Urtarrilaren 19an txotx denboraldiari hasiera emango diote Ola sagardotegian

Ola sagardotegiko kupelak sagardoz gainezka daude jada 2020ko Txotx denboraldiari hasiera emateko prest. Ohikoa denez, urtarrilaren 19an, denboraldiaren inaugurazioa ospatuko da Irungo Meaka auzoan kokatutako sagardotegian. Iñaki Bengoetxea Ola sagardotegiko nagusia Txotx irekierarako azken prestaketa lanetan murgildurik dabil egun hauetan.

Zer antolatu duzue 2020ko txotx denboraldiaren irekierarako?
Urtero bezela Txox denboraldiaren irekiera ospatzeko norbait omenduko dugu eta aurten Miguel Alzaga gonbidatu dugu gurera, pelotaria eta trinkete munduan ibilitakoa. Omenaldiaren ondoren, txotxa ireki eta trikitixa eta bertsolariekin festa izango dugu. San Antonetik bueltan etorri nahi duenak bertan festa topatuko du.

Giro polita sortzen da egun horretan Ola inguruan?
Bai, betidanik erromeri antzeko zerbait antolatzeko ohitura izan dugu eta oraindik mantentzen saiatzen gara. San Antonetik bueltan datorren jende asko pasatzen da hemendik.

Oraindik igandean bertan bazkaltzeko toki libre asko dauzkazue?
Gehiena beteta dago, jendea oso goiz mugitzen da egun horretan tokia izango duela ziurtatzeko.

Zein ezaugarri ditu aurtengo sagardoak?
Mehe xamarra da, beraz, gutxiago mozkortuko gara aurtengo sagardoarekin, izan ere, alkohol graduazio baxuagoa du eta. Sagardo sendoak eta gorputzekoak onak izan arren, aurtengo sagardoa disfrutatzea errazagoa izango dela uste dut.

Eguraldiak sagarren ekoizpenean lagundu du?
Bai, nahiz eta nahiko arraroa izan den. Udaberria oso goiz etorri zen, udara erdipurdika eta udazkena, hala nola, moldatu zen. Kantitate asko izan dugu eta egia da horrelakoetan gorputza murriztu egiten da.

Hortaz, sagar asko bildu dituzue ezta?
Bai, asko, etxean barrik 200 toneladatik gora, guztira, 250 tonelada.

Noiz hasi zineten sagarrak biltzen?
Irailaren 16an sagarrak biltzen hasi ginen eta bi hilabete pasa eman genituen sagarrak biltzen. Gustora ibili naiz, baina, aurten luzea izan da.

Sagardoaz gainera, sagardotegiko menua osatzen duten osagaien kalitatea ere garrantzitsua da?
Bai, horregatik haragiaren kasuan adibidez, inguruko haragia hautatzen ahalegintzen naiz. Aurtengo nobedadea txingarra gora eta behera mugitzen duen parrila berriaren estreinaldia izango da. Sagardotegitik leiho bat ireki dut jendeak txuleta nola erretzen den ikusteko aukera izan dezan. Aspalditik nuen ilusioa nuen eta oso funtzionala izango dela uste dut.

Denboraldia zehar zein izaten da sagardotegira jende gehien hurbiltzen den garaia?
Eguraldiaren arabera, jendea gehiago edo gutxiago hurbiltzen da larunbat eta igande eguerditan. Gauetan, aldiz, otsaila erdialdekoak izaten dira denboraldiko egunik jendetsuenak.

Zein gomendio emango zenituzke sagardo denboraldiaz gozatzeko?
Jendea Olara etortzera gonbidatzen dut, sagardoa edan eta dastatzera. Presarik gabe, zapore desberdinak probatzeko aukera izan dezaten kupel batetik eta bestetik. Batez ere, ondo pasatzea, baino, gehiegi pasatu gabe.

Noiz arte luzatuko duzue 2020 denboraldia?
Maiatzeko azken larunbatean amaituko dugu aurtengo denboraldia urtero bezela. Horretarako, kantaldi bat antolatuko dugu eta bertsolari eta trikitilariak izango ditugu berriro gurekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude