Bost gipuzkoarretik hiruk erakustazoka ezagutzen du.
Erakustazokaren inpaktu ekonomiko eta soziala aztertu du LKS aholkularitza enpresak, Ficobako gerentziak eskatuta. Duela hamar urte egin zuten ikerketa, azken aldiz, eta aurten bildutako datuek agerian utzi dute Ficobaren garapena. LKSren datuen arabera, erakustazokaren inpaktu ekonomikoa zazpi aldiz biderkatu da, eta lau aldiz, sortutako enpleguen kopurua. Inpaktu sozialari dagokionez, Ficobaren inguruko ezagutzak eta iritziek hobera egin dute, hamarkada honetan.
Erakunde publikoek bultzatutako proiektua izan da Ficoba, 2.000 hamarkadaren hasieran eraiki zenetik. Diru-laguntza publikoak jaso zituen orduan, eta jasotzen ditu, gaur egun. “Horregatik, bidezkoa da jakitea inbertsio horien fruituak zeintzuk diren”, argudiatu du Ander Sarratea Ficobako gerenteak. LKS aholkularitza enpresari eman diote ikerketa egiteko enkargua.
“Bidezkoa da jakitea inbertsioen fruituak zeintzuk diren”
Ander Sarratea, Ficobako gerentea
Iñaki Elzaurdi LKSko arduradunak azaldu du zer nolako metodologia erabili duten. “Ekarpen ekonomikoa neurtzeko, halako ikerketetan zabaldua eta egiaztatua dagoen metodologia klasikoa erabili dugu: fluxu ekonomikoak identifikatzea eta epe zehatz bateko inpaktuak kuantifikatzeko, input-output taulak aplikatzea”. Horretarako, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Aplikatua saileko katedradunek eta doktoreek osatzen duten CEPREDE Iragarpen Ekonomikoen Zentroaren laguntza jaso dute.
Atera duten ondorio nagusia da Ficobak 34 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortzen duela, zuzenekoa eta zeharkakoa kontuan hartuta. Horietatik 28 milioi, EAEn. Hots, Barne Produktu Gordinaren %0,02. Bestalde, LKSren arabera, 222 enplegu sortzen ditu Ficobak urtero, zeharkakoak kontuan hartuta, beti ere. Gainera, lau milioi eta erdiko zerga-bilketa eragiten du EAEn. Horiek horrela, 2007ko datuekin alderatuta, zazpi aldiz handiagoa da BPGaren gaineko inpaktuaren balioa, eta lau aldiz handiagoa, sortutako enpleguen kopurua.
Ficobako jardueren eta bisitarien kopuruei erreparatuta ere, agerikoa da erakustazokak hamar urteko epean izan duen bilakaera. 2006an 81 ekitaldi egon ziren Ficoban, eta 76.357 bisitari gerturatu ziren horietara. 2016an, 247 izan dira jarduerak, eta 138.670, bisitariak. Guztira, 2003an ateak zabaldu zituenetik, 1.450.000 bisitari jaso ditu Ficobak.
Eragin sozialaren bilakaera
Ficobaren inpaktu soziala aztertzeko, 300 telefono-galdeketa egin dituzte, Gipuzkoa osoan. Elkarrizketatutako bost pertsonetatik hiruk, Ficoba ezagutzen duela baieztatu du (%63,2). Iñaki Elzaurdik nabarmendu du Donostiako Kursaalaren inguruko inkestan, galdera berdinari %70,7k eman ziola baiezko erantzuna. Aldea txikia da, beraz. Elkarrizketatutakoen %76k badaki erakustazoka Irunen dagoela, eta horietatik %51k, Ficobako jardueraren batean parte hartu du noizbait.