Urtebete pandemiak irundarren ohiko bizimodua eten zuenetik

Urtebete igaro da Covid-19ak eragindako pandemiak irundarren bizitzak hankaz gora jarri zituenetik. Izan ere, 2020ko martxoko erdialdean ohiko bizi-erritmoa guztiz eten eta pandemiaren zabalpena ekiditeko neurriak hartzeko beharra ikusi zen. Honela, oraindik birusa guztiz menperatu ez denean, urte bat pasa da pandemia geldiarazteko lehen neurriak hartu zirenetik.

Asko dira urte oso baten laburpena egiteko kontuan hartu beharreko gertakari, erabaki eta faktoreak. Covid-19ak Irunen izandako bilakaera azaltzeko urtebete atzera egin eta 2020ko martxoko erdialdean kokatzea ezinbestekoa da, nahiz eta pandemiaren hedapena hilabete batzuk lehenago hasi zen mundu mailan. Zehazki, martxoaren 13an hartu ziren Irunen pandemiaren zabalpena ekiditeko lehen neurriak, besteak beste, udal instalazio guztien itxiera agindu edo elkarteei jende metaketak saihestea aholkatuz. Martxoaren 14ean, berriz, lehen Covid-19 kasu positiboa.

Martxoaren 15eko gauerdian estatu mailan, berriz, Alarma Egoera indarrean sartu zen. Espainiako Ministro Kontseiluan onartutako dekretuaren arabera, herritarren etxeratzea. Dekretuarekin batera, hiritarren zirkulazio askatasuna mugatzen zuen neurri zerrenda luzea argitaratu zen, jarduera oinarrizko zerbitzuetara mugatzeaz gainera. Hasiera batean Alarma Egoera indarrean sartu eta hurrengo 15 egunetarako ezarri zen, geroago ikusi zenez, luzapen baten atzetik beste bat etorri zen, etxeratzea ia bi hilabetez luzatuz.

Lehen Alarma Egoeraren bilakaera
Etxean igarotako bi hilabete horietan zehar kalera ateratzeko aukerak guztiz mugaturik egon ziren, janaria edo sendagaiak erosi, menpekotasuna duten pertsonak zaindu eta lantegiak itxi ez ziren bi asteetan zehar lanera joateko. Apirilaren amaiera amesgaiztoaren amaiera ikusten zela zirudien, konkretuki, apirilaren 26ean haurrek kalera itzultzeko aukera izan baitzuten. Gainontzeko biztanleek, berriz, maiatzaren 11ra arte itxaron behar izan zuten konfinamendua arintzeko 1. fasea hasi eta kalera itzultzeko.

Pandemia aurreko bizimodua berreskuratzeko fase desberdin horietan Irungo Udalak Irun Aurrera planaren barnean hartutako neurriak ezinbestekoak izan ziren. Ostalaritzaren itxialdiak lagundu eta bertako ostalari, merkatari eta artistak babesteko laguntza ezberdinak eskaini ziren.

Pandemiaren aurreko bizitza berreskuratzeko konfinamenduaren arinketa modu progresiboan egin zen. Hain zuzen ere, lehen fase horren barruan kalera itzultzeko ordutegi zehatzak markatu ziren, irteerak gehienez binaka egin zitezen eta jende pilaketak saihesteko. Gainera, hasieran irteerak soilik etxetik kilometro bateko distantzian egin zitezkeen, egunean ordu batez.

Etorkizunerako ospakizunak
Konfinamendua arintzeko fase desberdinetatik igaro eta murriztapen neurriak pixkanaka malgutu ziren, ekainaren 19an Euskadik hirugarren fasea gainditu eta Alarma Egoeratik atera zen arte. Alarma Egoeraren amaieraz gainera, ekaina hilabete berezia izan zen irundarrentzat. Izan ere, Lehen Mundu Gerra eta Gerra Zibilaz geroztik lehengo aldiz ekaina amaieran hiriko kaleak alaitu eta kolore zuri, gorri eta beltzez janzten dituzten San Pedro eta San Martzial jaien ospakizuna bertan behera gelditu zen. 2020an ez zen ez Alarde Tradizional ez Alarde Publikoaren desfilerik izan eta jaien egitaraua osatu ohi duten ekintza ohiko gehienak bertan behera gelditu ziren. Neurri bereziekin jaien barnean aurrera atera ziren ekitaldietako batzuk San Juan zuhaitzaren kokapena edo ekainaren 30eko goizean San Martzial mendian udal korporazioak botoa betetzeko ekitaldiak izan ziren.

San Pedro eta San Martzial jaiez gainera, asko dira 2020. urtean zehar hirian bertan behera gelditu ziren jai edo ospakizun ekitaldiak. Horien artean, irundarrentzat esanahi berezia dute apirilaren 25eko Opila eguna, San Juan bezpera, Irungo auzo desberdinetako jaiak, Euskal Jira, … Ekitaldi guzti horietan multimedia edukiek presentzia berezia izan zuten, modu ezohikoan bada ere, bideo eta argazkienn bitartez data bereziak oharkabean pasa ez zitezen.

Gabonetatik gaur egun arte
Aurretik aipatutako ospakizun guztiekin gertatu bezala, 2020. urteko Gabonak benetan ezohikoak izan ziren. Urteko azken eta urteberriko lehenengo egun horietan orain arte ezinbestekoak ziren bazkari, afari eta lagun zein familien arteko bilerak bideo-dei eta hurbileko senideek osatutako talde txikietan egindako ospakizunengatik aldatu behar izan ziren. Ondorioz, Santo Tomas eguna, Olentzero eta Errege Magoen bisitarekin eta Eguberrien inguruan hirian antolatu ohi diren ekitaldiak bertan behera gelditu eta horiek formatu telematikoan ospatu ziren.

Ez dago ahaztu beharrik lehenengo udara eta ondoren Gabonak “salbatzeko” neurrien ariketaren ostean, Irunen, Gipuzkoa osoan eta, oro har, estatu osoan Covid-19 kasu positiboen sekulako gorakada eragin zituela. Zehazki, irundarrek Euskadin 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatua eta pandemiaren bilakaera neurtzen dituen semaforoari begira agurtu zuen 2020. urtea, 2021. urteko lehen hilabeteetan zehar egunero Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen txosten epidemiologikoak ekar ditzakeen berri onen esperoan. Konkretuki, otsailaren 16an Irun eremu gorritik ateratzea lortu zuen eta egun 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatua hirian 100 azpitik dago, hau da, semaforoak horiz markatutako eremuan.

2021eko egutegian berriro martxoaren 15a ikusi eta urtebete atzera eginda azken 12 hilabeteetan hiria eta irundarren bizimodua noraino aldatu den deskribatzea ia ezinezkoa da. Asko dira azken urtean zehar gertatutakoak eta zaila da gertakari, sentimendu eta jasandako kalte eta galera guzti horiek orrialde bakar batean laburbiltzea. Pandemiaren hasierarekin Irunero aldizkariak uneoro hiritarrak informatzeko konpromisoa hartu zuen eta, urte baten ostean, konpromiso horri tinko eusten dio, inoiz amesgaizto honen benetako amaiera kontatzeko esperantzarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude