Urte berria, Oiasso Museoko ikastaro berria!

Argazkiaren iturria: File:Villa of the Mysteries (Pompeii) – frescos 02.jpg – Wikimedia Commons

Irakurle agurgarriak, kaixo!

Leire Lizarzategui naiz, historia doktorea eta Oiasso Museoko kurtsoen irakasle berria. Museoak, Iruneko historia eta ondarearekin duen konpromisoa medio, hainbat ekintza prestatzen ditu urtero arkeologia eta historia esparruetan egiten diren aurrerapen esanguratsuenak publiko zabalari modu atsegin eta disfrutagarrian eskaintzeko.

Hala, seihileko bakoitzean bezala, ikastaro berri bat proposatzen dizuegu: Domusetik Forura. Erromatarren eguneroko bizitza  esperientzia femeninoen ikuspuntutik. Klaseak astean behin izango dira, baina, guztion aukeretara moldatzeko, bi talde osatuko ditugu: bat astearte arratsaldetan (18.00etatik 19.00etara) eta bestea ostegun goizetan (11.00etatik 12.00etara). Bi taldeak gaztelaniaz izango dira, eta klaseak otsailaren 28ko astean hasi eta maiatzaren 30ekoan amaituko dira.

Behean ikus dezakezuen irudia Pompeyako fresko erromatar bat da. Misterioen Villa deiturikoan aurkitu zen, eta bertan hainbat pertsonaia femenino ikusten ditugu ekintza ezberdinak burutuz: batek haur bati irakurtzen irakasten dio, esklaboek jana zerbitzatu eta beste emakume batzuk apaintzen dituzte, beste batek negarrez dagoen bat kontsolatzen du… Irudi aparta da erromatar garaiko emakumeen bizitzak zein askotarikoak izan ahal ziren ulertzeko.

Zeuek ere irakurriko zenuten agian emakume erromatarren lana etxearen zaintza eta artilearen lanketan oinarritutako ideal domestikora mugatzen zela. Alabaina asko eta asko dira erromatar garaiko iturrietan ideal horretatik urruntzen diren emakumeak. Gainera, teoria tradizional honek goi mailako emakumeak baino ez ditu hartzen kontuan. Herri xeheko emakumeek zein esklaboek, etxeko ardura horiez gain, etxetik kanpoko beste lan batzuk ere bete behar zituzten beren biziraupenerako.

Kontraesan honek hainbat ikerketa sustatu ditu azken hamarkadetan ideal horren atzean zegoen errealitatea aurkitzeko. Hala, ikerketa berrienek ez dute ukatzen rol domestiko horren garrantzia, baina erromatar gizarteko emakumeen ikuspegi errealistagoa eskaintzeko baliagarriak suertatu diren hainbat ñabardura eta detaile proposatu dituzte.

Ikastaro honen helburua erromatar munduko bizimoduaren azalpen eguneratu bat aurkeztea izango da, testuinguru horretan bizitako emakumeei arreta berezia jarriz. Hartara, astero erromatar garaiko emakume bat ezagutuko dugu, zeinahi jatorri zein maila sozialekoa, eta haien esperientzien bidez eguneroko bizitzako hainbat egoeratan murgilduko gara.

Lehen klasean Klaudia ezagutuko dugu, K.a. II. mendean bizitako andre erromatarra. Bere adibidearen bidez aipatutako ideal horren ezaugarriak zehaztuko ditugu: zeintzuk ziren matrona batek domus barruan burutzen zituen benetako ekintzak? Hainbat iturrik erakutsiko digute umeen hezkuntza, oihalen prestaketa eta etxearen zaintzaz gain goi mailako emakumeek etxean bertan hiriko politikarekin estuki loturiko ekintzak ere burutzen zituztela.

Beste andre askoren artean Terentzia, Zizeron hizlari ospetsuaren emaztea ere ezagutuko dugu. Aberastasun handiko emakumea izan zen, eta Zizeronen gutun pribatuek erakusten digute bere independentzia ekonomiko hori berebizikoa izan zela senarraren erbesteratze garaian familia mantentzeko ere. Alabaina, gutun hauen irakurketa berrienek adierazi digute familiaren interesak defendatzeko helburu horretan Terentziak zenbait proiektu ilun ere hartu zituela. Honek aukera bikaina emango digu erromatar garaiko ustelkeriaz hitz egiteko, eta garai hartako aberastasun handi asko suteak eta goseteak eraginez sortu zirela ikusiko dugu.

Gaitegi osoa laster zabalduko dugun inskripzio orrian aurki dezakezue. Bertan 12 aste horietan ezagutuko ditugun 12 emakumeen izenak eta haien bizimoduarekin loturiko gaiak datoz adierazita. Gainera, asteroko klaseak amaitu ostean ikusitako gaiarekin lotutako dossier bat bidaliko dizuegu museotik, interesgarriak suertatu ahal zaizkizuen irudi, mapa eta irakurketa zein dokumentalen gomendioekin.

Otsailaren 6an hasten da inskripzio epea,

Animo eta apuntatu zaitezte!

Leire Lizarzategui

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude