Urte bisustua: Bis sextus dies ante Kalendas Martias

Julio Zesarren aurretik, ez zen bisurterik ezagutzen erromatar munduan. Hau ezarri arte, gorabehera asko zeuden egutegian, hilabeteak gehitu beharrez urte batzuetako ordena berreskuratzeko. Egutegi berri honi “Juliano“-a deitu zitzaion, baina nori okurritu zitzaion ordea? Juliori, noski. Zesar Egipton egon ondoren miresmenez beterik bueltatu zen. Egiptoren aurrerakuntza astronomikoak eta haien egutegiaren zehaztasunak agerian utzi zituen erromatarrek erabiltzen zuten egutegiaren gabeziak. Julio Zesarrek hori konpondu nahian, k.a. 46 urtean Alejandriako astronomo, matematikari eta filosofo Sosigenesi enkargua egin zion: erromatar egutegiaren denboraren desoreka konpontzea.

Orduztik aurrera, egutegi julianoaren erabilerarekin 365 eguneko urte bakoitzeko 5 ordu, 48 minutu eta 10 segundoko denbora pilatzen zen, lau urtero egun bat gehitu behar izanez, desoreka konpentsatzeko. Epe luzean denbora pilaketa handitzen zen eta sortzen zuen desoreka horrek konponbide bat behar zuen. Horri aurre egiteko, k.a. 46. urtean historiako lehen urte bisustua ezarri zen. Urte horrek beste “record” bat ere apurtu zuen, hain zuzen ere historiako urterik luzeena izatea, 445 egunekin. Ez da harritzekoa urte hari “nahasmenaren azken urtea” deitu izana. Moldaketa hauek konpentsazio bat izan ziren, aurreko garaietatik pilaturiko desorekari aurre egiteko.

1582 urtera arte egutegi Julianoa erabili zen Europako erromatar inperioaren parte izandako probintzietan zein honegatik eragina jasan izandakoetan. Aita Santu Katolikoak, Gregorio XIII.ak, egutegi “gregorianoa” proposatu zuen 1582an, Trentoko kontzilioan onarturik eta Salamankako unibertsitateko adituek ikasitakoak aplikatuz. Urte horretan, aurreko desoreka konpontzeko asmoz, hamar egun kendu ziren, honela Pazko-egunak Bibliaren datekin kointziditzeko ospakizunetan. Lehenik hegoaldeko Europar monarkia katolikoetan hartu zuten egutegi berria eta bi mende geroago herrialde protestanteetan ere hasi ziren egutegi hau erabiltzen.

Aurtengo urtea bisustua dugu. Gizarte batzuetan urte hau zoritxarrekoa izaten omen da. Eskoziarrentzat otsailaren 29a, oso egun zorigaitzekoa izaten omen da. Seguruenik erromatar garaian otsaila hildakoen hilabetea izaten zelako, eta tenpluen ateak itxi egiten ziren, eta ez zen ezkontzarik ospatzen, eta horregatik zabalduko zen sinesmen hori. Hala ere, badira beste gizarte eta ohitura batzuk bisurtea zorte onari lotzen diotenak.

Zalantzarik gabe urte berezia da, edo kategoria hori eman nahi diogu. Duela lau urte, Covid-aren pandemia munduan barrena zabaldu izanaren urtea izan bazen ere, aurtengo urte bisustua guretzat oso ona izango denaren irudipena daukagu. Eta Oiasso Museoak aurten dituen erronkei gogoz aurre egingo diegu. “Emakume Arkeologoak Gipuzkoan” erakusketak ikusgai jarraituko du. Eta erakusketa berriak ere prestatzen ari gara. Termen musealizazioko lanak oso martxa onean doaz aurrera, FICAB zinema arkeologikoko jaialdiaren deialdia zabaldu da otsailean, eta gure asmoa… Dies Oiassonis festan herritarren parte hartzea indartzea da. Oiasso Museoan aurten ere antolatu ditugu antzerki tailerrak, non antzerki klasikoa lantzen den, eta bereziki greziar eta erromatar antzerkia, datorren uztailean aurten ere, lan horren emaitzaz gozatu ahal izateko.

Eta Navigium-eko desfilean, Isis jainkosaren omenez ospatzen den desfilean, aurten marka guztiak hautsi nahi ditugu, eta ahalik eta jende gehienak parte har dezala, erromatar erara jantzita, adin guztietako hiritarrak gonbidatu nahi ditugu. Hori dugu helburu, elkarteei deialdi zabala egin, baina, era berean, beste kolektibo batzuk ere gureganatu nahi ditugu, eta baita ikastetxeetako guraso taldeek seme-alabekin desfilean parte har dezatela, edota gazte koadrilak erromatarrez mozorrotuta, edota kirol elkarteak, etab… gure asmoa denok, bai parte-hartzaileok eta baita bisitariek ondo pasako dugun festa handi eta zabala egitea da. Eta jakin badakigu gainera bisurte honi leporatzen zaizkion “augure” txar guztiak Isis jainkosak uxatuko dizkigula.

Eta Dies Oiassonisa eta Naviguium desfilea uztailean ospatzen bada ere, gu jada horretan hasi gara lanean, eta parte hartu nahi duzuen guztiok ateak zabalik dituzue, beraz, bidali zuen izenak edota proposamenak email honetara: info-oiassomuseo@irun.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude