. Aupa, bada, ea hurrengoak irundarrak zareten.
Joseba Aurkenerena